Itxaropena esklabotza da

Hagin emea da fruituak eman ditzakeen bakarra. (Frank Vincentz-CC-BY-SA)
Hagin emea da fruituak eman ditzakeen bakarra. (Frank Vincentz-CC-BY-SA)

Hagin bat sortzeko gai bazara, milaka urterako mundu bat egiteko ahalmena duzu. Milaka urte bizitzeko pazientzia hartzen du, bai, haginak (Taxus baccata). Milaka urte horietan mundu asko biziko dira haginaren inguruan: txori, intsektu, landare, goroldio, perretxiko... Etenik gabeko aldaketa bizia. Zure esku dago mundu horiek sortzeko aukera, eta, agian egunen batean, zure munduan egin duzun gauzarik ederrena dela jabetuko zara. Hagin bat sortu.

Hagin bat zure besoetako egin nahi baduzu, bi bide urra ditzakezu: hazia eta aldaxka. Biak egokiak dira, baina berak milaka urte bizitzeko hartzen duen adinako pazientzia izan beharko duzu zeuk ere. Alaba bat ekarriko bazenu bezala da, urteetako lana, baina emaitza ikaragarria. Oraintxe duzu lan horretara emateko garai ona. Haziak laster erakutsiko ditu hagin emeak eta aldaxkak moztu eta landatzeko sasoia da.

Haginak dioikoak dira: zuhaitz batzuk arrak eta beste batzuk emeak. Biek loreak ematen dituzte, baina fruitua emeak bakarrik. Hazia ereinez gero, ez dakizu sortuko den hagina arra edo emea izango den. Aldaxkatik bai: arraren aldaxkatik arra sortuko da, eta emearenetik emea, beti. Egokienak inguruan dituzuen haginetakoak dira, bertakoak. Ez alferrik ohituta eta egokituta daude.

Haziaren bidetik: fruituak arilo gorri lirdingatsu ikusgarria du, barruan, erdi bixtan erdi ezkutuan, hazi beltx borobil gogortxo bat duena. Hagin eme bat baino gehiago ezagutzen baduzu, denen fruituak bildu. Eskukada batean baso oso bat hartzeko gai zara. Baso bat zure esku. Haziari arilo gorria kendu eta haziak bereizi. Haziak eta eskukada bat erreka-hondar poto batean sartu, itxi eta astindu eder bat eman. Eskuekin ere egin daiteke, hondarretan marruskatu. Helburua haziaren azalean ebaki ttikiak egitea da. Gero irakiteko punttuan dagoen uretan sartu, eta, hoztutakoan, hondar artean geruzatu: ontzi batean hondarra-haziak-hondarra-haziak jarri eta hozkailura. Tarteka ur pittin bat eman, baina ito gabe, haziak ez usteltzeko. Hiru hilabete igarota, negu-neguan erein. Ereiteko tokia ondo aukeratu, ale batzuk udaberrian jaioko badira ere, beste batzuek hurrengo urteari itxarongo baitiote. Zentimetro bete lurpean sartu. Eta itxoin. Alabari itxoin egiozu. Itxaropena esklabotza da.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Hagina
Konbentzimendu osoz

Aspaldian ez naiz boto-emaile ziurra. Halako batean, konbentzimenduak erabaki zuen hagin baten itzalean esertzea, eta bizitzak aurrera eraman ninduen, bazterrik bazter, urruti. Harrezkero hura ez da osoa, eta ni alderrai nabil.


2016-10-09 | Jakoba Errekondo
Haginaga baten peskizan

Haginetik haginaga. Hagina, Taxus baccata, haziak erabili beharrik gabe ugal daiteke. Adar muturretako kimuak, aldaxka gisa, aldatu eta landare berriak sortzeko gai dira. Aldaxka landare “amaren” puska bat besterik ez denez, bertatik sortuko den landare berria haren... [+]


2016-03-20 | Garazi Zabaleta
Hagina
Gure basoetan bere tokia irabazten

Aiatik gora eginda laster iristen da Pagoetara. Itsasoa parez pare topatu dugu paisaia berde horretatik. “Hemen paradisuan daude haginak: hezetasun handiko tokian, baina aldi berean kostako tenperatura epeletan”, azaldu digu Antxon Gomez parkeko basozainak... [+]


Eguneraketa berriak daude