Errituak ugari azken agurrean

  • Bizi garen artean bezala, hil osterako desio eta erabakietan ere ez gara berdinak. Erritu katolikoaren alternatiba gisa, hileta zibilak hasi dira leku egiten. Erlijio, kultura eta komunitate bakoitzak bere ohiturak ditu eta hainbatek hildakoa jaioterrian ehorztea erabakitzen du. Eta bada hildakoei zerbitzu berezia emateaz arduratzen denik ere, baltsamazio edo tanatopraxia kasu.

Itziar Ugarte Irizar @itzugarte
2016ko urriaren 30a
Adituek diote etorkizunean hileta zibilak nagusituko direla (argazkian, hileta zibil bat), baina oraingoz minoritarioa da eskaera eta Eliza katolikoaren errituala aukeratzen dute gehienek. (Arg: Panateneansevent)
Adituek diote etorkizunean hileta zibilak nagusituko direla (argazkian, hileta zibil bat), baina oraingoz minoritarioa da eskaera eta Eliza katolikoaren errituala aukeratzen dute gehienek. (Arg: Panateneansevent)

Eliza katolikoaren hileta-errituetatik irten nahi dutenek gero eta aukera gehiago dituzte horretarako. Aitzitik, gizartearen ehuneko zabalenak bide hori hautatzen jarraitzen du. Hala baieztatu digu Maria Ascen Garcia de Andoinek, bizitza erdi baino gehiago hildakoekin lanean eman eta gaur egun Bizkaiko ASEF hileta etxeen idazkari eta Espainiako Estatuko PANASEF elkarteko kide denak. Ehorztetxeak sortu zirenetik, halabeharrez apurka uneko egoerara egokitzen joan direla dio. Azken urteetan, hileta zibilen agerpenari eta atzerritik etorritakoen eskariari jarri behar izan diete arreta.

Oraingoz kasu asko izan ez badituzte ere, hileta zibiletarako protokoloa ezarri dutela kontatu digu ASEFeko idazkariak. Ehorztetxe ugarik dagoeneko egin duten bezala, ikastaroak prestatzen ari dira, bide zibila hartu nahi dutenei behar bezala erantzuteko. “Izan ditugun kasuetan, ehorztetxean bertan egin izan dira agurrak. Apaiz baten ordez, senide edo lagun batek poema edo idatziren bat irakurri izan du. Gero, senideek gorpua erraustea erabakitzen dute gehienetan”, azaldu du.

Gorka Zendoia, zumaiarra:
“Hileta zibilean, berak eginiko koadroa jarri genuen hautsen ondoan. Lagun bik aurreskua dantzatu zuten eta izekok bertsoak kantatu zituen. Txabolaren aurrean lekua egin genuen hitz egin nahi zutenentzat”

Atzerritik iritsitako komunitateak hil osteko errituak ezberdin bizi dituela dio Garcia de Andoinek, eta gizarteko aniztasun kulturala ehorztetxeetako eskarian islaturik ikusten duela. Oro har, gorpua bertan lurperatzeko baino, jatorrizko herrialdera eramateko lana egiten dute ehorztetxeek. Kostua esanguratsua izan ohi da eta ez dago laguntzarik; horregatik, atzerrian lurperatuak izan nahi dutenek sarri aseguru berezia izaten dute azken unerako. “Hildako senidea jatorrizko herrialdera eramateko baliabide ekonomiko nahikorik ez zuen familia baten kasuan, herriko udalak aberriratzea ez baina bertako hilerrian ehorztea ordaintzea erabaki zuen”.

Libre

Gorka Zendoia zumaiarrak bide zibiletik agurtu zuen 41 urteko Igor anaia. “Ikusita gure anaia ez zela katolikoa eta ez zegoela ados Elizaren jarduerarekin, nahiko erraza izan zen hileta zibilaren edo omenaldiaren alde egitea”, azaldu du. Aitaren baserri ondoko txabola jo zuten horretarako leku egokitzat eta lursaila haiena izanda, Zendoiak dio ez zutela inolako eragozpenik sentitu, alderantziz, “libre” sentitu zirela nahi zuten dena aurrera emateko.

Iñaki Olaizola antropologoak ARGIAko 2435. zenbakian zioen, alde biografikoa azpimarratzea dela hileta zibilen ezaugarri nabarmenena, Elizaren erritualetan maiz falta dena, haren ustetan. Ados dago horrekin Zendoia, anaiaren agurrari emandako “pertsonalizaziotik” oroitzapen polita gordetzen du: “Berak eginiko koadroetako bat jarri genuen bere hautsen ondoan. Lagun bik aurreskua dantzatu zuten eta izekok bertsoak kantatu zituen. Txabolaren aurrean eta anaiaren errautsen atzean lekua egin genuen hitz egin nahi zuten denentzat eta banan-banan pasatzen joan ziren. Bukaeran Voltaiak jo zuen, bere musika talde kuttunak. Gero errautsak lurperatu eta gainean gorosti bat jarri genuen”.

Yuen Tao, txinatarra:
“Lehen gehiago uste zen hiltzera sorterrira joan behar zela. Egun, gero eta txinatar gehiagok senidea hemen ehorzten dute”

Herriz herri, gero eta udaletxe gehiagok onartu dituzte hileta zibilak arautzeko udal ordenantzak. Adituek etorkizunean horien aldeko joera nagusituko dela iragarria dute, baina apurka ugarituz badoaz ere, minoritarioa da gaurkoz eskaera. Olaizolaren hitzetan, belaunaldi oso bat igaro beharko da hileta erlijiosoen gainbehera nabarmena izateko.

“Hemen, nork jarriko dit kandelarik?”

“Ez dut inoiz txinatar edo marokoar baten hiletarik ikusi herrian”. Ez da arraroa halakorik entzutea, Garcia de Andoinen ustetan. Txinatarren kasuan, hauek artatu dituzten oso ehorztetxe gutxi ezagutzen dituela adierazi du, larriki gaixotu edo zahartzean, sorterrira itzultzeko joera dutelako: “Kulturalki, jaiotako lekura itzuli ohi dira hiltzera. Horregatik ez dugu ezagutzen hemen ehorztetxe txinatarrik eta ez dugu kasik gorpurik bidaltzen Txinara”.

Yuen Tao txinatar gaztea ez dator guztiz bat Garcia de Andoinen hitzekin. “Lehen gehiago uste zen hiltzera sorterrira joan behar zela. Egun, gero eta txinatar gehiagok senidea hemen ehorztea aukeratzen dute, nahiz eta Txinako hileta-ohiturak ezberdinak izan”. Beste faktore bat ere aipatu du Taok: Euskal Herrira txinatar asko gazte iritsi dira eta oro har hiltzeko adinean ez daudenez, ez dira ugariak haien hiletak gurean.

Marta Baya boliviarraren kasuan, Euskal Herrian bizi denetik gertuko inor ez du heriotzak hemen harrapatu. Hala gertatzen denean, ez dauka argi zer egin ohi duten hemen bizi diren boliviarrek, baina ahal duten guztiek gorpua sorterrira eramateko ahalegina egingo dutelakoan da: “Ni bihar hiltzen banaiz, nire herrialdera eraman nazaten nahiko nuke. Hildakoen Egunean hilerrira loreak eta kandelak eramateko ohitura handia daukagu han; eta hemen, nork jarriko dit kandelarik?”.

M. Gueye, senegaldarra:
“Gorpua izara zuri batean bildu eta meskitara eramaten dugu lurperatu aurretik azken otoitza ematera. Hiru egunen ostean, lagun eta senideak elkartu eta festa txiki bat egiten dugu”

Hango hil osteko erritua nahiko ezberdina dela gaineratu du; besteak beste, hildakoa haren gustuko musikarekin lagunduta eramaten dute hilerrira eta ehorztetxerik ez dagoenez, gorpua etxean izan ohi dute, azken agurra ematera hurbildu nahi dutenez inguratuta.

Eredu talka

Komunitate musulmanak ere sorterrira eraman ohi du hildakoa, batez ere, erritu islamikoaren arabera ehortzi ahal izateko. Hemen legeak gorpua hilkutxarekin lurperatu beharra exijitzen du, eta horrek talka zuzena egiten du erritu islamikoarekin. Gorpuak Mekara begira, eskuin aldera etzanda eta zapi zurietan batuta ehortzi behar dira, lurrarekin kontaktuan.

Maodo Gueye senegaldarrak argi ikusten du hiltzean sorterrira itzuli beharra. Musulmana da eta kalean denetariko saltzaile ateratzen du bizimodua. Gogoan duen azken senegaldarra hil zenean, gorpua jaioterrira eramatearen kostuari aurre egiteko – 8.000 euro izan ziren– Euskal Herrian bizi diren senegaldar bakoitzak 10-15 euro jarri zituela dio. “Behin Senegalera iritsitakoan hilkutxa kentzen diogu, izara zuri batean bildu eta meskitara eramaten dugu lurperatu aurretik azken otoitza ematera. Hiru egunen ostean, lagun eta senideak elkartu eta haren omenezko festa txiki bat egiten dugu”, kontatu du.

