2016ko urriaren 02an

Zine soziala saritu dute Zinemaldiko ikus-entzuleek, elikagai bankuan emakume bat, gosearen goseaz, babarrun lata bat irekitzen eta zuzenean latatik jaten ikusteak hunkitu egin gaituelako, hainbeste da horrelako eszena batek esan nahi duena. Bai, Ken Loach zuzendari britainiarraren zigilua bete-betean daraman I, Daniel Blake saritu du publikoak, Loachen formula ezaguna zaigun arren, ongi funtzionatzen duen formula delako. Dramatismo merkean erori gabe, gizarte babesari loturiko burokrazia zenbateraino den kafkianoa, bihozgabea eta, areago, hiltzailea salatu du oraingoan zuzendari ezagunak. Demagogikoa eta panfleteroa dela esango du baten batek, baina guri oso errealista eta sinesgarria iruditu zaigu irudikatu duen sistema burokratikoa, pertsonak Gizarte Segurantzako zenbaki huts gisa tratatzen dituena, beharra duen jendea dela sinestea baino nahiago duena iruzur egitera datozela pentsatzea, Estatuaren kontura bizitzera. Beste aldean, biktima ahulen ordez pertsonaia indartsuak eraiki ditu zuzendariak, bizimodu duina lortzeko eta euren eskubideak defendatzeko borrokarako prest, erori ostean berriz altxatzeko eta elkarri laguntzeko prest, eta eraikin publikoen aurrean –eszena bikain batean– graffiti bidez administrazioaren hipokresia salatzeko prest.

Europako film onena ere, publikoaren aburuz, zine soziala da: Claude Barras zuzendariaren Ma vie de Courgette animazio lana. Harrera-etxe batean bukatu duten umeen istorio apur bat naif, apur bat estereotipatua da, baina mimo handiz egina.

Publikoaren Sarirako parte hartu duten pelikulen sailean, Donostiako Zinemaldian behin baino gehiagotan izan ditugun zuzendarien urtea izan da, eta ez digute huts egin, gehienek pelikula gogoangarriak utzi baitizkigute. Horren erakusgarri, hiru adibide:

Pablo Larrain Txileko zuzendari aipagarrienetakoak Neruda aurkeztu du, Pablo Neruda poetari buruzko filma: Alderdi Komunistako kide izateagatik poeta atxilotzeko agindua eman zuten garaian girotua, Neruda lurtarrena erakutsiko digu filmak, bere kontraesan guztiekin. Pelikula biografikoen ohiko arauetatik aldendu eta istorio bitxia, originala sortu du Larrainek: poliziaren pertsonaia asmatu eta errealitatearekin eta fikzioarekin jolastu du, espazioekin, narrazioarekin, generoen uztarketarekin… Ederra da emaitza, irudietan, gidoian, kontatzeko moduan, poetaren unibertsoa atzemateraino.

François Ozon frantziarra ere ez da berria Donostian, eta Frantz paregabea du azken lana. Lehen Mundu Gerraren amaiera da, eta Frantzian guda-zelaian hildako senargai alemaniarraren hilobira bisitan joan da Anna. Baina ez da bakarra, gizon frantziar misteriotsu batek loreak eraman ditu Annaren senargaiaren hilobira. Abiapuntu horri tiraka, iraganari begira eta iragana berreskuratzeko ilusioz bizi den protagonistaren istorioa da Frantz, frustrazioz frustrazio aurrera egingo duen emakumearena. Bihurgunez jositako trama da, baina artifiziorik gabe, dotore eta fin narratua, tonu klasikoan. Nahi duen lekuetatik eramango gaitu zuzendariak, guk sinestea nahi duena sinetsiko dugu, eta merezi duen bidaia izango da.

Iazko Publikoaren Sariak ere errepikatu du aurten: Hirokazu Koreeda zuzendariak. Berriz ere familia eta familiarteko harremanak ditu oinarri After the storm filmean; berriz ere tonu eta erritmo pausatuan kontatu digu istorioa; eta berriz ere, harrapatu egin gaitu zuzendari japoniarraren unibertsoak. Klase ertaineko familia baten amaraun konplexua du aztergai –ohiko legez–, intimista eta hunkigarri batzuetan, umoretsu besteetan, gordinago hainbatetan. Ilusioak desilusio bilakatzen direnean ere, hutsegiteek atzera bueltarik ez dutenean, bizitzan aurrera jarraitu behar da, iragana ezin dugulako aldatu, baina oraina eta etorkizuna bai.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Zinemaldia 2016
2016-10-16 | Gaizka Izagirre
Osasuntsu al dago Euskal zinema?

Aste batzuk pasa dira Donostiako Zinemaldiak argiak itzali zituela. Aurten, Zinemira sailean (Euskal zinemari eskainitako saila) sakontasun gehiagorekin murgiltzeko aukera izan dudanez, termometro paregabea iruditu zait datozen hilabeteetan estreinatuko diren euskal ekoizpenen... [+]


Donostiako Zinemaldia
Biolentziarik gabeko palmaresa

“Aurreikuspenak ez ziren batere onak eta, hori kontuan izanda, emaitzarekin nahiko kontentu gaude”. Ez dira PPko kide batek igandeko hauteskundeen emaitzak ezagutu ondoren egindako adierazpenak, lagun bati esan niona baizik, Zinemaldiko Sail Ofizialeko azken filmak... [+]


Indarkeriarik gabeko palmaresa

“Aurreikuspenak ez ziren batere onak eta, hori kontuan izanda, emaitzarekin nahiko kontentu gaude”. Ez dira PPko kide batek igandeko hauteskundeen emaitzak ezagutu ondoren egindako adierazpenak, lagun bati esan niona baizik, Zinemaldiko Sail Ofizialeko azken filmak... [+]


64. Donostiako Zinemaldia: Indarkeriarik gabeko palmaresa

“Aurreikuspenak ez ziren batere onak eta, hori kontuan izanda, emaitzarekin nahiko kontentu gaude”. Ez dira PPko kide batek igandeko hauteskundeen emaitzak ezagutu ondoren egindako adierazpenak, lagun bati esan niona baizik, Zinemaldiko Sail Ofizialeko azken filmak... [+]


Babarrun lata bat [Publikoaren Saria]

Zine soziala saritu dute aurten Zinemaldiko ikus-entzuleek, elikagai bankuan emakume bat, gosearen goseaz, babarrun lata bat irekitzen eta zuzenean latatik jaten ikusteak hunkitu egin gaituelako, hainbeste da horrelako eszena batek esan nahi duena.


Eguneraketa berriak daude