"Nazioarteko kooperazio politikak iraultzeko garaia da"

  • Elkartasunezko ekonomia sozialak krisi ekonomiko finantzarioari aurre egiteko zein lurralde baten garapena segurtatzeko balio duela dio Madani Koumarek, Afrikako elkartasunezko ekonomia sozialaren sareko buruak. Ez du berdina pentsatzen ordea nazioarteko kooperazio politikez. Gaizki bideratuak izanki, kooperazio horrek dakarren balio erantsia Afrikatik urrun gelditzen dela deitoratzen du maliarrak. Garapenerako kooperazioaren paradigma aldatzeko garaia dela dio.

“Afrikan sortu lehengaiak ez dira bertan transformatuak, horrek erran nahi du ez dela enplegurik sortzen. Egin genuen inkesta baten arabera, %2k baizik ez lukete migratuko enpleguaren egoera egokia balitz”, dio Koumarek. Argazkian, abuztuan Quebecek egin
“Afrikan sortu lehengaiak ez dira bertan transformatuak, horrek erran nahi du ez dela enplegurik sortzen. Egin genuen inkesta baten arabera, %2k baizik ez lukete migratuko enpleguaren egoera egokia balitz”, dio Koumarek. Argazkian, abuztuan Quebecek egin Munduko Foro Sozialean.

Zertan da elkartasunezko ekonomia soziala Afrikan?

Ekonomia erreala osatzen du Afrikan. Biztanleriaren bi heren horretan dabiltza. Usu ekonomia informala dela entzun ohi dugu, baina ez, zinez erreala da. Eskolatik ateratako gazteek sektore horretan kausitzen dute babeslekua, langabezian egon beharrean. Zinez deritzot, esperantza ekarle izateaz gain, lurraldearen oreka segurtatzen digu elkartasunezko ekonomia sozialak. Errespetu eta ezagupen handiagoa merezi duen sektorea da.

Sektorea laguntzeko nahikaria sentitzen ote duzue egitura publikoen partetik?

Hori da gure erronka: ezagupen politikoa lortzea eta elkartasunezko ekonomia soziala sustatzeko politikak planteatzea. Betidanik egon da elkartasunezko ekonomia soziala Afrikan, ez da berria. Baina kontua da inoiz ez dela sistematizatu. Herritar gehienak hunkitzen dituen heinean, irabaziak eta enpleguak sortzen dituen heinean, plan politiko nazionaletan sarturik egon behar du. Aldaketa dator eta poliki-poliki sektorea kontuan hartzen dabiltza gobernuak. Adibidez, plan politiko bat lortu genuen Malin, koadro legislatibo bat finkatu berri dute Marokon ere, ezagupen ofiziala lortzeko bidean dira Senegalen eta Kamerunen, eta abar. Talde parlamentarioak osatzen ari dira ezker-eskuin, sektorearen sustapena segurtatzeko. Beraz, erran dezakegu posturak aldatuz doazela: pobreziari aurre egiteko balio duen gastu global eta iraunkortzat hartzen dute sektorea gobernuek.

Justuki, pobreziaren aurkako nazioarteko kooperazio politikak estereotipoetan oinarrituak direla deitoratu ohi duzu.

Baserri munduaren garapenari so egin dezagun adibidez. Afrikan ezin dugu hitz egin laborantzaz familiako laborantza kontutan hartu gabe. Lehengaiak ez dira bertan transformatuak, horrek erran nahi du ez dela balio erantsirik eta enplegurik sortzen. Arazo larria da eta hori aldatzean datza gure borroka: ekoizpenaz gain, ekoiztutakoaren transformazioan laguntzeko balio behar dute politika horiek. Nazioarteko kooperazio politiketan dabiltzanek paradigmaz aldatu behar dute. Garapenaren arloan lortutakoa xumea da, transformazioa gure esku balitz lortuko genukeenari alboratuta. Gainera, gazteen joatea ez litzateke gaurkoaren heinekoa. Inork ez du bere sorlekua plazerez uzten. Egin genuen inkesta baten arabera, %2k bazik ez lukete migratuko enpleguaren egoera egokia balitz.

Politika horiei buruz kritiko zara.

Badu hamarkadak txirotasunaren aurkako borrokaz hitz egiten dela! Baina pobreziak ez du atzera egin. Zergatik? Azaldu dudan bezala, laguntza funtsak ez direlako balio erantsia dakarten sektoreetara zuzenduak. Aberastasuna eta hazkundea ez ditugun bitartean, nekez lortuko dugu garapena.

