argia.eus
INPRIMATU
euskal preso politikoak
Eguzkia osorik ikusteko zain
Oihana Etxebarrieta @betaurrekomorea 2016ko urriaren 26a

Imajinatu ezazue egoera hau: egunero hogei ordu ematen dituzue gela txiki batean eta gainontzekoak 6×13 metroko zabalera eta horma altuak dituen patio batean. Patio honetara ez da argi askorik sartzen eta bakarrik zaudete, beti bakarrik. Oso noizbehinka beste pertsona bat egoten da zuen alboko gelan, baina ezin izaten duzue honekin elkarrizketa normalizaturik izan. Izan ere, ondoko bizilagunak egun gutxirako daude zuen ondoan eta, zoritxarrez, askotan, gaitz psikiko batek jota izaten dira. Hau gutxi balitz, itogarriak dira dituzuen baldintzak, lagun eta senideekin hitz egiteko aukera oso gutxi duzue, pare bat liburu izan dezakezue soilik zuen gelan, arropa oso mugatua, argazkiak ere zenbakituak...  Eta hau egunero, egunero, egunero, egunero...

Zenbat eutsiko zenukete egoera horretan? Ordu batzuk? Egun batzuk? Arantza Zuluetak bi urte eta erdi daramatza egoera horretan eusten, bizirauten. Isolamendu egoera  hamabost egunetik gora luzatzearen kontra hitz egin dute nazioarteko erakunde askok, torturatzat jo dute luzapena. Berriro errepikatuko dut: Arantza Zuluetak bi urte eta erdi daramatza egoera horretan. Eta oraindik ez diote epaiketarik egin. Arantzak eguzkia osorik ikusteko eskubidea dauka, orain.