Tolosako Bonberenea etxean 2012 eta 2015 urteen artean izandako hainbat kontzertutako grabazioak biltzen dira Eclair izenburua duen DVD bilduman. Talde hauek ikus daitezke Bonberenean jendaurrean jotzen: Anestesia, Estricalla, Manolo Kabezabolo, No More Lies, Betunizer, Bullet Proof Lovers, Capsula, Atom Rhumba, Belako, El Columpio Asesino, Kashbad, Governors, Anger, Humus, Glaukoma, Nueva Vulcano, Dinero, Minor Empires, Viva Belgrado eta Bonberenea Txaranga.
Hogei talde dira orotara. Estilo eta mota ugaritako taldeak, hemengoak eta hangoak. Soinua eta irudiak oso onak dira, kalitate handikoak, eta ederki erakusten dute taldeek egiten dutena, beren nortasuna eta mezua. Kontzertu horietan izandakoei orduko oroitzapen gozoak berriz ere bizitzeko parada eskaintzen die Eclair bildumak, eta egon ez direnei une horiez gozatzeko.
Bonbereneak duela hamar urte kaleratu zuen Bonberenea Suffle izenburuko DVDa, eta lan horrek Bonberenean ordura arte izandako zenbait kontzertutako irudiak biltzen ditu, jaki ederrak. Eclair lanean Bonbereneako sukaldean prestatutako beste jaki ahogozagarri batzuk dasta daitezke, osagai ugariren bidez prestatutako pasteltxo gozoak, musikazaleek atsegin handiz dastatuko dituztenak.
Bonberenea 1997ko abenduaren 5ean okupatu zuten, beraz aurki hogei urte beteko ditu, hurrengo urtean hain zuzen, eta sasoiko dago. Aurrera jarraitzen du, autogestioaren bidetik, oztopoak gainditzen, berritzen etengabe, eta ideia eta proiektu ugarirekin.
Eclair
Bonberenea Ekintzak
DVD, 2016