Orlando, Florida. Irailak 21. Hillary Rodham (Clinton) kanpainako ekitaldi baten ondoren oholtzatxo batera igota eta eskuin besoa goian, publikoa agurtuz, irribarrez. Parean pertsona mordoa (gehienak emakumeak, gehienak gazteak, ia denak zuriak), lehendakarigaiari bizkarra emanez. Ez da protesta keinua. Selfie bana ateratzen ari dira.
Argazkia biral egin da eta gaur egungo (emakume) gazteen nartzisismoaren adierazle goren jo du askok. Hillary bera izan zen, ordea, zaleei selfiea atera zezaten proposatu ziena. Barbara Kinney argazkilari ofizialarena da argazkia, eta kanpaina zuzendaritzak zabaldu du.
Produktu pertsonalizatuak masan saltzen dizkigutenotan, argazkiaren marko barruan nahi denaren ondoan norbera agertzeak, nahi dena objektu eta norbera subjektu bilakarazten du, itxuraz. Protagonista izateko aukera saltzen digute eta produktuak, besteak beste, selfiegarria den heinean izango du arrakasta.
Baina ezin dut erabat ulertu zergatik ez duten argazkia beste angelu batetik atera (zale-masa aurrez, nor bere objektibotxoari begira; gibelean Hillary, boteretsu, kamera ofizialari so), edo zergatik zabaldu duten. Eta mise en abyme amaigabe honetan subjektuak eta objektuak ezin bereizita nabil.