Ez Ponpeia, ez Gernika: hau Alepo da, mundu gerra baten epizentroa

  • 2,1 milioi biztanle 2004ko erroldan. Alepo da munduko hiririk zaharrenetako bat, Kristo Aurreko seigarren milurtetik gaurdaino etenik gabe biztanleak eduki dituena. Da? Zen. Ekialdeko auzoak matxinoen kontrolpean, mendebaldekoak gobernuarenean, UNESCOk gizateriaren ondare izendatutako hiria suntsitu dute, zepoan harrapatutako populazio zibila satorren gisa bizirautera behartuz.

“Trapped” (Harrapatuak) ipini diote izenburu ‘Japan Times’ egunkariak argitaratutako argazki honi: bi gizonetan zaharrena bonbardaketak harrapatu du plazan gereziak saltzen. Hala ahalegintzen dira bizirauten Alepotik –Siriako beste hiri eta herri askotati
“Trapped” (Harrapatuak) ipini diote izenburu ‘Japan Times’ egunkariak argitaratutako argazki honi: bi gizonetan zaharrena bonbardaketak harrapatu du plazan gereziak saltzen. Hala ahalegintzen dira bizirauten Alepotik –Siriako beste hiri eta herri askotatik bezala– ihes egin ez duten herritarrak, geopolitika deitzen den potentzia handien arteko xake-jokoaren ekaitz guztien pagatzaile.

Sare sozialetan zabaldu zen oihua bideoz lagunduta irailaren 20an: “Hau ez da Ponpeia, hau Alepo da”. Ez, ez zen Vesubio sumendiak jaurtitako errautsa haur hil eta zaurituak estaltzen zituena, Errusia eta Siriaren hegazkinek jaurtitako bonbek eragindakoa baizik, beren lehergai txit indartsuek eraikin handi osoak birrintzean.

Ponpeiakoa naturak eragindako txikizioa izan zenez, hobe Alepo XX. mendeko gerretan martiri bilakatutako hiriekin alderatzea. Frantziako enbaxadore François Delattrek esan du: “Alepo da Siriako gerran, Sarajevo izan zen Bosniakoan edo Gernika Espainiakoan”.

Siria eta Errusiako agintariek, aldiz, bestelako paralelismoa aurkitu diote Alepokoari: Stalingrad, II. Mundu Gerran alemanen inbasio ustez geldiezinak setiatua, sobietarrek amore eman gabe defenditua, azkenean nazien porrotaren hazia erein zuena.

Siriako gerran lehiatzen diren bi aldeentzako badaukan arren epika hori, Alepoko triskantzaren odolezko prezioak hunkitu behar luke mundua. Nazio Batuen Erakundetik humanitatezko gutxienezko legeak ez betetzea aurpegiratu diete Mosku eta Damaskoko agintariei. Ban Ki-moonek adierazi zuen lur jota utzi zutela iraileko azken asteburuko sarraskien berriek. AEBek eta Errusiak itundutako tregua laburra deusetan geraturik, Baxar al-Assaden militarrek Alepon hasitako ofentsiba militar berriaren kalteez ari zen.

Abuztuan gerrak gaiztotzera egin ostean Turkiako armadaren inbasioarekin, iraileko menia neke handiz negoziatuta hitzartu zuten Sirian eskua gero eta barnago sartzen duten AEBek eta Errusiak. Hasieran, 13tik aurrera tiroak erabat ez itzaltzea gorabehera gatazkan interesak dituzten alde gehienak onartuz zihoazen ituna, Damaskoko agintariak, Golkoko monarkiak, OTAN... Ez luzarako, ordea.

Egun haietan Teherango CSR Ikerketa Estrategikoetarako Zentroaren webguneak galdetzen zuen Afifeh Abedik sinatutako analisian: “Errusiaren estrategia Alepon: militarra ala politikoa?“. Iraniarrek ulertzen zuten AEBak eta Errusia Siriako gerraren inguruan adostasun batera hurbiltzen ari zirela, eta bereziki Alepo hiriari zegokionez.

“Analista ugarik uste dute –zioen Abedik– Alepoko gudua hain dela garrantzitsua ezen eta baldintzatuko baitu Siriako krisia bere osotasunean; hala ere, oso gudu konplikatua ere gerta daiteke”. Eta Errusia ez zuen ikusten korapiloa askatzeko prest; edo hiri hori askatzeko ez zuelako gastu handiegirik egin nahi, Siriako atal garrantzitsuagoak –funtsean Damasko eta Tartuseko base militarra– ondo kontrolpean zeuzkalako, edo Alepo airetik erasotzeak biktima zibil asko eraginez nazioarteko irudi txarra ekarriko ziolako.

Irailaren 17an gertatu zen seinale gaiztoa. Deir Ezzor hirian AEBen hegazkinek Siriako armadari eraso eta ia ziento bat soldatu hil zizkionean. Washingtondik azkar argitu nahi izan zuten deskuido bat izan zela, gudu-zelaitik iritsitako informazioak analizatzean egindako pettoaren ondorioa. Beste aldetik bestelako interpretazioa egin zen: Siriako ekialdea ia osorik kontrolatzen duen Estatu Islamiarrak Deir Ezzor setiaturik dauka eta AEBek Assaden soldaduak jipoitzean adierazi nahi zuen Siriaren zatiketa egonkortzen laguntzen ziela islamistei. Probokazio bat.

20an heldu zen erantzuna, Umm al Kubrako erasoa: tregua baliatuz populazio zibilari laguntzen ari ziren Nazio Batuen zerbitzuko kamioiak eraso zituzten. Nork? Errusiarren lana izan da, dio mendebaldeak. Errusiak, ukatu. Bi egunen buruan hasi da Alepoko ofentsiba. Ekialdeko auzoetatik matxinoak eliminatzera infanteria bidali aurretik, hegazkinek airetik txirtxilatu dute horietako eraikin oro bonbaka.

