argia.eus
INPRIMATU
“Erakundeei interpelazio zuzena egiteko balio behar du”. Leire Txakartegi, ELAko euskara arduraduna.
0000ko ren 00a

Gustura egindako lanarekin?

Parte hartzeko metodologia egokia iruditu zaigu. Kontseilua propio bildu zen gurekin eta ELA barruan, euskara batzordean, gaia lantzeko aukera izan dugu. Eragile bakoitzarekin lanketa berezia egitea asko eskertu dugu.

ELAk nolako ekarpenak egin ditu?

Oso zehatzak egiten saiatu gara, beti ere lan munduan langileen hizkuntza eskubideak bermatzeko. Esparru publikoan, administrazioan, osasungintzan adibidez nahiko ekarpen zehatzak egin ditugu eta esparru pribatuan kanpo eta barne erabileraz, kontratazioez egin ditugu ekarpenak. Adibidez, garrantzia eman diogu negoziazio kolektiboa euskararen normalizazioan lan tresna bezala aldarrikatzea.

Ekarpen batzuk aipatuko mesedez?

Enpresan terminologia normaltasunez erabiltzeko hiztegi propioa sortzea; langileek hizkuntza gutxituan lan egiteko behar duten ezagutza lortzeko baliabideak eskatzea; langileek dokumentazioa ele bitan jaso eta betetzeko aukera izatea; errotulazioa euskaraz egotea, euskara batzordea osatzea. Administrazioan: hizkuntza eskakizunak kontratazioetan; hizkuntza eskakizunak betetzeko epeak eta irizpideak zehaztea; Osakidetzan, garapen profesionalean hizkuntza gutxituen ezagutza eta erabilera baloratzea.

Zertarako balio du protokoloak?

Eragile sozialen ekarpenetan oinarritzen da eta neurri zehatzak izango dira. Horrek erakundeei interpelazio zuzena egiteko balio behar du, beste era bateko hizkuntza politika eskatzeko. Beste gauza askotan bezala, guk uste dugu eragile sozialok akuilu lana egin behar dugula. Interpelaziorako tresna izan behar da.