1929ko urriaren 24an burtsak Wall Streeten lurra jo zuenean, inbertitzaile mordo batek beren burua etxe-orratzetako leihoetatik bota eta, literalki, lurra jo zuten haiek ere. Hori da, behintzat, gugana iritsi den irudia, plutokratak euri tantak bailiran erortzen zirela zerutik eta espaloiak gorpu trajedunez josita zeudela. Baina datuek diote suizidio-tasak ez zuela nabarmen gora egin gainbeheraren ondorioz eta egun haietan Manhattanen bi pertsonak soilik egin zutela beren buruaz beste leihotik behera kalera jauzi eginda: Hulda Borowski bulegariak eta G.E. Cutler enpresariak, eta ez heriotza batek ez besteak ez omen zuten lotura zuzenik izan finantza-porrotarekin.