Leize morala, mundua adinakoa    

Alepon jokatzen da hein handi batean Siriako gerra, ados agertzen dira analista gehienak horretan. Herrialdeko hiririk handiena, eta benetako hiriburu ekonomikoa, Baxar el Assaden kontrako matxinadatik aparte geratua, Damaskok osorik berenagatzen baldin badu nabarmen utziko du gobernua ez dagoela bihar-etzi erortzeko. AEBek, OTAN, Israel eta Golkoko potentziek lagundutako matxinoentzako muturreko galanta. Baina horretarako... Alepo osorik kontrolatu behar du el Assadek.

Ofentsiba berriaren lehenbiziko hiru egunetako bonbardaketetan 200-300 hildako eta askoz jende gehiago zauritu dute. Ospitaleak, bizilekuak, azpiegiturak oro daude eraitsita. Setioaz gain bonbak, hornidurarik ez da kasik iristen Alepoko ekialdeko auzoetara. NBEk Siriarako izendatu bitartekari Staffan de Misturak salatu du iraileko azken zortzi egunak izan direla Siriako gerrak sei urteotan ezagututako gogorrenak.

Damaskoko tropei bidea errazteko hegazkin errusiarrek egindako bonbardatze sistematikoak dira De Misturak salatu dituenak: “Airetik erasotzen ari dira mota berriko armak erabiliz jende asko bizi den auzoetan, tartean sua eragiten duten bonbak, bunkerrak lehertzeko inguru guztia suntsitzen dutenak. Horiek jendez betetako lekuetan erabiltzea gerra krimentzat jo ditzakegu. Hau gelditu beharra dago”.

Baina Alepoko irudiak direla eta NBEen biltzarretan Baxar el Assaden eta Errusiaren gerra krimenak haizatzen dituzten AEBetako, Erresuma Batuko eta Frantziako ordezkariek ezkutatu nahiko lukete haiek saldutako arma eta munizio sofistikatuekin beste hainbeste egiten dutela matxino islamistek. Siriako gerra propagandan ere jokatzen da.

Elias Khoury idazle libanotarrak, palestinarren alde lumaz gain armaz ere borrokatutakoak, “Palestina, Siria eta gure itsukeria” artikuluan dio Siriako gerrak erakusten duela munduaren etikaren neurria, 1948an Israelgo Estatua sortzeko ehunka mila palestinar kanporatzeak erakutsi zuen moduan. Nola jarraitu iraganeko masakreak ospatzen esanez “horrelakorik berriro ez!” eta aldi berean isildu egunotan luzatzen ari den Siriako dramaz?

“1948an mundu osoak –dio Khouryk– mundu arabiarrak barne, ezjakinarena egin zuen [Nakbarekiko] edo gezurra esan. Gaur egun inork ezin du esan ez dakienik Sirian zer gertatzen den. Haur siriarren argazkiak bihurtu dira gure unibertsoaren lotsaren ikono, siriarrak hiltzea ohiko egin da indiferentzia bilakatzeraino eta milioika errefuxiatu, etxe gabe, gaixo eta goseturen sufrikarioak gure etxeetan sartu dira, baina hala ere ez dirudi horrek inor kezkatzen duenik. Leize morala mundua adinakoa da”.

UNICEFeko zuzendariorde Justin Forsythek esan du: “Alepo hiltzen ari dira pixkanaka eta munduak begira segitzen du, orain gainera ura moztu dute, horra inhumanotasunaren azken erakusgarria”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Siriako gerra
2022-11-08 | Aitor Aspuru Saez
Abdulkarim Omar
"Herri kurduaren aurka erabili ditu Turkiak, NATOra batzeko Suediak eta Finlandiak egindako eskaerak"

Abdulkarim Omar kurduak farmazia bat zuen Qamishlo-n, bere herriaren iraultza hasi zenean Sirian, 2012an. Orduan negozioa utzi eta lan politikoan sartu zen buru-belarri. Urriaren amaieran Euskal Herria bisitatu zuen, Siriako Ipar eta Ekialdeko Autoadministrazioko ordezkari... [+]


AEBk Siriako base irandar batzuk bonbardatu ditu

Estatubatuar presidente Joe Bidenek eman du agindua Deir ez-Zor-eko bunker gunea bonbardatzeko. Munizioa biltegiratzeko eta laguntza logistikoa emateko erabiltzen diren bunkerrak direla adierazi du AEBtako armadak komunikatu batean.


2021-09-21 | Axier Lopez
Irailaren 11ko legatua: Yes we drone

2001eko urrian, irailaren 11n World Trade Centerren aurkako erasoak gertatu eta hilabetera, Amerikako Estatu Batuetako Aire Armadako pilotu batek historia egin zuen: drone moderno batekin (The Predator) eraso hilgarria egin zuen lehen pertsona izan zen. Ordutik, droneak XXI... [+]


2021-02-07 | Aitor Aspuru Saez
Siriako kurduen erronka zaila
Zer egin ISISeko milaka kide ohiekin?

Duela ia bi urte amaitu zen Daesheko Kalifatoa, baina erakunde horretan ibilitako milaka lagunek Siriako ekialde eta iparraldean jarraitzen dute. Kurduek gidatutako proiektu politikoak arazo larria du beste inork jaso nahi ez dituen pertsona hauek kudeatzen.


2020-07-22 | Mikel Eizagirre
Assaden Baaz alderdiak eta haren aliatuek irabazi dituzte Siriako parlamentuko hauteskundeak

255 eserlekutatik 177 eskuratu ditu al-Assaden “Batasun Nazionala” izeneko hautagaitzak.


Eguneraketa berriak daude