argia.eus
INPRIMATU
Lehen gaueko bortxaketa arautua
Nagore Irazustabarrena Uranga @irazustabarrena 2016ko irailaren 29a
XV. mendeko jaun feudal bat ‘Jus Primae Noctis” ustezko eskubidea baliatzear erakusten du irudi honek.
XV. mendeko jaun feudal bat ‘Jus Primae Noctis” ustezko eskubidea baliatzear erakusten du irudi honek.

Muskiz (Bizkaia). Lope Garcia de Salazar (1399-1476) setiatu zuen Muñatones dorretxean haren seme Joanek. Giltzapetuta emango zituen bizitzaren azken urteak, Muskizen lehenik eta Portugaleteko Salazar dorrean gero, oinaztarra izan arren ganboatarren alde egin zuelako.

Azken urte horietan Istoria de las bienandanças e fortunas lan mardula idatzi zuen, 35 liburukiz osatua. Mundua sortu zenetik XV. mende erdialdera arteko historia jaso zuen jaun banderizoak eta horri esker Bizkaiko lehen historialaritzat jotzen da.

Bandoen arteko gatazkak ulertzeko balio handiko iturri horretan, besteak beste, Jus Primae Noctis edo lehen gaueko eskubidearen alde idatzi zuen Salazarrek. Horren arabera, jaun feudalek ezkontzear zen haien mendeko edozein dontzeilarekin harreman sexualak izateko eskubidea zuten, ustez.

Eskubidea hizpide duten dokumentu legal gutxi gorde direnez, zenbait historialarik zalantzan jartzen dute jaunek eztei-gauean basailuak literalki bortxatzeko eskubidea ote zuten. Historiografia tradizionalaren arabera, eztei-gaueko sexu erasoak legezkoak ziren jaunentzat, baina hainbatek dio Jus Primae Noctis erritu sinbolikoa besterik ez zela.

Inork ez du zalantzan jartzen, ordea, eztei-gauean nahiz beste edozein unetan, legeak zehatz-mehatz jaso ala ez, behe estamentuetako emakumeak bortxatzea ohitura oso zabaldua zela Erdi Aroan.

Eta horren adibide da, hain zuzen, beste Lope Garcia de Salazar bat, izen bereko historialariaren birraitona, Bizkaiko Mailegari Nagusia, 1344an Algecirasko konkistan hila. Badakigu bitan ezkondu zela eta emazteekin gutxienez lau seme izan zituela. Baina, ezkontzaz kanpo, goiz hasi zen jaun izateak zekarzkion pribilegioak –legezkoak ala ohiturazkoak– erabiltzen eta sasiko ondorengoak izaten. Lehenengoa 15 urte zituela izan omen zuen, Nograroko (Araba) neska batekin. Guztira, 120 sasiko seme-alaba izan zituen

Haren birbiloba, munduaren historia jaso zuen hura, ez zen birraitonaren kopuruetara iritsi, baina 1476an Portugaleteko dorrean pozoituta hil zutenean, Mencia de Avellaneda sasiko alaba alboan zeukan.