argia.eus
INPRIMATU
Itxaropena esklabotza da
Jakoba Errekondo 2016ko irailaren 29a
Hagin emea da fruituak eman ditzakeen bakarra. (Frank Vincentz-CC-BY-SA)
Hagin emea da fruituak eman ditzakeen bakarra. (Frank Vincentz-CC-BY-SA)

Hagin bat sortzeko gai bazara, milaka urterako mundu bat egiteko ahalmena duzu. Milaka urte bizitzeko pazientzia hartzen du, bai, haginak (Taxus baccata). Milaka urte horietan mundu asko biziko dira haginaren inguruan: txori, intsektu, landare, goroldio, perretxiko... Etenik gabeko aldaketa bizia. Zure esku dago mundu horiek sortzeko aukera, eta, agian egunen batean, zure munduan egin duzun gauzarik ederrena dela jabetuko zara. Hagin bat sortu.

Hagin bat zure besoetako egin nahi baduzu, bi bide urra ditzakezu: hazia eta aldaxka. Biak egokiak dira, baina berak milaka urte bizitzeko hartzen duen adinako pazientzia izan beharko duzu zeuk ere. Alaba bat ekarriko bazenu bezala da, urteetako lana, baina emaitza ikaragarria. Oraintxe duzu lan horretara emateko garai ona. Haziak laster erakutsiko ditu hagin emeak eta aldaxkak moztu eta landatzeko sasoia da.

Haginak dioikoak dira: zuhaitz batzuk arrak eta beste batzuk emeak. Biek loreak ematen dituzte, baina fruitua emeak bakarrik. Hazia ereinez gero, ez dakizu sortuko den hagina arra edo emea izango den. Aldaxkatik bai: arraren aldaxkatik arra sortuko da, eta emearenetik emea, beti. Egokienak inguruan dituzuen haginetakoak dira, bertakoak. Ez alferrik ohituta eta egokituta daude.

Haziaren bidetik: fruituak arilo gorri lirdingatsu ikusgarria du, barruan, erdi bixtan erdi ezkutuan, hazi beltx borobil gogortxo bat duena. Hagin eme bat baino gehiago ezagutzen baduzu, denen fruituak bildu. Eskukada batean baso oso bat hartzeko gai zara. Baso bat zure esku. Haziari arilo gorria kendu eta haziak bereizi. Haziak eta eskukada bat erreka-hondar poto batean sartu, itxi eta astindu eder bat eman. Eskuekin ere egin daiteke, hondarretan marruskatu. Helburua haziaren azalean ebaki ttikiak egitea da. Gero irakiteko punttuan dagoen uretan sartu, eta, hoztutakoan, hondar artean geruzatu: ontzi batean hondarra-haziak-hondarra-haziak jarri eta hozkailura. Tarteka ur pittin bat eman, baina ito gabe, haziak ez usteltzeko. Hiru hilabete igarota, negu-neguan erein. Ereiteko tokia ondo aukeratu, ale batzuk udaberrian jaioko badira ere, beste batzuek hurrengo urteari itxarongo baitiote. Zentimetro bete lurpean sartu. Eta itxoin. Alabari itxoin egiozu. Itxaropena esklabotza da.