"Bisitariek dirua dakartela diote, eta ostalaritzan onerako nabari dela; enpresa pribatuak dira, ordea"


2016ko urriaren 30an
"Futbolean, saskibaloian eta oro har kirolean ikusten den eman-hartu zikinaren aurkako borrokaren abangoardian zaleak baino ez gaude".

Baskonia eta Alaves dira Araban erreferentzia. Laguntza publiko ugari jaso dute urtetan...

Hala da. Alavesen kasuan, Diputazioak eta Udalak salbatu zuten hein batean taldea; eta Baskoniak ere diru-laguntza ugari jaso du,  esaterako, 30 milioi euro inguru pabilioia handitzeko. Horri gehitu behar zaio ElDiario.es-ek plazaratutako informazioa, Diputazioak barkatutako zorrari buruzkoa. Dena den, ez da Araban soilik gertatzen, praktika sistematikoa da Euskal Herrian.

Euskal Herrian oro har eta Araban zehazki, diru-laguntzen inguruko auziak sortzen al du nahikoa eztabaidarik, bai politikarien artean, bai gizarteko gainerako esparruetan? Zale moduan zein iritzi duzu zuk?

Elkarte anonimoek jaso ohi dituzten laguntzak diren heinean, auziak eztabaida pizten du. Diru kopuru handiak dira gainera, behar larriagoak asetzera bideratu beharko liratekeenak.

Maila politikoan, tamalez, alderdiek ez dute jarrera bera mantentzen Araban eta esaterako, Bizkaian. Han apenas kritikatu dituzte Athletic-ek jasotako laguntzak, klubaren aurka egiteak ez duelako etekin politikorik ematen. Talde guztiek jasotzen dituzten laguntzen inguruko diskurtso askoz ere zorrotzagoa izan beharko lukete politikariek. Moral bikoitza dagoela uste dut. Futbolean, saskibaloian eta oro har kirolean ikusten den eman-hartu zikinaren aurkako borrokaren abangoardian zaleak baino ez gaude eta hori negargarria da.

Zein norabidetan joan beharko lirateke kirolera zuzendutako laguntza publikoak?

Legez, oinarrizko kirola laguntzeko betebeharra du Diputazioak, klubak babestu behar ditu. Athletic edo Osasuna adibidez klubak dira, baina futbol eredu kapitalista baten dinamikan murgilduta daude, ez dago ezberdintasun handirik talde horien eta SAD Kirol Elkarte Anonimoen artean, ez bada barne-antolakuntzan. Horrelako talde batek laguntza publikoa jaso beharko ote lukeen? Iritzi kontrajarriak daude, gai oso konplexua da.

Eusko Jaurlaritzak eliteko kirol ez-profesionala laguntzeko beharra du eta horri erantzuten dio BAT Basque Team programak [ikusi koadroa]. Kirol ez profesionalera bideratzen diren laguntzak txikiak dira halere. Jar dezagun adibide moduan Maider Unda borrokalari gasteiztarraren kasua, brontzezko domina bana lortu duena Joko Olinpikoetan eta Munduko Txapelketan. Egunez lan egin eta arratsaldez entrenatzen du. Ez da justua. Ez da bidezkoa eliteko kirolari batzuei ematen zaien tratua, are gehiago futbol profesionalak mugitzen duen dirutza publiko eta pribatuari so egiten badiogu.

Arazoa da gaur egungo kirol eredua kapitalismoarekin loturik dagoela. Etsenplu gisa, begira diezaiogun sobietar garaiko zenbait herrialde sozialistaren jardunari. Diru asko inbertitzen zuten kirolarien mesedetan, errendimendu altuko zentroak erdigunean jarrita, eta emaitzak begi bistakoak dira. Inor ez zen Joko Olinpikoetatik kanpo geratzen diru kontuak zirela-eta; guztiak ziren profesionalak. Hori da bermatu behar dena, eliteko kirolariak profesionalak izatea. Diru publikoa zentzu horretan bideratu behar da.
Kapitalismoa gailendu egin zaie kirolak transmititu beharko lituzkeen baloreei. Hori da kritikatu behar dena, ez gara kirolaz hitz egiten ari, baizik eta kirolaren izenean dagoen negozio dirudun bati buruz. Gauzak diren bezala esan behar dira.

Laguntza publikoak kritikatzea demagogia egitea dela diote batzuek, talde horiek zergetan gehiago ematen dutela jasotakoa baino, kasu honetan Arabaren izena zabaltzen dutela, Gasteizera dirua ekarri, lanpostuak sortu… Guztia termino ekonomikoetan neurtzea egokia al da zure ustez?