Hala ere, hainbat arrazoi tarteko, badira gorpua bertan lurperatzeko erraztasunak eskatzen dituzten musulmanak. Eskari horri erantzunez, oraingoz, Euskal Herrian lur eremu bakarra dago espresuki musulmanak ehorzteko: Derioko hilerriko lur zati bat, 2008tik Udalak Bilboko musulmanei edo bertan hildakoei utzitakoa.

Bizpahiru hilabetez deskonposatzen ez diren gorpuak

Victor Gonzalez Usurbilgo Gonzalez ehorztetxeko tanatopraktorea da, Euskal Herri osoan baltsamatze zerbitzua eskaintzen duen ehorztetxe bakarra. Bere esanetan, orain hasi da ehorztetxe mundua apurka ezagutzen benetan baltsamazioa zertan datzan: “Funtsean, baltsamazioak hildakoaren itxura mantentzea du oinarri, haren deskonposaketa atzeratzea. Gorpua bizpahiru hilabetez egon daiteke inolako deskonposizio arazorik gabe, eta hori aurrerapen handia da gaur egunerako”. 

Baltsamazioa orain arte ez zela ondo egiten dio Gonzalezek, hildako pertsonak asko desitxuratzen zituzten substantzia toxikoak erabiltzen zirelako. Tanatopraxian, horren erasokorra ez den prozesu kimiko bat erabilita, zelulen ikuspegitik pertsonak eritasunak hartu aurretik zuen kolore eta itxura naturala izatea lortzen dute. Kontserbazioa eta baltsamazioa prozesu bera dira, baina lehena gorpuak hiruzpalau egun irauteko egiten da, eta baltsamazioa hilabeteetarako. Denbora tarte hori, herrialdearen urruntasunak eta kontsulatuarekin bete beharreko tramiteen luzapenak baldintzatzen dute gehienetan.

Izan ere, Euskal Herrian egiten diren baltsamazioen %85-90 inguru gorpua atzerriratu ahal izateko egiten dira. Legeak behartuta, gorpua atzerrirako baltsamatuta joan behar da ezinbestez; baita distantzia laburragoetara hegazkinez garraiatuko bada eta hil zenetik 72 ordu igaro badira.

Victor Gonzalez, tanatopraktorea:
“Bizpahiru egunez udaletxe edo antzokietan herritarrentzat ikusgai jarri dituzten aktore eta alkate ezagunak baltsamatu ditugu”

Bada beste arrazoi bat senide edo lagunek hildakoaren gorpua baltsamatzea aukeratzeko: publikoki ikusgai jartzea. “Ez ditut izenak eman nahi, baina badira baltsamatu ditugun pertsona ezagunak, gero hainbat lekutan bizpahiru egunez ikusgai jarri direnak. Udaletxeetan edo antzokietan herritarrentzat ikusgai jarri diren aktoreak edo alkate ezagunak, esaterako”.

Aurreko zibilizazioei begiratuta, gorpuak baltsamatzearen ohitura betidanik egon dela azpimarratu du Gonzalezek. Orain gutxi arte, forentseek egin izan dute, baina egun, teknika berritzaileenekin haiek bakarrik egin dezakete, nahiz eta beti forentse baten eskutik joan.

“Honetan lan egiten dugunok dolu prozesuan dauden familiekin harreman etengabea dugu eta heriotza bizitzako beste urrats bat da guretzat. Gizarteak ere horrela onartu beharko luke”, uste du. Heriotzaz hitz egiteak eztabaida sortzen duela dio, eta paradoxikoa bada ere, aldi berean tabua izaten jarraitzen duela.

Kanal hauetan artxibatua: Heriotza  |  Kultura aniztasuna  |  Erlijioa

Heriotza kanaletik interesatuko zaizu...
2017-11-05 | Andoni Mikelarena
"Haurrek Halloween ospatzeari esker jakin dugu gurean ere kalabazekin jolasten zutela duela ehun urte"

Halloween ospatzera gonbidatu zutela esan zion alabak Jaime Altunari eta honek festara joaten utzi zion, baina deseroso sentitu zen. Altunak bere aitari kontatu zion gertaturikoa, eta honek erantzun, eurek ere ospatzen zutela halakorik. Fenomenoa ikertzen urte eta erdi eman dute Jaime Altuna eta Josu Ozaita antropologoek. Itzalitako kalabazen berpiztea. Arimen gaua, Halloween eta Gau Beltzaren haur ospakizunen ikerketa etnografikoa osatu berri dute, Eibarko Udalaren Juan Sanmartin bekari... [+]


2017-11-02 | Andoni Mikelarena
Trumpek heriotza zigorra eskatu du Manhattango erasoen egilearentzat

Zortzi pertsona hil eta dozena bat zauritu ziren asteartean New Yorken izaniko atentatuan. Donald Trump AEBtako presidenteak erasotzailearentzat heriotza zigorra eskatu du.


