"Eliza frankismoaren zutabe zela konturatu, eta botatzea erabaki genuen"

  • 1968a, urte beroa Euskal Herrian. Errepresioa latza, José Pardines guardia zibila eta Txabi Etxebarrieta hilak, Melitón Manzanas hila… Bitartean, Zamorako konkordatu kartzela estreinatu zuen orduko abade Alberto Gabikagojeaskoak.

“Nik aitzakia barik ikusten ditut oraingo gazteak, saiatuak, ondo prestatuak, nahiz eta erbesteratze ekonomikoa ere hor den”.
“Nik aitzakia barik ikusten ditut oraingo gazteak, saiatuak, ondo prestatuak, nahiz eta erbesteratze ekonomikoa ere hor den”.Zaldi Ero
Alberto Gabikagojeaskoa. Mentxaka 1936, Lekeitio

Apaiz izana, Zamorako konkordatu kartzela estreinatu zuen 1968an. Hilabete eta erdiko egonaldia eta gero libre irten, baina bertan zen berriro 1969an, eta hantxe eduki zuten 1976 arte, Franco hil ondoko urtera arte. Harrezkero hamabi urtez AEK-ko Didaktika Taldeko kide eta euskara irakasle izana, hainbat lan ekarri ditu euskarara. Tartean dira Charles Darwinen Espezieen jatorria, Eric Fromen Askatasunetik iheska eta George Santayanaren Edertasun-sena. Herri mugimenduetan parte hartuz ari da beti.

Gazte joan ohi zineten apaiz seminariora.

10-11 urterekin. Ni, esaterako, Saturraranera eroan ninduten. Ni bizkaitarra, baina gipuzkoarrak ziren han gehienak. Bost urte egin nituen han, bi urte Gasteizen, eta beste bost Derion. Gure familia sinestuna zen –ama, oso–, eta nik, berriz, idealismorako joera neukan, erlijioaren bidez zetorrena, batik bat. Beste aldetik, Franco zegoen agintean, haren erregimena, eta errepresioa ere itzela zen. Nahiko isilpean kontatzen ziren gauzak. Ume ginen, baina bagenekien herriko andre bati, Nieves izena zuen, errizino-olioa eman ziotela eta ilea moztuta ibili zutela kalean. Eskolan, berriz, Cara al sol kantatzen genuen, baina geure modura. “Impasible el ademán”, adibidez, “imposible el alemán” kantatzen genuen. Guk ez genekien zer zen impasible, ez ademán ere!

Eta Saturraranen?

Biziera ez zen zarratua, pabilioi diferenteak ziren eta batetik bestera joan behar izaten genuen. Kanpoan geunden, hondartza baten gainean, bertan egiten genuen futbolean, euskara diferenteak ezagutzeko era izan genuen… Gipuzkoarren duroa, ogerlekoa zen guretzat. Haien bi paretak, gure horma biak. Irakasleetan oso euskaltzale handia zen, adibidez, Andoni Basterretxea, edo Emiliano Iturraran.

Saturraran, Gasteiz, Derio.

Estuena Gasteizen izan nintzen, komentuaren antza handiena hark zuen. Derion, Bizkaiko gotzain [Casimiro] Morcilloren garaian, zenbait irakasle Madriletik etorri ziren, eta bertokoak baino irekiagoak izan ziren. Askatasunez jokatu zuten gurekin. 1960an apaiztu nintzen, eta Ajuriako parrokiara bidali ninduten. Han izan nintzen 1969 arte, kartzelan egindako egonak salbu. Ajurian, herriarekin bat eginda egotea zen nire lana, eta horrez aparte, Herri Gaztedi antolatzea, adibidez.

Zergatik Herri Gaztedi?

Jendea kristautzeko era egokia zelako, gizatasunetik kristautasunera bidea egiten genuen, gaztetxoekin, eta ez hain gaztetxoekin. Aisiako ekintzak egiten ziren, eta haien gaineko gogoeta gero. Behin, jai bat antolatu zuten Herri Gaztedikoek Ajurian, eta 60 polizia baino gehiago etorri ziren herrira, hura zer ote zen ikusten. Guardia zibilak ezagunak ziren, baina orduko hartan grisak etorri ziren. Baserritarrak ikaratuta zeuden, eta gu ere bai. Ajuria, Iurreta, Durango, Gernika, Areatza, Derion… Bizkaiko eta Gipuzkoako hainbat herritan zegoen Herri Gaztediren talderen bat.

Zer gertatzen da 60ko hamarkadaren hasieran apaizen artean? Meñikako abade Patxi Bilbao batek, esaterako, pulpitutik salatzen du alkate eta zinegotziek elizara bandera espainola sartzea. Zuk, Ajurian, Areatzan izandako zenbait atxilotze eta tortura kasu salatzen dituzu.

