"Musikak ez du iraultzarik egingo, baina iraultzen bidelagun izatea dagokigu musikarioi"

  • Joan den udan egindako Europako Biran ezagutu genuen Sara Hebe rapeatzaile patagoniarra, zenbait adituren arabera Argentinako rapeatzaile onena dena. Berandu baino lehen Euskal Herrira itzuliko zela agindu zuen eta bere hitza betez, Gasteizko Gaztetxean eta Bilboko Hikateneoan ikusi ahal izan dugu azken asteotan. Chubut probintzian jaioa, begi berde argiak berau populatu zuten galestarrenak dituela dio; Mediterraneoko arbasoena berriz, azal beltzarana. Erresistentzia lurralde bezala deskribatzen duen hegoalde horri zor dio bere mundu ikuskera eta “bere testua”. Elkarrizketa egiteko proposamena luzatu eta agudo heldu dio gonbidapenari: “Galdetua izatea luxu bat da, erantzunen inguruan pentsatzeko aukera eskaintzen baitizu”. Musikaz eta musika ez denaz, galdetu diogu beraz.

Sara Hebe rapeatzaile argentinarra birritan izan dugu aurten Euskal Herrian. Kontzertu eta kontzertu artean, bidaiez gozatzea maite du. Zumaian igarotako hiru egunetako oporraldian egin genion elkarrizketa.
Sara Hebe rapeatzaile argentinarra birritan izan dugu aurten Euskal Herrian. Kontzertu eta kontzertu artean, bidaiez gozatzea maite du. Zumaian igarotako hiru egunetako oporraldian egin genion elkarrizketa. Mikel Garcia Idiakez
Sara Hebe. Trelew, Chubut (1983)

Palo asko ukitzen ditu eta ez zaio rapaz hitz egitea hainbeste gustatzen. Bere hiru lanak horren erakusle dira: La hija del Loco (2009) Argentinako hip hop eszenako ekoizleen oinarri originalak ardatz dituen lana; Puentera (2012), reaggea, cumbia eta dancehall-a nahasten dituena; eta Colectivo Vacío bere azken lana (2015), non punk rocka, funk karioka eta cumbia uztartzen dituen.

Nola hasi zinen rapeatzen?

Antzerkia eta dantza ikasten ari nintzen Buenos Airesen, Norman Briski aktore, dramaturgo eta idazle ezagunarekin. Antzerki herrikoia eta politikoa egin izan du beti, erresistentziari lotutakoa, mugimendu sozial ezkertiar eta antikapitalistei guztiz atxikia. Bere eskola izan da nirea. Lantoki baten berreskurapenaren inguruko antzerkia prestatzen genbiltzan. Aurreko hamarkadan Argentinan gertatutako corralitoaren krisi garaian asko zabaldu zen fenomenoa izan zen hau. Patronalak fabrika asko hustu eta itxi zituen, baina langileek lantoki horiek berreskuratu eta ekoizpen sistemak kooperatizatu zituzten.

Antzerkian hori kontatzen genuen eta langileek ere parte hartu zuten. Bukaeran bada abesti bat, Gure lantegiaren ereserkia oso melodikoa izan arren errima ere baduena. Eta ni kontu honekin bueltaka nenbilenez, Normanek bota zidan ea zergatik ez nintzen errima horien rapeatzera animatzen. Oinarri batzuk deskargatu nituen internetetik eta testua horren gainean josten hasi nintzen. Orduan ekin nion “nire testua” idazteari.

Metrika eta lirika zorrotzarekin, gordin eta poetikoki egindako kritika soziala da zure hitzen ardatza. Letra zuzenak eta kokatuak.

Rapa horrexegatik gustatu izan zait beti, aurrez-aurreko diskurtsoa duelako, salaketa eta iritzia emateko plataforma gisa erabili izan delako hasieratik. Gertatzen ari diren hainbeste gauza komunikatu eta ikusarazteko modu oso on bat da.

Bat kokatu egiten da beti. Aukeratu egiten dugu nondik dihardugun, nondik sortzen eta esaten dugun. Ana Tijoux rapeatzaile txiletarrak dioen bezala, musikak ez du iraultzarik egingo, denon artean egin beharko dugu. Baina musikari eta artistoi iraultza ezberdinen bidelagun izatea dagokigu, iraultza horiekin bat egitea beren aniztasun eta adierazpen guztietan.

Udako Europako biran bakarrik etorri zinen, zure ohiko kidea den Ramiro Jota gabe. Bakarrik edo elkarrekin, baina eskenatoki osoa betetzen.

Gorputz asko jartzen dut bai, gorputzarekin abestea gustatzen zait, ez letrarekin bakarrik. Mugitzea, dantzatzea… horrela irteten zait. Gozatzen dut formatu txikian, baina oro har, nahiago izaten dut eskenatoki handietan bolumen altuan abestea. Elkarrekin soinu itzela lortu dugu taldean, oso gogorra, rockeroagoa agian, punkagoa.. Puentera gure azken lanak ondo deskribatzen gaitu biok. Palo cumbiero-tik gatoz, rocka eta hip hop-a atsegin ditugu. Batzuetan galdetzen didate ea nola definituko nukeen nire musika eta nik diot, ez nukeela definituko. Definitzea eta tipifikatzea kartzela antzeko bat dira.

Irakurria dizut, bidaiatzeko sortzen duzula eta sortzeko bidaiatzen.

Haurra nintzenetik horixe eskatzen nuen, “bidaiatu nahi dut, bidaiatu nahi dut”, eta amak, etorriko zenaren jakitun edo, esaten zidan: “Lasai, bidaiatuko duzu eta!” Eta begira orain. Lortu dut momentu honetan musikaz bizitzea eta horri esker, asko bidaiatzea. Iaztik manager baten laguntza daukat eta ekoiztetxe txiki batekin egiten dut lan. Antolatzen laguntzen didate, eta egia esan kostatzen zait, ze orain arte dena nik egin dut. Nire ahotsa zegoen. Bitartekoak egoteak zailtzen ditu gauza batzuk, baina era berean, diskoak egin eta abestea da nire lana.

Asko al zarete Argentinan emakume rapeatzaileak?

Rapak jarraitzaile asko ditu. Eremu publiko denetan bezala mutil gehiago dabil, baina gero eta gehiago gara emakumeak. Erreferente garrantzitsu batzuk baditugu, 90. hamarkadan ezagun egin zen Actitud Maria Marta adibidez. Izendaezinak (Sarak ez du Carlos Medem Argentinako lehendakari ohiaren izena inoiz esaten, zorte txarra dakarrela baitio) diktadura militarreko errudunak indultatu zituen garaian, oso ezaguna egin zen letra antifaxista eta konprometituengatik. Desagertuen Hijos elkartearekin eskuz esku aritu zen. Bera eta beste askori esker, egun rap kultura handia dago Argentinan. Batez ere hegoaldean, nire jatorrian. Han inon baino gehiago entzun eta egiten dela esango nuke.

Zeri erantzuten dio horrek?

Argentinan badugu nortasun arraro bat, jatorrizko herrien sarraskiaren inguruan forma hartzen duena. Hainbeste herri, kultura eta hizkuntza suntsitzen garatu den identitate bat. Badago zerbait kulpogenoa hor, argentinarrongan. Suposatzen dut horri erantzuten diola.

Hegoaldearen kasuan, klima sozial oldarkor bat ere gehitzen zaio horri. Hain urruti dago, ezen inoiz ez dakizun zer gertatzen den bertan. Indarkeria polizial handia dago, ustelkeria eta nagusikeria itzela. Maputxeen lurrak sistematikoki lapurtuak izan dira, gobernuaren zein enpresa handien gehiegikeriak jasaten dituzte etengabe. Patagonia baliabide natural asko dituen lurraldea da eta enpresa handien esku geratzen ari da,  Benetton multinazionala kasu. Baina Patagonia erresistentzia lurraldea ere bada, jende antolatuarena, mugimenduena… Hegoaldeak izaera erresistentea du, herri borrokalaria da. Suposatzen dut bertako jendearen adierazpen kulturaletan ere igarriko dela hori.