Arabari edo beste edozein herrialderi publizitateak dakarzkion etekinak zenbatekoak diren ez dago argi. Nik dakidala horren inguruko daturik ez da ematen. Turismoak dirua dakarrela diote, eta ostalaritzan adibidez onerako nabari dela hori. Baina enpresa pribatuak dira horiek, alegia, diru publikoa erabiltzen da Arabaren irudia zabaltzeko, eta horri etekina ateratzen diotenak zonaldeko enpresa batzuk dira. Lanpostuak sor daitezke, noski. Betiko argudioa da. Orokorrean enplegu prekarioa da, baina, onurarik handiena kapitalistari dakarkiona. Eztabaida hortxe egon behar da. Kontua da langabezia jaisten dela esaten digutenean inor gutxik begiratzen diela lanpostu berrien baldintzei. Ikaragarrizko tranpa dago hor, gizartea engainatu eta manipulatzeko balio duen amarrua da.

BAT Basque Team

Eusko Jaurlaritzaren menpe dagoen Euskadi Kirola Fundazioak, Basque Team (BAT) markarekin aritzen denak, 911.000 euro banatu zituen 2015ean (aurtengo diru-laguntzak esleitzeke daude), profesionalak ez diren goi-mailako 59 kirolari, 15 teknikari eta emakumezko bi talderen artean, Bera Bera (eskubaloia) eta Reala (belar hockeya). Beka jaso dutenen artean daude, besteak beste, Rioko Joko Olinpikoetan urrezko domina irabazi duen Maialen Chourraut eta diploma lortu duten Ander Elosegi eta Iñigo Peña, piraguistak hiruak. Baita Iker Martinez (bela), Maider Unda (borroka), Eider Pinedo eta Patricia Elorza (eskubaloia), Leire Olaberria (txirrindularitza), Richard Oribe (igeriketa), Kako Aranburu (plater-tiroa), Jon Santacana (eskia) edota espainiar selekzioarekin aritu diren Athletic-eko lau jokalari ere: Eli Ibarra, Irene Paredes, Erika Vázquez eta Ainhoa Tirapu. Kirolari olinpikoen kasuan, beka jaso duten 31 kirolarietatik 16 dira gizonezkoak, eta 15 emakumezkoak; Olinpikoak ez diren kiroletan aldea askoz ere handiagoa da: zortzi gizonezko eta emakumezko bakarra ageri dira. Kirol egokituaren alorrean zazpi beka eman ditu fundazioak, gizonezkoei guztiak. Orotara 120 eskaera jaso zituen BATek; 76 onartu ditu (%63,3).


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Kirola
2024-03-14 | Sustatu
Kirol eta jolas: umeei kirol jolasak erakusteko material praktikoak, euskaraz

Athlon Kooperatiba Elkarteak Kirol eta Jolas egitasmoa abiatu du, Eusko Ikaskuntzaren Asmoz Fundazioarekin elkarlanean. Ekimenak Eusko Jaurlaritzaren Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren laguntza jaso du.


Lesio larriak, talde kriminala izatea eta gorrotozko delituengatik ikertzen dituzte Indar Gorriko kideak

Asteazkenean atxilotutako Indar Gorriko 61 kideak libre utzi ditu Iruñeko Instrukzioko 4. epaitegiak, behin-behineko askatasunean eta kautelazko inongo neurririk gabe.


Indar Gorriko 61 kide atxilotu dituzte Iruñean

Espainiako Polizia Iruñean, Sevilla eta Madrilen egiten ari den operazio baten barnean atxilotu dituzte. Iazko urrian Betis-Osasuna partidaren aurretik egondako istiluak ikertzen ari dira.


Emakume bat larri dago ZIUn, Ertzaintzak Donostian foam jaurtigai batekin jo ostean

Emakumea Donostia ospitalean ingresaturik dago, foam jaurtigaiak buruan jo eta odol isuria eragin ostean. Realaren eta Paris Saint Germainen arteko futbol partiduaren aurretik polizia agenteek egindako kargetan zauritu dute. Ertzaintzak barne ikerketa zabaldu duela jakinarazi... [+]


2024-02-25 | Estitxu Eizagirre
Irabazi eta galdu

Txikitatik bizi dugu lehia gizarte honetan: umetan haurren arteko jolasetan, heldutakoan bizitzako eremu guztietan –batzuetan kontzienteki onartzen dugu jokatzea eta bestetan nahi gabe erortzen gara lehia dinamiketan–. Agian horregatik dira kirolariak gizarte... [+]


Eguneraketa berriak daude