EH Bilduk irudimena jarri du lanean eta aurkitu du, azkenik, Arnaldo Otegi lehendakarigai izateko bidea: elgoibartarra Maddalen Iriartez mozorrotuta aurkeztea inbestidurara. “Alegia, Otegi Iriartez in-beztituko dugu, kar kar” adierazi dio Beranduegiri Pernando Barreena koalizioko Hitz Jokoen Batzordeko koordinatzaile nagusiak.

“Gogotik lan egiten ari gara tranpatxoa nabaritu ez dadin”, esplikatu dio Beranduegiri EH Bilduko makillaje lantaldeko kide batek; “ileordea lortzea erraza izan da, baina beste guztia…”. Antza denez, Otegik Legebiltzarrean hitz egiten duen bitartean disimuluz argitxo bat igorriko diote begietara, une oro erdi itxita eduki ditzan.

Gure ikerkuntza saileko bekadun nekaezinak jakin duenez, Maddalen Iriarteri egun horretan etxetik ez irteteko gomendatu diote, ezustean Carlos Urquijok kalean ikusi eta amarrua salatu ez dezan. Dena ondo atera dadin, EH Bilduk Aupa Etxebeste! filmeko egileak kontratatu ditu aholkularitza lanetarako.