Geruzen gainetik piztia

Hauts
LIHER
Autoekoizpena, 2016
Hauts LIHER Autoekoizpena, 2016

Izen bera duen lagun on bat badut ere, ez zait berez erakargarria egiten ekintza-gunea Donostian duen talde honen izena, baina taldekideek izango dute horretarako arrazoirik eta, zer arraio!, beste askotan bezala ohituko gara seguru. Gainera, badirudi talde hau luzerako etorri dela; izan ere, hasierako pausoak irmo ematen dabil laukotea, eskaintza landua prestatu du, non-nahi jotzeko irrikan dago eta zer konta ere badu. Zer gehiago eskatu dezakegu? Taldearen arima eta arnasa den Lide Hernandok 2015ean ekin zion bakarka emanaldi akustikoak egiteari eta maketa ere kaleratu zuen. Gerora, musikari gehiago batu zitzaizkion eta, emaitzak gorputz handia hartuta, honako diskoa argitaratu dute beraien kabuz.

Lide Hernando donostiarra berria da musikaren eszenan, baina badirudi emateko asko duela eta ahalegintzeko prest dagoela, gainera: horren erregistroak, horren ahots jarioa eta aniztasuna. Eta alboan musikari finak ditu, gehienak eskarmentudunak, Lideri gainetik proiektatu eta hegan egiteko lurzorua zaindu eta errazten diotenak, dotoreak. Horien artean oso nabarmentzekoa da Naizroxa eta Anai-Arrebak taldeetan luze aritutako Etxarri gitarra jotzaileak egindako lana.

Lehenik eta behin –nahiz eta ez dudan sarri jomuga hor jartzen– kantuen hitzak goraipatu nahiko nituzke. Existentzialak dira, edonoren bizitzan txertatzeko modukoak eta oso egiazkoak. Eta gustatu zait nola idatzi dituzten: ostia txarra, hausnarketa eta ironia neurri oso egokian uztartuta.

Musikari dagokionez, bederatzi kantutan abeslari erraldoi eta talde sendo zein irudimentsua agertu zaigu aurre-aurrean. Diskoari izena lapurtutako Hauts jantzi rockeroa duen pop perla ederra da; Kaiola nire gustukoena da, indartsua, rockeroa, dantzagarria eta Lide beltz bihurtuta erabat aske ari dena. Lurrean hegan balada hit!a da, progresibotik edan eta erraz asko mainstream kantua izan daitekeena. Esnea zuri metaforikoak 70eko hamarkadako karga handia dauka eta bluesa zein rocka batuz, groovetik eta souletik zipriztintzen ondo dakitena. Kizkaliz berpiztu malenkoniatsua da, ia orkestrala, eta urgentziaz betea eztanda egiteko puntuan. Maitemina piezak kontzeptuan eta iluntasunean Cave-n Murder ballads ekarri dit gogora, nahiz eta hard-rocketik eta Iparraldeko kantutegitik elikatuta beste parametro batzuk erdiesteko gai den. Ez egin topa soul ganberroa da, oso itsaskorra, dantzagarria eta fiesteroa; zuzen-zuzena. Gizarte likido rockeroa eta stoner erabat pisutsua da, zapalgailu hutsa, haizezko instrumentuek lortutako akaberarekin zur eta lur utzi gaituena. Eta, azkenik, diskoa ixten duen Behazun beltza, pianoaz lagundutako blues-rock dotorea.


ASTEKARIA
2016ko urriaren 16a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Kultura
Iaz gehien mailegatu zen euskarazko liburua, Nerea Ibarzabalen 'Bar Gloria'

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako liburutegietan 2,7 milioi mailegu egin ziren 2023an, 2018an baino 100.000 inguru gehiago.


2024-04-21 | Ula Iruretagoiena
Lurraldea eta arkitektura
Eraikinaren gorputza

Baltimore ibai gaineko zubiaren erorketa urte bukaerako oroimeneko irudien artean jasoko da, zubi baten erorketa ikuskizun zirraragarri eta salbuespenekoa baita. Zeren eta zubiak eta eraikinak ez dira berez erortzen, lehergailu edo artefaktu baten eztandak bat-batekotasunaren... [+]


Mamu bat gure artean da

Eguzkiarekiko gertutasunak moldatu egin ei du Lurrak duen abiadura, eguzkia inguratzeko mugimenduan. Beste abiadura batzuk ere badira, ordea, eta balirudike lurraren abiada gero eta azkarragoa dela edo, bederen, aldaketak etengabean ditugula orpoz orpo jarraika. Egoera honetan,... [+]


2024-04-21 | Reyes Ilintxeta
Elisabeth Pérez. Sorkuntzaren defendatzailea
"Adimen Artifiziala etorkizuneko tresna ei da, baina bere funtsa iraganeko sormen lanak lapurtzea da"

Martxoan Iruñean egin zen liburu denden kongresuan ezagutu nuen Elisabeth sortzaileen lana pasioz defendatzen Adimen Artifizial sortzailearen aurrean. Handik gutxira elkarrizketa egiteko gelditu ginen Bolognako Liburu Azokara eta Kolonbiara joan aurretik. Aitortzen dut... [+]


Eguneraketa berriak daude