Autonomia edota autodeterminazioaren printzipioak ezin dira itzalean utzi.

Printzipioz, testuinguru zehatz batean komunitate zehatz batek bizi izandako arrangura zehatz batzuei emandako erantzunek osatzen dute Politika, letra larriz. Ez bada horrela, emaitzak ez dira komunitatearen ongizatearen alde izanen. Herritarren beharren analisi holistikoetan oinarriturik diren plan politikoak marraztu behar dira, ondotik horri egokituriko nazioarteko kooperazioak eskatzeko. Lokalki zein globalki, nazioarteko kooperazio politika horiek iraultzeko garaia da.

Muturreko pobrezia 2030erako desagerraraztea du helburu Nazio Batuen Erakundeak. Hitza hartu zenuen iaz, helburu horri zuzenduriko NBEren gailurrean. Sinesten al duzu gisa horretako egitura eta helburuetan?

NBEren funtzioetan sartzen da koadro finkatze hori. Estatuei dagokie orain koadro horiez jabetzea eta helburua betetzeko estrategien marraztea. Arduratsuki jokatu behar dute estatuek, ez dute helburua NBEk inposaturiko zama gisa azaldu behar. Dena dela, zentzu horretara dabiltzan gobernuek ez dute NBErentzat egiten, herritarrentzat baizik. Orokorrean arduragabe ikusten ditut gobernuak eta damugarria iruditzen zait.

Probidentzia Estatua ameskeria dela diozu.

Dirua banatzen zigun estatu hori ez dugu berriz ezagutuko, ez duelako ez ahalik, ez zaletasunik. Horregatik ditugu deszentralizazio mugimenduak. Estatu soziala haizatu dute Hegoko herrietarik Munduko Bankua bezalako egiturek. Alta, zerbitzu sozialak segurtatzen dituen estatua ezinbestekoa dugu herri pobreetan.

Azkenean, elkartasunezko ekonomia sozialak du betebehar hori betetzen.

Hain zuzen, eta horregatik du estatuak sektore hori lagundu behar. Are gehiago, jakinda krisi ekonomiko eta finantzarioei emandako erantzun hoberena dela elkartasunezko ekonomia soziala.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Ekonomia soziala
Hazien lezioak, lan produktibo eta erreproduktiboak bereizteaz

Haziekin hamaika metafora eta hitz joko egin dira. "Zerbaiten hazia izan", "proiektu baten hazia erein", "etorkizunerako haziak"... esamoldeak ezagun zaizkigu. Zerbait berezia dute haziek.


Numeriko iraunkorraren eguna Baionako Estitxu Robles kolegioan

Martxoaren 6an numeriko edo digital iraunkorraren eguna ospatu dute Baionako Estitxu Robles kolegioan. Ordenagailu zaharrak berregokitzen ikasi dute eta Ilargikoop ikasle kooperatibaren berri jaso dute.


2024-03-03 | Garazi Zabaleta
Azokoop
Pirinioetako Artzibarren lan eta bizi: hurbileko kontsumorako denda eta proiektua

Artzibarko Urdirotz herrian, Nafarroako Pirinioetan, proiektu berri batek zabaldu ditu ateak otsailaren 24an. "Azoka-Denda" deitu diote Txabi Bados Ruizek eta Rita Perandrés Martínezek haien etxe azpian ireki duten dendatxoari. Azokoop mikrokooperatibaren... [+]


Analisia
Agroekologia, alternatiba politiko bat

Gabonei buruz gaizki esaka behar baino gehiago jan eta edan, hondamendira garamatzan kontsumismoaren parte garela onartu eta gurutze hori eramangarria egiteko bidea aurkitu, etzidamu egunerokora itzuli arte. Askok egingo dugu hori, eta ez dut uste indibidualki eta etxean... [+]


Ertzeko bizitzen auto-eraketa sareak eta KoopFabrika

Niretzat Talaios kooperatibaren eta Olatukoopen bitartez kooperatibismoan eta ekonomia eraldatzailean jardutea zer den galdetzen didatenean, erantzuten dut izan dela lanaren eta kolektiboaren bitartez emantzipaziorako bideari ekiteko aukera. Eta bide horretan, oso garrantzitsua... [+]


Eguneraketa berriak daude