Palo cumbierotik zatozela diozu. Erritmo horien inguruan hedatu den dantza moduak misoginiatik baduela aipatu didazu.
Bai, baina iruditzen zait gauza batzuk desmoralizatu egin behar direla, generoa kendu behar zaiela, adibidez, perreoa edo twerkingari, eta esan: ni nahi dudan tokian kokatzen naiz, gura dudan rolean, hemen edo bestean, heteroaraua baztertuz. Baina ez pentsa, kostatzen zait batzuetan twerking feministaren hau ondo ulertzea. Gorputz adierazpena trantzean egoteko bide bezala ulertzen dut, ez dut gustuko estetikari eta azalekotasunari erantzuten dionean. Dantzan ari naizenean bost axola dit zein logikari erantzuten diodan, baina interesgarria iruditzen zait estetikatik irten eta gauzak modu primitiboagoan bizitzearen ideia. Mugimendu horiek denak urbanizatutako dantza afrikarrak direla ez dugu ahaztu behar.

Nola ikusten duzu borroka feminista zuenean?  

Urte hauetan egindako bideari esker feminismoaren borroka oso aktibo eta indartsu dago Argentinan. Ni una menos (Ezta bat gutxiago ere) martxak indarra hartu du. 200.000 pertsonatik gorako manifestazioetan irten gara kalera. Erailketa matxisten kopurua itzela bada Europan, imajinatu gurean, Latinoamerikan. Zazpi orduan behin Mexikon emakume bat erailtzen dute; Argentinan 30 orduan behin dela uste dut. Mugimenduak indarra hartu du eta orain, misogino eta matxistena ere agertzen da “Ezta bat gutxiago ere” dioen kartelarekin. Hori ere gertatzen da eta protesta banalizatzeko arriskua egon daiteke, baina kalera irteten jarraitu beharra dago.

Azken hamarkadatan ezkerreko bloke bat sortzeko saiakera garrantzitsua egon da Latinoamerikan, baina hau geldotzerakoan, eskumak aurrea hartu du. Feminismoarekin ere antzeko zerbait gertatzen dela uste dut. Inoiz baino ozenago eta antolatuago ari garen honetan, bai gurean bai mundu mailan, kontra-ofentsiba ere izugarria da.

Uztailean estreinatu zen El Marginal Argentinako telebista publikoan. Zure ahotsak zabaltzen du telesaila.

El Marginal single hau kartzelari buruzko izen bereko telesailerako eskatu zidaten ekoizleek, nobelaren gortina gisa. Ramiro Jota eta Flor Linyerarekin batera egin nuen. Flor (Cumbia Queers taldeko kide eta teklista) espezialista da cumbian eta abesti honetako erritmoek cumbia villera, Argentinako auzo txiroetako erritmo modua dute oinarri. Hitzekin ere gustura geratu nintzen.

Giltzaperatua egoteaz, espetxeratzeaz, kartzelaz eta askatasunaren prezioaz kantatzen dut.

Letra unibertsala da eta munduko lau hegaletako errealitateak deskribatzeko balio dezake. Hemen ere ezagun duzue hori. Tristea eta beldurgarria iruditzen zait euskal preso politikoen egoera, Ginebran dagoen Nekane Txapartegirena kasu. Faxismo europarrarena itzela da… Latinoamerikan ere bide beretik goaz, edozein altxamendu herritar zein sozial oztopatzen ari dira. Zorionez, borrokan alaitasunarekin ari garen sorgin eta aztiak asko garela uste dut. Zer egingo diogu bada! Horrelakoa da erresistentzia.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Musika
2024-04-21 | Iker Barandiaran
Amorrazioa, jarrera eta kantuak

Madrilgo queer mugimenduan kokatzen nuen taldea, eta orain gutxi bere esentzian –zuzenekoan– ezagutzeko aukera izan nuen. Orduan jakin nuen Argentinan jaio baina gaztetan Madrilera joandako Belenek (ahotsa eta gitarra) sortu zuela taldea, eta Mariarekin (bateria eta... [+]


2024-04-14 | Iker Barandiaran
Errekak ez du planeatzen

Garai batean, buruz genekizkien The Dark Knight filmeko Jokerren esaldi guztiak, “kaosaren agentea” zenez gero. Horrelakorik zuen, esaterako, bere jokabidea azaltzeko: “Plan bat duen tipo bat al dirudit? Badakizu zer naizen? Autoen atzetik korrika doan txakur... [+]


2024-03-24 | ARGIA
Korrika: 23 edizioetako kanten bilduma

43 urte igaro dira AEK-k lehenengo Korrika antolatu zuenetik 1980an. Lekukoak egindako ibilbideen, leloen, abestien eta omendutako pertsonen errepasoa jarraian.


Eguneraketa berriak daude