"Eskolako ateak itxi eta umeak sailkatzeko joera klasista dago"

Andereño ari zen 70eko hamarkadaren hasieran, eta irakaskuntzan eman du bizi osoa, orain urte bi erretretan sartu zen arte. Asko baino gehiago idatzia da, ikastaro asko baino gehiago zuzendua, hizkuntzen didaktika beti kezka. Bitartean, aldi bihurri baten lekuko izan da, eta heterodoxiatik jardun du, zorrotz.


"Errazago identifikatzen gara miseriarekin istorio alai-alaiekin baino"

Ana Malagonek bi profil ditu Twitterren, baina, beraren esanetan, ez dira bi pertsona ezberdin, hizkuntza dute irizpide. Batean, ingelesez eta gaztelaniaz idazten du, euskaraz bestean: “Gauza globaltzat jotzen dugu internet, baina badirudi euskal txiosfera eta Madrilgoa aparteko mundutan bizi direla”. Gaiarekin ere badu zerikusirik: oro har, erdaretan gehiago idazten du lanaz; literatura, ordea, euskaraz egiten du. Ana Malagonen alderdi bi horiei (eta beste hainbati) erreparatu... [+]


2017-05-21 | Angel Erro
Hil laudamena

Gauzak inork baino lehenago egiteko zure joerak bildu gaitu gaur hona, eta horrek ekarri dit jendaurrean zutaz aritzeko ardura bilatu gabea. Barkatu beharko didazu, zaudenean ere, hitzon traketsa, zu baitzinen gure artean hitz kontuetan trebeena. Zoritxarrez ez zaitugu zu hemen, gure arteko baten hil laudamena eginez, eta gutako bat hor, zu zauden tokian, zauden tokian zaudela ere. Lepoa eginen nuke, zu hemen egotera, ni nagoen leku eta ataka gaiztoan, ederki arituko zinela zuka egin beharrik... [+]


Beste 13 urte itxaron behar al dute duin hil nahi dutenek?

Alaitz Chamorroren kasua ezagutu dugu duela gutxi (argazkian): ezin du gorputz atalik mugitu, mina du gorputz osoan, eta sedazio aringarri bidez heriotza duina eskatu du, baina Espainiako Zigor-Kodeak eskubide hori debekatzen die Chamorrori eta askatasunez erabaki bera hartu duten herritarrei. Lehengo astean bueltatu da esperantza.


John Berger bizikide hildakoen ekonomian

Nola gogoratu John Berger bezalako egile marxista bat? Nola oroitu bere ekarpen material eta kulturala, hil ondoren? Ikuskizunaren gizartean egile baten heriotza egunetik egunera agertu eta desagertu egiten da. Indarkeria kapitalista isilak lanak eta gorputzak ahaztarazten ditu, salgai ez den oro baztertuz. Sarritan ez gara basakeria honetaz ohartzen.


"Ezin dut gehiago, heriotza duina nahi dut"

Larraitz Chamorro alegiarrak halaxe eskatu zion ahizpari, hain da handia ELA gaixotasunak eragiten dion sufrimendua: "Esti, ezin dut gehiago, lagundu iezadazu honekin bukatzen".


2016-07-07 | Uriola.eus
Hileta zibiletarako udal instalazio batzuk erabili ahalko dira Bilbon

Udaleko Gobernu Batzordeak asteazkenean onartu du Derioko hilerrian eta Bilboko zortzi barrutietako hogeitabost udaltegietan hileta zibilak egin ahal izatea, hainbat baldintza betez gero.


2016-06-26 | Unai Brea
Libreak gara geure amaiera kudeatzeko?

Oso litekeena da LARRUN hau argitaratu eta egun gutxira, ekainaren 30ean, Eusko Legebiltzarrak heriotza duinari buruzko lege berria onartzea, EAEn egongo den mota horretako lehena eta Hego Euskal Herriko bigarrena; Nafarroak 2011n onartu zuen berea, geroztik gutxi garatu bada ere. Arau biek, hala nola Espainiako Estatuan indarrean dagoen gaixoaren autonomiaren legeak eta Frantziakoak berriki onartu duen bizitzaren amaierari buruzkoak, hilurrenean dauden pertsonen duintasuna bermatzeko xedea... [+]


ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude