"Feminismoak erakutsi du eskuin kontserbadorea kalean garaitu daitekeela"

  • Emakume beltz bat faxisten manifestazio aurrean tinko geratu zen, harro, ukabila gora eta begiradarekin hiru gizoni aurrez aurre desafio egiten. 2015eko Maiatzaren Lehena zen, ordu gutxi behar izan ziren bideoa eta argazkia biral egiteko. Ultraeskuindarrek, manifestazioa mozteagatik, Anders Breivikekin alderatu zutenean, “Bilatu Googlen Nelson Mandela” erantzun zien.

"Arrazakeriaren, matxismoaren eta homofobiaren aurkako borroka bakarra eta bera dira". (Argazkia: David Lagerlöf)

Maria-Teresa Asplund da, 42 urteko ekintzaile suediarra. Kolonbian jaio zen eta zazpi hilabete zituela herrialde eskandinaviarreko familia batek adoptatu zuen. Ultraeskuindarren aurkako ekintza ez zen ekimen isolatua izan. Ibilbide luzea du feminismoaren aldeko eta arrazismoaren aurkako borrokan.

Munduari buelta eman zion zure irudiak. Kontatuko diguzu zein girotan hazi izan zaren?

Oso gaztea nintzela hasi nintzen faxistak nire herrian ikusten, inpunitate osoz euren ideologia lau haizetara zabaltzen. Ultraeskuinaren gorakada, beraz, aspalditik sufritzen dugu hemen, ez da ezer berria. Beldurra nien hasieran, handia gainera, baina konturatu naiz ez nagoela bakarrik eta haiei aurre egiten hasteko gai ikusi dut nire burua. Haiek, baliteke gero eta gehiago izatea; gu, halaber, gero eta ahaldunduago gaude. Maiatzaren Lehenean egindako manifestazioa puntu gorena izan zen; noiz eta munduko langileok gure eskubideak harro aldarrikatu behar ditugun egunean.

Antolakunderen batean landu duzu borroka hau?

Ekintzailea naiz, ez naiz inongo antolakundeko kidea. Antolakunde ugaritako militanteekin harreman oso ona dudan arren, ez dut %100 hauen planteamenduekin bat egiten. Militantzia beste modu batean eramaten dut aurrera; hala ere, emakume gazteak antolatzen ikusteak ilusioa pizten dit oraindik ere.

Feminismoaren aldeko borroka arrazismoaren aurkako borroka gisa uler daiteke?

Bai, hala uste dut. Are gehiago, horrela ulertu behar dugu, ez dut beste aukerarik ikusten. Nire borroka, guztion giza eskubideak modu berean errespetatzeko borroka da.

Sistema heteropatriarkalean ez du axola jendeak gaizki tratatzen bazaitu, arrazagatik edo sexu-joeragatik diskriminatzen bazaitu… Suedian, adibidez, gizarteak normaltzat jo du. “Gertatzen da”, diote askok. Hori bai akatsa.

Arrazakeriaren aurkako borroka, matxismoaren kontrakoa, homofobiarekin bukatu nahi duena… borroka hauek bakarra eta bera dira. Herritar guztiok aukera berdinak izango ditugun mundu justuago baten aldeko borroka.

Europako hegoaldean, herrialde aurrerakoienak iparraldean daudela gogoratzen digute hedabideek eta alderdiek behin eta berriro. Suedia tartean da. Hezkuntzaz, osasunaz eta zerbitzu publikoen garapenaz hitz egiten da maiz. Zure ekintzak, aldiz, argi utzi zuen atzerakoia ere badela beste zentzu askotan.

Jarrera arrazistak eta faxistak gero eta normalizatuago daude, zalantzarik gabe. Suediako Demokratak alderdia parlamentuan sartu zenetik, are gehiago; gainera, antolatzen dituzten manifestazioen ondorioz goranzko joeran jarraitzen dute. Esaten duzun “gizarte aurrerakoi” horren teoria Maiatzaren Lehenean erori zen, ekintzaren egunean. Egun hartan, naziek ez zuten inongo arazorik izan Borlänge (Suedia) erdia okupatzeko, poliziaren segurtasunarekin. Nazkagarria izan zen. Erradiografia ona: gure Konstituzioaren indar polizialek babesten dituzte, haien jarrerek gure Konstituzioaren printzipioen aurka egiten duten bitartean. Eta hori, ziur nago, ez dela soilik Suedian gertatuko.

Maria-Teresa Asplund mundu mailan ezagun egin da. (Argazkia, berak utzia)

Mendebaldeko feminismoari askotan leporatu izan zaio borroka ugari bere gain hartu ez izana: arrazismoaren kontrako borroka, sexu langileen aldeko borroka... Mendebaldeko ekintzaile, feminista eta antiarrazista gisa, uste duzu hala dela?

Ez. Ez dut antolakunde batean militatzen eta ez naiz munduan barrena asko mugitzen, baina ezagutzen ditudan Suediako militante feminista guztiek borroka horiek bere egiten dituzte. Nik ere hala egiten dut. Sexu langileen %110aren babesa izan dugun moduan, haiek ere gurea dute, adibidez. Ezin dut Mendebaldeko emakume guztien izenean hitz egin, baina hori da nire egunerokotasunean topatzen dudan egoera.

Kurdistango emakumeek erakutsi dute egoera ezegonkorrenean ere feminismoa lehen lerroan jar daitekeen borroka izan daitekeela.

Nire errespetu eta babes handiena Kurdistango emakume guztientzat; Europako eta munduko emakume guztiontzako eredua izateaz gain, inspirazio iturri izan behar dira. Zalantzarik gabe, feminismoaren borroka oso indartsu errotzen ari dela eta benetako aldaketa politikoa etortzeke dagoela, baita Europan ere.

Adibidez?

Polonian azken egunetan gertatutakoa horren adibide garbia da. Eskuin muturreko Gobernuak atzera bota behar izan du abortuaren azkenengo proposamena. Ez da lege proposamen bat izan Gobernuaren neurri atzerakoi eta matxistak atzera bota dituena; emakumeek kalean egindako indar erakustaldi baten ondorio zuzena izan da. Feminismoak erakutsi du eskuin kontserbadorea kalean garaitu daitekeela. Kaleak berreskuratzeko garaia da.

Eta instituzioetan?

Suedian alderdi feminista bat sortu zen eta baliteke Parlamentuan sartzea. Hala ere, ez da nire eremua eta beste esparruetan jarraitu nahi dut lanean, han gertatzen dena kontuan hartuz, noski.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Arrazakeria
2024-04-03 | ARGIA
Barakaldon udaltzainek izandako esku-hartze "neurrigabea" eta "arrazista" salatu dute

Hainbat herritarri suzko arma batekin tiro egin ostean bi pertsona zauritu zituzten udaltzainek, horietako bat larri, pasa den martxoaren 21ean, Barakaldon. Tirokatuak kalean bizi ziren magrebtar jatorrikoak izatea ez dela kasualitatea dio 77 elkartek sinaturiko adierazpenak:... [+]


Polizia operazio "arrazista" Donostian: 29 lagun eraman ditu Poliziak identifikatzeko

Ostegun goizeko 8:00etatik 12:20era Polizia operazio handia egon da Donostiako Martutene auzoko etxe okupatu batean. Espainiako Poliziak, Ertzaintzak eta Udaltzaingoak elkarrekin egin dute operazioa, “atzerritarren bulegoaren operazioa” dela azaldu dute. Donostiako... [+]


2024-02-27 | Leire Artola Arin
"Beloak egoiliarrak aztoratu ditzakeela" argudiatu du Iruñeko zaharren egoitza batek, garbitzaile bat lanik gabe uzteko

Arrazakeria, diskriminazioa eta islamofobia salatu ditu langileak, eta Iruñeko Lan Ikuskaritzaren aurrean elkarretaratzea egin dute, SOS Arrazakeriak eta LAB sindikatuak deituta. Ikuskaritzak salaketa itxi du, eta onartu egin du Misericordia enpresaren argudiaketa, dioena... [+]


Guztiontzat Egia, arrazakeriari eta Poliziaren gehiegikeriei aurre egiteko sarea aurkeztu dute

Donostiako Egia auzoan, azken hilabeteetan, bizilagunen artean segurtasunaren inguruko kezka handitu da, eta “beldur eta urduritasunak duen garrantzia aitortu eta sentimendu horiei lekua” egin behar zaiela aldarrikatu dute.


Eguneraketa berriak daude