Gure izenak egunkarietan azaldu zirenak dira, baina abade mordoa ginen garai hartan borrokan. Esate baterako, 1960koa da 339 abaderen agiria, Euskal Herriko gotzainei bidalitakoa eta Francoren eta egunkari espainolen haserrea ekarri zutena. Maiatzean atera zuten, eta ni, berriz, ekainean apaiztu nintzen. Horregatik ez nago sinatzaileen artean, abade zirenak baino ez zutelako sinatu. Abade mugimendu itzela zegoen hemen ordurako.

Abade mugimendua…

Baina ez zen abade mugimendua bakarrik. Ez Dok Amairu ere hor zen, eta haren eragin ikaragarria abadeengan eta herritarrengan. Ordu arteko kantu zaharrak utzi eta protesta kantuak zabaldu ziren. Julen Lekuona ere abade zen, eta Ez Dok Amairukoa, eta han da abade errepresaliatuaren kantua, Hiltzaile bat bezala. Hori zen giroa, eta Herri Gaztedi, JOC [Gazteria Langile Kristaua], HOAC [Ekintza Katolikoaren Langile Anaidia]… herriaren eskubideak eskatzen hasi ziren. Horrek ere eragin handia izan zuen abadeengan.

1964an pekoz gora jarri zuten zenbait gaztek Areatzako eskola; pintada eta gainerako. Guardia zibilak egindako atxiloketak etorri ziren gero. Zuk, atxilotuek jasotako kolpe eta tratu txarra salatu zenituen pulpitutik, domekako mezan.

64ko azaroaren lehenengoan izan zen, sermoia egin nuen Ajurian eta Ibarrurin, bietan. Eta hortik etorri zen nire kontrako pertsekuzioa. Ordena Publikoko Auzitegiak prozesatu egin ninduen, propaganda ilegala aitzakia hartuta. Nik egindako sermoia, propaganda ilegala! Gero bai, zabaldu egin zen sermoia. Baten batek eskatu zidan, eta nik eman egin nion, euskaraz. Ondoren, itzuli egin zuten eta han eta hemen zabaldu zen, erdaraz, Enbata, EGI eta beste jende askoren bitartez. Zamorako liburua egin genuenean, berriz, erdarazko testua hartu eta atzera euskarara ekarri nuen, orduko denborako bizkaieran ustez egingo nukeen moduan ipinita.

1965ean epaitu zintuzten: sei hilabeteko kartzela eta 25.000 pezetako isuna izan zenituen zigor.

Dueñaseko Trapako komentuan eduki ninduten lehenengo, hilabete eta erdian. Donejakue urtea izan zen, ordea, eta erdira ekarri zidaten zigorra. Abadeak komentuan egon behar ziren zigorra betetzen, Zamorako kartzela ez zegoen elizaren eta Francoren asmoetan. Baina Dueñasera jende asko etortzen zitzaidan bisitan. Beste leku batzuetara ezin joan zirelako-edo, ni ikustera etortzen ziren. Baina nik ez nuen komentuan nahi, abade izan nahiz ez, Francoren preso politiko nintzen, elizak ez zuen pribilegiorik behar, kartzelan nahi nuen. Egun batean, poliziak etorri zitzaizkidan Zamorako kartzelara eramateko. Ni pozik, baina fraideen bidez esan nien gotzainaren sinadura ekarri behar zidatela, komentuan bertan ezkutatu nintzen. Poliziak kanpoan, ni komentu barruan ezkutatuta, kartzelara eraman arte. Egun bi egin nituen ezkutatuta, notarioa ikusi nuen arte, gotzainaren agiria zekarrela, ni kartzelara eramateko baimenarekin. Horrela, gotzaina agintarien interesetarako konkordatua apurtzen agertzea nahi nuen.

Eliz agintarien oniritzia behar zelako abadeak kartzelara sartzeko.

Idealismo handiz egin ginen abade, herriarekin egon behar ginela sartu ziguten. Gero, abade ginela, konturatu ginen Eliza frankismoaren zutabe inportanteenetako bat zela, gu geu ginela zutabe hori, eta hura bota behar genuela erabaki genuen. Herria engainatzeko tresna nagusia zen Eliza, eta horretaz kontura zedin egin genuen lana.

1968an zinen Zamoran.

Hilabete eta erdi Dueñasen egin nuen, ekainaren zati bat eta uztaila ia osoa. Harrezkero Zamoran izan nintzen irailaren zortzi arte. Amurizarekin batera irten nintzen, hura hilabeteko isunarekin sartu zuten lehenengo aldi hartan.

