"Intimitatean ere, emakumeok libre sentitu nahi dugu"

  • Mari Paz Arrula naiz, tafallarra, eta adin guztietako beste 150 emakume baino gehiago bezala gure herriko taberna bateko komunean grabatua izan nintzen, lokalaren jabeak jarritako kameren bidez.

Bertako langileak ohartu ziren trikimailuaz eta haiek izan ziren nagusia salatu zutenak. Txalotzekoa iruditzen zait haien jarrera ausarta, lanpostua kolokan egonda ere egoera ez estaltzeagatik.

Gertaeraren berri izan genuenean, kasuan inplikatutako guztiak elkartu ginen, zer egin eztabaidatzeko. Ez da batere egoera erraza izan, herri batean, guztiok ezagunak izanik, oso zaila baita salaketa jartzea. Nahi ala ez, erasotzailearen familia eta ingurukoak ere zipriztintzen ditu kasuak eta prozesua gogorra izan da.

Gainera, gaia delikatua da, denok ez dugulako berdin pentsatzen; eta norberak bere hautua egin du. Batzuek nahiago izan dute ezikusiarena egin eta lehenbailehen gaia ahantzi; beste batzuk, aldiz, publiko egitearen aldekoak izan gara.

Askok oso gaizki pasa du eta irudi horiek non eta noren eskuetan egon daitezkeen pentsatze hutsak beldurtu egiten ditu. Horrez gain, halako kasuen ondorioz jendartean mesfidantza sortu da eta emakume askok aldagela, dutxa eta komun publikoetan segurtasun eza sentitzen du.

Historikoki emakumeon intimitatea jomugan egon da, eta horren adibide dira zelata-zuloak. Baina teknologia garatzen eta merkatzen joan den heinean, eskuragarriagoak dira tresnak eta erasoak eraldatu egin dira. Euskal Herrian halako grabazio ugariren berri izan dugu azken urteotan; eta zehazki, sei hilabetetan sei kasu. Datua ikaragarria iruditzen zait, badakigulako publiko egin ez diren halako gehiago ere badirela.

Ni kartzelaren kontra nago, baina argi ikusten dut halakoak salatzen ez baditugu egoera ez dela sekula aldatuko. Ez gabiltza etekin ekonomiko bila, horri uko eginen nioke, baina horrelako erasorik ez dadila errepikatu nahi dugu, intimitatean ere libre sentitzeko.

Gainera, legeak intimitatearen aurkako erasotzat soilik hartzen ditu kasu hauek, ez indarkeria matxista gisa. Kamera txiki bat edonork eskura dezake, eta nahi duen lekuan ezkutatu. Baina ez da kasualitatea emakumeok ez egitea. Teknologia berrien erabilpenarekin menperatze nahiaren funtsa errepikatzen da –gizonak indartsuago izatearen betiko aitzakia deuseztatuz, gainera–.

Argi ikusten da zigor-kodean hutsune handia dagoela alor honetan. Hori dela-eta, Nafarroako Parlamentuarekin harremanetan jarri gara eta bertako Berdintasun Batzordea lanean ari da gaia landu eta legean esku-hartzeko.

Iragan maiatzaren 5ean Parlamentuko lan saio batean izan ginen gure kasua azaldu eta legedia alda dadin eskatzeko. Izan ere, 2004. urteko Espainiako genero indarkeriaren gaineko legea (abenduaren 28ko 1/2004 legea) oso zaharkitua geratu da. Bikotekideek edo bikotekide ohiek eginiko erasoak bakarrik hartzen ditu indarkeria sexistatzat eta egungo sisteman gertatzen diren beste hainbat eraso kanpoan uzten ditu.

2015eko indarkeria matxistaren kontrako Nafarroako Legeak (apirilaren 10eko 14/2015 Foru Legea) modu zabalagoan eta gaurkotasun handiagoz biltzen eta ulertzen ditu erasoak. Hala ere, hankamotz geratzen dela iruditzen zait, errealitatean ematen diren indarkeria mota ugari ez dituelako jasotzen.

Instituzioek ongi hartu gaituzte eta hori eskertzekoa da, entzun digutelako eta lanerako prest agertu direlako. Baina azaldu diguten sentsibilizazioaz gain, gauzak aldatzeko konpromisoa eskatzen dut.


Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude