Aurreko asteburuan, Jose Migel Etxeberria Naparra-ren inguruko aipamenek berriz harrotuko zituen aspaldiko beldur eta mamuen garaietako oroitzapenak, noizbait historia hori osatu eta aurrera jo egin ahal izateko tirria, hauspotuko memoriak baita memoria grinak ere. Garaikoa da gaia, herri memoriarena eta segur aski sintomatikoa da behar dorpe batez. Batzuen ustez goizegi: ez dut arras bat egiten.
Errelatoa eta memoria hitzek ez baitituzte berdinek erabiltzen eta ororen buru bi gauza baitira. Lehena, kontaketa xehea, lehia politikorako tresna bat gehiago baizik ez denean, voyeurismoa-ren mailan kokatzekoa da, gehienetan. Besteari zentzu zabalagoa har dakioke, gatazkaren ondorioen tratatzeko atalean sartzekoa, hau ez da baitezpada militanteen kontakizunean zentratzen batetik eta onartzen die lekua posizio desberdinekoei. Eta honetan badira jorratzeko asko, datugintzan, aldarteetan, pertsonak, mugimenduak... Zer dakit, ba, nik!
Batez ere, badira zentralak ez diren pertsonak, saihetsean edo kolateralak izan direnak gertakari horiez guztiez.
Interesgarria baino, funtsezkoa zait horien lekukotasunen bilketa. Guztiena. Eta ahal bezain fite, oroimenak, garai moderno hauetan, geroz eta lasterrago ihes egiten digulako. Eta pozten naiz azken boladan agertzen ari baitira hainbat lan interesgarri.
Aste honetan publikatu den Lisipe saileko lehen atalak horretaz dihardu eta ikusmolde bereziaz, borroka armatuaren gaia tratatuz emazteen ikuspegitik. Puzzleak pieza asko falta dituelako seinalea: orain arte emazteen parteak falta dira. Iparraldekoen piezak gisa bera, besteak beste.
Badira azken bi urteetan Iparraldekoak diren lan batzuk, arras baliosak. Batzuk soziologia lanak dira, besteak kazetaritzakoak, besteak literaturakoak. Esaterako, Bisaiak, jauziaren aurpegiak egitasmoa, zeinetan 80-90 hamarkadetako jendeen lekukotasunak biltzen diren. Hortik dira ere Gabi Mouescaren berriki euskarara itzuli Lepogogorra elkarrizketa nahiz Kristiane Etxaluzen lekukotasunak, horietan garbi azalduak direlarik Iparraldeko gazte batzuen ibilbideak eta ondorioz engaiamenduak sortu kezkak. Berria-k baditu bestalde iheslarien lekukotasun aberatsak bildurik GALi buruzko erretrospektiban, gizartearen eta giza harremanen irudiaren emaile –beste hainbat aipatzeko lekurik ez–. Domaia dena, ez dakit zenbatenganaino iritsiko diren lan horiek, molde barreiatuan argitaraturik baitira.
Inportantea zait, gertakaria baino, historia soziala, sentitu dena, jendeen arteko harremanen bihurdikatzea, nork bere buruarekin ukan buruhausteen transkripzioa, gisa batez edo bestez. Oroimena iraungiko da eta badator belaunaldi bat ez duena ideiarik izanen gertatuaz eta tresna gutxi ulertu ahal izateko.
Gure historia hurbilaren puzzlea, hori bizi izan dutenen lekukotasunak bilduz egin behar dela lehentasunez uste dut eta jada egin behar dela, piezak batuz. Ez dezaten hemendik zenbait hamarkadara gure ondokoek beharra izan asmatzeko, bilatzeko eta erantzun distortsionatuak kausitzeko, gaur gerla garaikoekin gertatzen ari den bezala.
Zeren, guhaur ez bagara ausartzen, beste batzuk ez baitira kezka edo konplexu berekin ibilki. Gure historia hurbilaz idatziko dute batzuek kilometrikoki, usu erdaraz, aiherkundetik maiz, noizbehinka indiferentziatik. Hala nola frantses zenbaitzuen lanak, adibidez Marin-en fikzioa edo Sureau-ren autobiografia, baita Chalvidant, Massey eta gisa berekoenak ere. Horiek ez dute buruhausterik Euskal Herriaren eta herritarren analisia deskonplexaturik proposatzeko, batere.