argia.eus
INPRIMATU
Euskal pezeta isolatuak
  • Bilbo, 1936ko urria. Jose Antonio Agirre lehendakari izendatu eta bi astera, Eliodoro de la Torre buru zuen Eusko Jaurlaritzako Ogasun Sailak dekretu bat onartu zuen, abuztuan Bizkaiko Defentsa Batzordeak onartutako bera: billete-txeketegiak jaulkitzeko agindua eman zuten, Espainiako Bankuan zituzten funtsen babesean.
     

Nagore Irazustabarrena Uranga @irazustabarrena 2016ko urriaren 24a
1937an Eusko Jaurlaritzaren aginduz egindako 50 pezetako billetea, atzealdean arrantzaleak portuan dituena. 25 pezetako billeteak, adibidez, labe garaiak irudikatzen zituen.
1937an Eusko Jaurlaritzaren aginduz egindako 50 pezetako billetea, atzealdean arrantzaleak portuan dituena. 25 pezetako billeteak, adibidez, labe garaiak irudikatzen zituen.

Diruaren zirkulazioa bermatu nahi zuten, gerra eremuetan ohikoa denez dirua altxortzeko joera baitzegoen.

Honela zioen dekretuaren zati batek: “Beraz, altxortzea ezinbestean zuzendu behar da konponbide heroikoen bidez, batetik, egoismo nabarmen eta zentzugabeenaren ezkutalekuetan kapitala metatu dadin saihesteko eta, bestetik, gure herriko altxor emankorrak lurraldeko mugetatik ihes egin ez dezan, beste eskualde batzuk gure lurraren zuku finantzarioaren bizkar elikatzeko”.

EAJko eta Frente Popularreko ordezkariek osatutako gobernuak halabeharrez eskuratu zuen Espainiako Errepublikak aurrez ukatutako autogobernu maila. Autonomia estatutua 1936ko urrian bertan onartzea lortu zuen; gerra hasita, gobernu zentral errepublikanoak euskal lurraldeen babesa bermatu nahi zuen. Gipuzkoatik Asturiasera bitartean, kostaldeko lerroa errepublikarren esku zegoen oraindik, baina beraien eremu nagusitik erabat isolatuta. Eta 1937ko martxoa arte, frankistek erasoari berrekin arte, frontea egonkortuta egon zen. Egoera aproposa Jaurlaritzak jarduera laburra baina bizia izan zezan. Esku-dirua jaulkitzeaz gain, pasaporteak banatu zituen, justizia sistema berrantolatu zuen, atzerrian ordezkaritzak jarri zituen abian, 40.000 soldaduko armada antolatu zuen...

Bederatzi banketxe eta kutxak jaulkitako hasierako txeketegi-billeteak kalitate eskasekoak ziren eta 1937ko apirileko dekretu batek aginduta, billete berriak egin ziren, atzealdean euskal eszena tipikoak (eta topikoak) zituztenak, baita kalitate handiko nikelezko bat eta bi pezetako txanponak ere.

Bilbo ekainean erori zen, eta hiriarekin batera, lehen Jaurlaritzaren lorpen gehienak. Baina gorde diren “euskal” billete batzuk zein higatuta dauden ikusita, bi hilabete eskas horietan behintzat beren funtzioa bete zutela eta zirkulazio bizian egon zirela esan daiteke.