Azken urteetan sortu den Baserria XXI ekimenak, Gipuzkoan agroekologia oinarri hartuta lanean dabiltzan baserritarrak eta lehen sektoreko langileak biltzen ditu. Elkarren arteko harremanak josteko beharra zegoela ikusita, bailaraz bailara lurra lantzen zebilen jendea topatzea eta elkartzea izan zen lehen lana.
Beste ezer baino lehen, elkar ezagutu
Lehen asanbladak elkar ezagutzeko izan ziren, batez ere: nortzuk ziren aurkeztu, zer egiten zuten azaldu... Baserritar askok hartu zuten parte hasierako asanblada horietan.
Elkarte berria sortzeko prozesua dinamizatzeko, Joxemi Zumalabe Fundaziokoen laguntza jaso zuten. Antolatutako hainbat saiotan, partekatzen zituzten zailtasunak eta hutsuneak identifikatu zituzten. Bestalde, elkartearen barruan lantaldeak osatu zituzten: desobedientzia, presioa eta okupazioa, formazioa eta sareak jostea eta antolaketa eredua eta merkaturatzea.
“Baserria XXIen funtzionatzeko modua asanblearioa da: lantalde bakoitzak ordezkariak ditu, txandakatu egiten direnak, eta hileroko bileran parte hartzen dute ordezkari horiek, kudeaketa lana egiteko”, kontatu du Ane Gorosabel Baserria XXI elkarteko kideak.
Urriaren 1eko hitzordua
Urriaren 1ean Donostian emandako prentsaurrekoa hitzordu garrantzitsua izan da Baserria XXI elkartearentzat, eta orokorrean Gipuzkoako lehen sektorearentzat. Herrialdeko nekazari eta abeltzainak elkartu eta taldearen aurkezpena egitea zuten egun horretako helburu kideek, lehen sektorearen aniztasuna islatuz nolabait. “Azken urteetan lehen sektorean lanean hasi garen gazteak nahiz 40 urte honetan daraman jende helduagoa, guzti horiek batzea da gure nahia”.
Lanean jarraitzeko konpromisoa azaldu zuten taldeko kideek prentsaurrekoan: “Eguneroko jardunean arituko gara, gure lur eta baliabide naturalak nekazaritza eta abeltzaintza iraunkorrerako erabil daitezen, lurrik gabekoek lurrak eskura ditzaten, emakume baserritarrei dagokien garrantzia aitor dakien, herritar guztiok, baina batez ere txikienek, kalitatezko elikagaiak jateko eskubidea bermatua izan dezaten”.
Eurek dioten bezala... “Eutsi lurrari!”