Datuak: Instituzioen diru-laguntzak eta azpiegitura kostuak


2016ko urriaren 30an
Baskoniako jokalariak haien taldekide ohi Tiago Splitter agurtzen ageri dira, NBAko San Antonio Spurs taldearen aurkako partidan, 2010ean.
Baskoniako jokalariak haien taldekide ohi Tiago Splitter agurtzen ageri dira, NBAko San Antonio Spurs taldearen aurkako partidan, 2010ean.Baskonistas.com

Herri Kontuen epaitegia: Hutsuneak dituzten datuak (2007-2011)

Eusko Jaurlaritzak eta Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako diputazioek 2007-2011 artean eman zituzten diru-laguntzak argitaratu zituen Herri-Kontuen Euskal Epaitegiak (HKEE) 2014an. Orotara 16.700 milioi euro bideratu ziren, eta horietatik 42 milioi eliteko kirol taldeek jaso zituzten. Athletic-ek esaterako 13,3 milioi poltsikoratu zituen, Bilbao Basketek 9,5, Euskaltel-Euskadi txirrindulari taldeak 8,3, Realak 7,7 eta Gipuzkoa Basketek 2,5.

Onuradunen zerrendan ez da Alaves agertzen, eta Baskoniak 0,7 milioi besterik ez zituela jaso aipatzen da. Epsilon-Euskadi porrot egin zuen 1 Formulako proiektuaren arrastorik ere ez. Zer esan nahi du horrek, Arabako klub garrantzitsuenek ez zutela dirurik jaso? Diru-laguntza moduan ez; bai ordea beste bide batzuetatik: instituzioek Alaves erreskatatu egin zuten 2011n, eta Baskoniak hainbat hitzarmen du sinaturik. Halaber, HKEE-ren txostenak ez ditu bildu babesletza-akordioei buruzko datuak, ezta kirol instalakuntzetara (San Mames, Anoeta…) bideratutako kopuruak ere.

“Agerikoa da txostenak ez duela azken urteotan Araban gertatu dena fideltasunez jaso”, zioen Iker Rioja kazetariak El Mundo egunkarian. Baskonia eta Alavesen jabe Josean Querejeta berak emandako datuek erakusten dute hori. 2007-2011 aldian saskibaloi taldeak ez zituen 0,7 milioi jaso, 6,3 baizik, Diputazioaren eta Gasteizko Udalaren eskutik. “Alaves erreskatatzeko operazioa, bestalde, Diputazioaren bulegoetatik koordinatu zen, agintean EAJ zegoela”, dio Riojak. Operazio hark 16 milioi euroko balioa zuen, eta Jaurlaritzak eta Udalak ere jarri zuten euren partea. Esaterako, diru-laguntza bezala bideratu ez baziren ere, Alavesek 2 milioi euro jaso zituen Ibaiako lur-sailengatik; eta Ogasunarekin zuen 5,7 milioi euroko zorra “barkatu” egin zitzaion, Izarra kolegio zaharreko lur-sailak Diputazioaren esku utzita.

Dena dela, argi dago txostenak ez duela diru-laguntzen errepaso erabat fidela eskaintzen, eliteko kirolaren finantzazioa ez baitu osotasunean jaso. “Epaitegiaren helburua da diru-laguntzen laburpen bat egitea, jarduera horren legalitatea zalantzan jarri gabe”, dio epaitegiak.

 

Jaurlaritzaren babesletzak (2010-2013)

2010-2013 artean 9,1 milioi euro inbertitu zituen Eusko Jaurlaritzak, babesletza-modalitate desberdinetan. Diru-partidak hainbat sailek bideratu zituzten: Kulturak, Lehendakaritzak, Herrizaingoak, Ingurumenak, Industriak eta azken horren menpe dagoen Spri bezalako erakundeek, besteren artean. Laguntzarik handiena Alaves Fundazioak jaso zuen: milioi bat euro baino gehiago, 2011-2016 artean “Arabar Errioxa” marka promozionatzeko.

Euskadi txirrindularitza fundazioak 80.000 eta 400.000 euro arteko zazpi partida jaso zituen, harik eta 2013an desagertu egin zen arte, aurrekontuaren parte handi bat euren gain hartzen zuten instituzioen babesa galduta. Saski Baskonia eta Bilbao Basket ere hainbat laguntzaren hartzaile moduan agertzen dira, “Euskadi” markaren sustapenerako.

 

Kirol instalazio nagusiak: 10 urtetan 200 milioi

Instituzioek 200 milioi euro inguru bideratu dituzte azken hamar urteetan San Mames Barria eta Bilbao Arena eraiki, Buesa Arena handitu eta Anoeta eraberritzeko.

- San Mames Barria (Bilbo): 186 milioi euro. BBK-k (Kutxabank) 43, Jaurlaritzak 43, Diputazioak 43, Udalak 11 eta Athletic-ek 43. (Proiektua 2009koa da).

- Bilbao Arena (Bilbo): 42 milioi euro. Diputazioak 21 eta Udalak 21. (2006)

- Anoeta (Donostia): 49 milioi euro. Jaurlaritzak 10, Diputazioak 4 eta Realak 36; Kutxabanken ekarpena ezagutu zain. (2016)

- Buesa Arena (Gasteiz): 30 milioi euro. Jaurlaritzak 15 eta Diputazioak 15. (2010)

Zerrenda honetan saskibaloi eta futbol estadioak agertzen dira, albo batera utzita Bizkaia Frontoia modukoak (Diputazioak 24,5 milioi jarri zituen hura eraikitzeko).


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Kirola
2024-03-31 | Xabier Rodríguez
Paris 2024
Eredu olinpiko ezagun baten sintomak

Hiri bat Olinpiar Jokoen antolatzaile izendatzen dutenean, biztanleen artean  ilusioa sortzea da helburuetako bat. Asko dira hartu beharreko erabaki polemikoak, eta herritarren babesa izateak lana errazten du. Hala ere, 2017an Nazioarteko Olinpiar Batzordeak (NOB) Paris... [+]


2024-03-14 | Sustatu
Kirol eta jolas: umeei kirol jolasak erakusteko material praktikoak, euskaraz

Athlon Kooperatiba Elkarteak Kirol eta Jolas egitasmoa abiatu du, Eusko Ikaskuntzaren Asmoz Fundazioarekin elkarlanean. Ekimenak Eusko Jaurlaritzaren Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren laguntza jaso du.


Eguneraketa berriak daude