AEK-k antolatutako barnetegi ibiltarian 36 lagun bildu ziren uztailean. 15 egun, 350 kilometro, Muskizetik Ezpeletara. Euskara maila politekoak denak, etengabe euskaraz aritzeko irrikaz. Kide horietako bat izan zen ARGIAko Dani Blanco argazkilaria. Argazkiak egin zituen, nola ez, eta bere gogoetak ere ekarri ditu hona.
Egunero mendian ibili garenez, naturari lotutako terminologia ikasteko aukera polita izan dugu. “Zenbat sasi eta iratze!”, “Nik ez dut horrela esaten”, “Eta nola esaten duzu ba?”. Euskal Herri osoko ikasleak izanda, sinonimoak ikasten fin ibili gara.
Irakasleek gure artean hitz egitea bultzatzen zuten. Batzuetan jolasak egiten genituen, goiko argazkian ikusten den moduan, mihia astintzeko. Gutako askok ez dugu etxean euskaraz egiten, batzuek lantokian baino ez, beste batzuentzat euskaltegia da euskaraz egiteko aukera bakarrenetakoa. Horregatik joan gara barnetegira, etenik gabe euskaraz egiteko. Hitzen bat ateratzen ez bazitzaigun, erdarazkoa ‘euskerizatu’ eta aurrera!
Kiroldegietan, frontoietan, AEK-ko geletan egin dugu lo. Abeslarienak ordea, ez ziren oheratzen kantaldia egin gabe.
Lagun batek esan dit beheko argazkia ikusita antzematen dela bukaerarako gure artean konfiantza giroa indartu zela. Harreman estuak egin genituen, eta horrekin batera, Ezpeletara, helmugara, iritsi ginelako poz-pozik geunden. A, hauxe den-denok ikasi genuen esaera barnetegi ibiltarian: ‘Baba atera zait oinean’.