Merkatu kanibalean txiroen gorputzak salgai aberatsen ongizaterako

  • Alokairuzko haurdunaldiak, organoen trafikoa, bio-bankuak... Esklabotza berri bat ari da hedatzen, gorputzen proletariotza, zeinetan gizadiaren parte txiroena beren soinak saltzera behartuta dagoen jende aberatsagoak osasuntsu bizi daitezen, guztia puntako medikuntzaren laguntzaz eta Hipokratesen zin famatua –”Ezer baino lehen, kalterik ez eragin”– zaborretara jaurti duten doktoreen esku hartzez.

‘Women Weekly‘ astekariaren argazkian, Gammy ttikia ama Pattaramon Chambuaren besoetan. David Farnell eta Wendy Li senar-emazte australiarren enkarguz bikiak erditu zituenean, erosleek Pipah neskatoa berekin eraman zuten baina Gammy bertan laga, Down sind
‘Women Weekly‘ astekariaren argazkian, Gammy ttikia ama Pattaramon Chambuaren besoetan. David Farnell eta Wendy Li senar-emazte australiarren enkarguz bikiak erditu zituenean, erosleek Pipah neskatoa berekin eraman zuten baina Gammy bertan laga, Down sindromez jaio zelako. Australiarrek argudiatu dute haurdunaldian jakin zutela bikietako bat trisomikoa zetorrela, ama alokatuari eskatu ziotela abortatu zezan baina honek bere sinesmen budistengatik ez zuela nahi izan. Tailandiako gobernuak, eskandaluarekin, moztu egin ditu gisa honetako operazioak.

Gammy txikiak zorte txarra izan duela esango dute. Thailandian 2013an Pattaramon Janbuaren sabel alokatuan sortua, amari laga zioten bere erosle David Farnell eta Wendy Li senar-emazte australiarrek, beraiekin eramanda Pipah, Gammyren arreba bikia. Down sindromea dauka Gammyk eta guraso genetikoek esan omen zuten haiek ez zutela hainbeste diru ordaindu haur anormal batekin etxeratzeko. 2014an zabaldu zen albistea, Pattaramon ama alokatu gazteak prentsara jo zuenean laguntza eske, etxean dirurik ez zeukatelako Gammy mantentzeko. Pipah bikia Australian bizi du, guraso legalekin.

Istorio hau kontatu du Jean-Daniel Rainhorn mediku frantsesak; beste adituekin batera plazaratua du “Merkatu kanibal berriak: Globalizazioa eta giza gorputzaren merkantzia bihurtzea” ikerlana, 2014an Suitzako Genevan giza gorputzaren merkantilizazioaz egindako sinposiumean aurkeztutako materialak bilduta. Liburuan luze eta azal analizatzen dituzte emakumeen sabelen alokatzea, medikuak beste herrialdeei lapurtzea, soin atalen salmenta, giza ehunen bankuen negozioa...

Merkatu berriok, dio Rainhorn doktoreak, indartu dira badaudelako giza gorputzen atalen bai eskaria eta bai eskaintza. Horretan eragina izan dute medikuntzan teknologia berriek egindako aurrerapenak, neoliberalismoak, mundializazioak eta internetek. Gurpil handi horretan funtsezkoa da medikuen esku hartzea, Rainhornek salatzen duenez, “Hipokratesen zina ahaztu duten medikuen” saldukeria.

Le Monde egunkariari emandako elkarrizketan laburbildu duenez, nazioarteko erakundeek ere ez dute zehaztasun osoz ezagutzen merkatu kanibal berri hau, zeren eta txiroen gorputzak aberatsen osasunaren edo ongizatearen zerbitzuan jartzen dituen negozio erraldoia aldi berean ari baita legalitate barruan eta kanpoan, eta zati handi batean kriminalitatearen eremuan.

Emakumeen sabelen alokatzea nola ugaritu den ohartzeko datua: 2014an soilik Indian 5.000 haur sortu ziren horrela, herrialde hartan 2.000 milioi euroko negozio bolumena mugi araziz, bertako patronalak emandako zifratan. Alokairuzko haurgintza legezkoa den Kalifornian 2008an 1.400 ume kontabilizatu ziren, eta bost urtetan kopurua bikoiztu egin zen.

Organoen trafikoaren neurriaz, MOE Munduko Osasun Erakundeak dio 2005ean 66.000 giltzurrun txertatu zirela, %10 edo %20 legez kanpo, beraz 6.000 baino gehiago. Giltzurrunen trafikoa, dokumentatuta dagoenez, egiten da Indian, Pakistanen, Txinan eta Libanon errefuxiatu siriarren artean. Filipinetako Manilan famatua da “Giltzurrun Bakarreko Uhartea” deitu txabolategia, hain ugariak dira bertan bakarrarekin bizi diren gizonezkoak.

Bio-bankuei dagokionez, obuluen merkatua azaltzean Rainhornek beti aipatzen du Bartzelona dela Europako hiriburu nagusia, gauzarik arruntena bezala egiten direla obuluak biltzeko kanpainak –800 euro eskainiz– unibertsitateko neska gazteen tartean eta gero horiekin egiten dituztela in vitro ernalketak mundu guztitik etorritako emakumeentzako.

OMEk babestutako ikerketak ez du ahazten medikuen lapurreta. Herrialde batzuek familien eta estatuen diru asko sendagileen formakuntzan gastatu ostean, aberatsek eramaten dizkiete, hain beharrezkoak direnean beren sorterrietan bertan. Adibide bat: Britainia Handian, osasun zerbitzu publikoak aitorturik, 2015ean ari ziren 100 medikutatik 26 OCDEz kanpoko herrialdeetatik etorriak ziren.

Giltzurruna zenbatean? Eta haurra?

Giza gorputza puskaka saldu, eta erosi daiteke gaur. Sarritan, legearen barruan. Indian edo Kalifornian uteroa alokatzea legezkoa da, legezko bihurtuz guraso biologikoak eta alokairuzko ama katalogoz hautatzea, azkenean haurra 120.000 dolarretan erosteko.

Baina zer da legala eta noraino? Organoen txertaketan ikusi da, Rainhornen hitzetan, hartzaileari legez txertatuko zaion organoa sarritan modu ilegalean izan zaiola erauzia beste bati. Legeaz gain, gainera, justizia dago: horrelako salmenta dagoenean tartean, beti ahulenak dira saltzaile. Indian ikerketek erakutsi dute organoren bat saldu dutenen %83 emakumeak direla, txiroenen artean txiroenak.

“Esklabotza berri bat daukagu begien aurrean, gorputzaren proletariotza, zeinetan gizadiaren parte batek bere soina saldu behar baitu beste batzuk bizi daitezen”. Eta edozein salgai bezala, esku lana barne, eskariak eta eskaintzak arautzen dute prezioa. Der Spiegelek argitaratu berria du errefuxiatu siriarrentzako Libanoko kanpalekuetan giltzurrunaren prezioa jaitsi dela 3.000 eurotik 700etara. Prostituziora behartuen tarifak merkatu diren moduan, saltzaileak hain daude behar handian...

Genevan bildutako adituek aipatu zifrok ez dira aliritzira boteak, horiek eta asko gehiago eguneratuta aurki daitezke merkatu beltz globalaren datu base izan nahi duen Havocscope webgunean. Ikusi giltzurrunen prezioak, adibidez. Batez beste munduan giltzurrun baten erosleak 150.000 dolar pagatu du, eta saltzaileak 5.000 kobratu. Txinan 27.500 eurotan eros dezakezu, Egipton 20.000tan, Thailandian 10.000tan... Bitartekarien komisioen datuak ere badira, ez da misterio handirik, erosteko interesa dutenek ezagutzen dituzte.

Baina doako donazioz eskaintzen diren ehun bankuez ere mesfidatzen dira Rainhorn eta beste adituak. “Kontua da zuk doan ematen duzuna gero enpresek saldu egiten dutela. Giza ehunen banku europar bat dago, adibidez, armada guztien hornitzailea dena eta dagoenekoz ordainduzkoa dena. Baina ez du merezi eskandalizatzea, gauzak okerragotu egingo direlako”. Eta aipatzen ditu geneen bio-bankuak, genoma sekuentziak saltzen dituztenak, etorkizuneko haurren ezaugarri fisikoak aldatzea baimenduko dutenak, ilearen edo begien koloreak aukeratzea bezala.

Hurbiltzen ari ote gara Yazuo Ishigurok 2005ean “Ez iezadazu sekula utzi alde egiten“ [Never Let Me Go] nobelan marraztu zuen mundu hartara, non haur klonatuak zaintzen dituzten barnetegi batean beren organoak gero behar orduan haur normalei txertatzeko? “Merkatu kanibal berriak” ikerlanarekin lortu nahiko lukete herritarren artean halako haserretu taldeak mobilizatzea, nazioarteko erakundeek gaia seriotan hartu eta Giza Eskubideen Itunean zehazki aipatua izan dadin.

Jean-Daniel Rainhorn: “Joko arauak aldatzen ari dira, osasungintzako teknologiek errotik aldatu dute gaixoaren eta sendagilearen arteko harremana bera ere. Gizartearen deshumanizatzea iritsi da medikuntzaraino”.


ASTEKARIA
2016ko urriaren 23a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
#1
#5
Maite Díaz de Heredia Ruiz de Arbulo
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Medikuntza
Psikologo gutxiago indarkeria matxisten biktimak artatzeko

Bizkaiko Foru Aldundiko Emakumeak Babesteko eta Familiei Laguntzeko zerbitzuan, lau psikologotik hiru kendu dituzte. Are gehiago, langileek salatu dute indarkeria matxistaren biktimak artatzeko plan berriak emakume ugari uzten dituela kanpoan.


Menopausia medikalitzatzeko arriskuaz ohartarazi du The Lancet aldizkariak

Martxoaren 8aren atarian, menopausiari buruzko artikulu-sorta bat argitaratu du The Lancet medikuntzan espezializatutako aldizkariak. Laburpenean gogorarazi duenez, menopausia munduko populazioaren erdiaren bizitzaren etapa saihestezina da, baina esperientziak asko aldatzen dira... [+]


"Ez digute uzten gure gorputzen gainean erabakiak hartzen"

Gurutzetako ospitaleko Genero Identitatearen Unitatearen “arreta txarra” eta “tratamendu bortitza” salatu du Izei Etxeberriak.


Eguneraketa berriak daude