Urte hartako ekainaren 7an Pardines guardia zibila hil zuen Etxebarrieta ETAko kideak eta ondoren bera hil zuen guardia zibiliak. Abuztuaren 2an, Gipuzkoako Brigada politiko-sozialaren buru Melitón Manzanas hil zuten.

Uste dut ordurako Zamoran hiru lagun ginela, Juan Mari Zulaika, Felipe Izagirre eta hirurok. Ni hara eraman eta hurrengo egunean ekarri zituzten beste biak. Eskutitz bat jaso zuen bietako batek, esanez euren baserrian sagar bat erori zela. Baina baserririk ez zuten, sagarrik ere ez. Zer esan nahi ote zuen pentsatzen eta pentsatzen, azkenean asmatu zuten Manzanas hil zutela.

Irailean Zamoratik irten, eta Derioko apaiztegian itxialdian sartu zineten azaroan.

Batetik irten eta bestean sartu, kasik arnasa hartu barik. 70 abade, fraide eta jesuita ginen Derion sartu ginenok, azaroaren 4an. Eskutitz bat atera genuen herriaren aldeko Eliza aldarrikatuz. Hilabete inguru eutsi genion han. Abade batzuek ihes egin behar izan zuten, errepresioa itzela zen, gero eta handiagoa, orduko atxilotuek tortura eta tratu txar gogorrak jaso zituzten: Mario Onaindia, Jon Etxabe… eta 1969ko maiatzaren 30ean gotzaindegian itxialdia egitea pentsatu genuen.

Xabier Amurizaren bertsoak esaten du zein eta zein zineten itxialdian: “Bata Gabika, hurren Kaltzada, Naberan ondoren / Amuriza da laugarren / nor falta ete da hemen / guztion buru Nikola [Telleria] jarri behar nuen goren”.

Eta gerra-kontseilura zuzenean Burgosera. Zamorakoa kontatuta dago liburuan [Zamorako apaiz-kartzela, Txalaparta, 2011], baina han egon ginen 1976ko martiaren lehena arte. Batera irten ginen Naberan eta biok. Zazpi urte pasatu nituen Zamoran. Irteeran, bila etorri zitzaizkigun senideak, Danbo [Luis Mari Danborenea] abokatua, herriko lagunak… Heldu naiz Lekeitiora, eta jendea zain, baina guardia zibilak ere bai, kalekoz jantzita, tabernarik taberna. Mola jenerala zen gure kalea orduan; herrian, Pulmonia kalea, portua eta plaza biltzen delako han eta sekulako haize korrontea izaten delako. Heldu gara Lekeitiora eta han naroate. Jaisten naiz autotik eta lehenengo besarkada, Enrike gozogilearena. Askatzen du guardia zibilak, kolpez jotzen du aurpegian eta airean botatzen du. Sartu naiz etxerako, eta atetan hantxe senideak. Guardia zibilak muturka hasi ziren, eskularruak jantzita, barruan burdina. Jo dute nire anaia eta matraila apurtu diote. Nire lobak hori ikusi eta borrokan hasi zen guardia zibilekin. Kuartelera eroan zuten, nahiz eta libre utzi zuten. Ni, berriz, Zamoratik orduantxe irtenda, eta borroka haren erdian. Zer pentsatu ez nekiela geratu nintzen.

Harrezkero, AEKn izan zinen lanean urte askoan.

Oso interesgarria izan zen AEK-ko lana. Denetik egin nuen, eta denetik ikasi. Erabilerak behar zuela ardatz izan sartu genuen garai hartan, denbora gutxian jendeak berba egin behar zuela. Eskuzabaltasun handiko garaia izan zen: berdin irabazten genuen denok, gutxi, baina berdin, eta zahartzarokorik-eta barik. Horixe eskatuko nuke nik, orduan gazte-gazte zirenek AEKn egindako urteak kontatzea zahartzarokoan. Nik Gernikako taldearekin egin nuen lan, andrezkoak ziren gehienak, kategoria itzeleko jendea. Gustu handia izan da. Horrela egin liteke lan.

Herri mugimenduetan ere saiatua zara.

Pilo batean ibili naiz, han eta hemen. Lizarra-Garazin eta bestetan. Gogoratzen naiz Gernikan talde mordo bat biltzen ginela, alderdi politikoak eta bestelakoak. Baina PNV ez zen etortzen. Guk, hala ere, batzarra egin eta akta bidaltzen genion, eta etortzeko gonbita egiten. Eta, hala, etorri ziren arte, majo etorri ere. Lizarra-Garazi alferrik galdutako aukera izan zen. Lan handia egin genuen herrian, behetik gorako mugimendua izan zen, serio egin genuen lan. Hura ondo izan balitz beste gauza bat izango genuen orain. Hogei urtetsu dira. Gure Esku Dago-rena ere lan ederra da, hori ere behetik gora etorri da.

Herrigintzan oraindik ere zu.

Bai, herri mugimenduetan, Gernika batzordean… Adin guztietako jendeak egin behar du ekarpena, bakoitzak bere neurrian. Nire edadean ere ekarpena egin ezinik ez dago, protagonismo barik, eta arreta geureganatu barik, baina ekarpena egin, gizartearen abiadarekin batera. Bada asko entzuten den aitzakia bat: “Oraingo gazteak, izan ere…”. Nik aitzakia barik ikusten ditut oraingo gazteak, saiatuak, ondo prestatuak, nahiz eta erbesteratze ekonomikoa ere hor den.

Hortxe zu, gazteen eta ez hain gazteen artean.

Bai, neure ekarpentxoa egiten saiatu naiz beti, protagonismo barik, mugimenduak baliatzen, gazteen artean eta adin guztietako jendearen artean.

Guardia zibila eta guzti

“Zamoran nengoela aita hil zitzaidan, eta Lekeitiora ekarri ninduten hiletara, guardia zibilek zainduta, eta haietako bati lotuta: nire ezker eskua haren eskumari lotuta. Herrikoak etortzen zitzaizkidan, eta elkar besarkatzen genuen, baina beso biekin nik, guardia zibilarena ere neurearekin batera hartuta, bion eskuak     zauritu arte”.

 

Zamorako ihesa

“Klaustrofobia neukan, eta ez nuen tunel barruan lan egin. Handik ateratzen zen lurra non edo non bota behar izaten zen, eta huraxe izan zen nire lana. Egun hartan lurra kaxa batean sartu eta komuneko zulo jakin batetik botatzen ari nintzen, astiro-astiro. Zaintzaileak ere zaintzen genituen guk, eta han ari nintzen. Baina momentu batean ikusi nuen komunera zetorrela funtzionario bat. Komunak ez zeuden goitik eta behera guztiz itxita. Eta zer egiten du presoak komunean kaxa bete lur duela? Prakak jaisteko keinua egin nuen, eta funtzionarioak bira egin eta alde egin zuen. Eta eskerrak!”.

Azken hitza: Hil ala bizi

“Gasteizko apaiztegian nengoela dutxatuta nago ni kanpoan hamalau gradu zeropean egiten zuela. Bada, neguko dutxa hotza bezalakoa da kartzela: edo bertan geratzen zara, hilda, edo biziberritu egiten zaitu”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Espetxe politika
2023-12-07 | Ahotsa.info
Karmele Solaguren sakabanaketa politikaren biktima gogoratu dute Barañainen

Bere heriotzaren 19. urteurrenean, Karmele Solaguren gogoratu dute bere omenez herrian jarritako monolitoaren aurrean. Solaguren kotxe istripu batean hil zen, bere semea Ekain Gerra Madrilgo espetxe batera bisitatzera egindako bidai batean. Solaguren bezalako biktimen aitortza... [+]


Sara Fernandez preso politikoen senidea biktima gisa aitortzea eskatu dute

“Sara gogoan” plataformak preso politikoen senidea motibazio politikoko “biktima gisa” ofizialki aitortzeko beharrezkoak diren mekanismoak antolatzeko eskatu die Nafarroako erakunde nagusiei. Hura omentzeko memoria ekitaldia egingo dute azaroaren 28an.


2023-11-06 | ARGIA
Espetxera itzularazi ditu Auzitegi Nazionalak Juan Carlos Subijana eta Joseba Borde euskal preso politikoak

Subijanaren eta Borderen kasuan bigarren aldiz, Basauriko espetxeak onartutako hirugarren gradua lehengoratu du Espainiako Espetxe Zaintzako Epaitegi Zentralak. Subijana preso arabarra larriki gaixo dago. Sarek “atsekabea eta haserrea” adierazi ditu, eta... [+]


2023-10-02 | ARGIA
Azpiegitura gabezia nabarmendu du Jaurlaritzak espetxe-kudeaketaren biurteko balantzean

Urriaren 1ean bi urte bete dira Eusko Jaurlaritzak EAEko espetxeen kudeaketa bere gain hartu zuenetik. Bi urteko balantzearen txostena argitaratu berri du. 1.577 pertsona daude preso. %86 daude zigortuta, %8 emakumeak dira eta %31 hirugarren graduan daude. Euskal Espetxe... [+]


2023-08-21 | Ilargi Manzanares
Sare Herritarrak Auzitegi Nazionalaren jarrera "oztopatzailea" salatu du

Fiskaltzat euskal presoen gradu progresioen hiru laurdenei errekurtsoa jarri diela salatu du. Martxan diren salbuespeneko politikekin bukatzeko beharra aldarrikatu du presoen eskubideen aldeko plataformak.


Eguneraketa berriak daude