Erraustegiaren zorra

Negozio txarra Gipuzkoako herrientzat

  • Udazken honetan esleituko du Gipuzkoako Hondakinen Partzuergoak Zubietako errauskailuaren lehen fasea. Udazken honetan ere, hainbat udalerrik esku artean izango dute partzuergotik ateratzeko azterketa. Proiektuaren kostuak –mila milioi eurotik gora– eta hori pagatzeko ezarriko diren baldintza gogorrek, hankaz gora jarriko dute hondakinen kudeaketa jasangarrirantz udalerri horietan orain arte egindako lana. Herritarrak prest al daude ondorengoei halako zorra uzteko?

Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza
2016ko urriaren 02a
Uztailaren 28an Donostiako Gipuzkoa Plazan ehunka lagun bildu zen, modu ikusgarrian salatzeko GHK-k Zubietako erraustegia eraikitzeko emandako urratsa. Hondakinen partzuergoak udazkenean onartu nahi du azpiegituraren esleipena. 
(Argazki Press / Juan Car
Uztailaren 28an Donostiako Gipuzkoa Plazan ehunka lagun bildu zen, modu ikusgarrian salatzeko GHK-k Zubietako erraustegia eraikitzeko emandako urratsa. Hondakinen partzuergoak udazkenean onartu nahi du azpiegituraren esleipena. (Argazki Press / Juan Carlos Ruiz)

Herritar asko bakantzetarako –edo udako behin-behineko lanaldia hasteko– zenbat egun geratzen ziren kontatzen ari zirela, data bat gorriz markatu zuen Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak (GHK) egutegian: uztailaren 28a. Ikasturteko azken aurreko eguna aukeratu zuen ikasturteko erabaki inportanteena hartzeko, Zubietako erraustegiaren eraikuntza eta gestioa esleitzeko baldintza-pleguak onartzea.

Bateko Gipuzkoa Zutik-en protesta baketsu eta ikusgarriak, besteko GuraSOS elkartearen eta osasunaren aldeko mediku taldearen kritikak, errausketaren kontrako mugimenduak estualdian sarturik zituen uda hasieran Gipuzkoako Aldundiko arduradunak. Uztail amaieran jende gehiena hondartzan izango zela aurreikusi zuen agian GHK-k –Zubietako proiektua bultzatzen dabilen sozietate publikoa da, Aldundiaren eta udal mankomunitateen artean osatua–, baina hala ere ehunka lagun bildu ziren Donostian izara zuriak hartuta Zuen negozioa, gure minbizia lelopean, “Gipuzkoan inoiz egin den diru xahuketa handienetako bat” salatzeko.

Hori gertatu bitartean, askoz oharkabeagoan igaro ziren hainbat udaletan ematen ari ziren mugimenduak, 200.000 tona zaborrentzako erraustegiaren proiektuak zertara lotuko zituen jakin ostean.

Hitz modernoak, formula zaharra

Hondakinen kudeaketa udalerrien eskumenekoa da eta horiek mankomunitateetan bildu izan dira. Gero hondakinen kontsortzioa sortu zuten, hark berriz 2007an GHK sozietatea, erraustegia eraikitzeko. Zentralizatze bidean emandako urratsei, pribatizatzerantz emango direnak gehitu behar zaizkie. Partzuergoaren planaren arabera, 35 urtez kontratista baten esku geratuko dira erraustegia eta herritarren hondakinak. Aldundiko arduradunek public-private partnership edo “adiskidetasun publiko-pribatu” bezala deskribatu dute operazioa.

Ingelesezko hitzez jantziriko formula zahar eta aski ezaguna da. Enpresak zerbitzu publiko bat bereganatuko du, eta errentagarria suertatzen ez bazaio administrazioak bermatuko dizkio etekinak, horretarako herritarrei oinarrizko beste zerbitzu batzuk eskaini behar ez badizkio ere. Halakoez ondo dakite Tesalonikan uraren defentsan ari direnek, Txilen

Partzuergoan sartzea posible bada, irtetea ere bai. Erraustegiaren esleipena ez da oraindik sinatu eta hainbat udalek iragarri dute aztertuko dutela aukera hori

pribatizaturiko pentsioak berreskuratu nahian dabiltzan herritarrek, edo Artxandako tunelak igarotzen dituzten auto-gidarien eta bizkaitarren poltsikoek.

GHK-k uztaileko bilera erabakigarria egin aurretik, erraustegiaren esleipenak gipuzkoarrei jarriko dien motxila astunaren berri bagenekien prentsaren bidez: mila milioi eurotik gorako kostua, %10,5eko interesa enpresentzat (ikusi 26. orrialdeko grafikoa), erabileran baino tarifa bakarrean oinarritutako kuota bidegabeak… Ba al dago inor horrelako klub bateko kide izan nahi duenik?

Deloitte aholkularitza etxeak GHK partzuergoarentzat egindako azterketa batek are argiago utzi du nola amarratu nahi dituzten udalak erraustegira. Hamar orrialdeko fiskalizatze txostenean dioenez, Zubietako plantaren eraikuntza eta kudeaketak sorturiko zorra “derrigorrez eta lehentasunez” ordaindu behar izango dute Gipuzkoako udalek 35 urtez, beste edozein gasturen aurretik.

Erraustegia ustiatuko duen enpresa pribatuak “salvaguarda” gehiago ere izango du gure hondakinetatik negozioa egingo duela ziurtatzeko. Udal batek partzuergoak inposatutako tarifa ordainduko ez balu, Aldundiak beste kontzeptu batzuetatik “kitatuko” dio dirua –foru funtsetik jasotzen dute udalek urteko aurrekonturako diru poltsa handiena–. Gainera, ezin izango dizkio hondakinak beste inori saldu, merkeagoa eta hobeagoa izanagatik ere. Eta partzuergotik ateratzea erabakiz gero? Berdin ordaindu beharko du zorra, baita banantzeak gainerako udalei sorturiko kalteordaina ere.

Baina sartzea posible bada, irtetea ere bai. Esleipena ez da oraindik sinatu eta hainbat udalek iragarri dute aztertuko dutela aukera hori. Hondakinen kudeaketan pauso esanguratsuak eman dituzten herriak dira, birziklapen tasa oso altuak dituzte, biztanleko errefus kilo gutxi sortzen dute eta Europako erakundeek eredugarritzat jarri dituzte behin baino gehiagotan. “Usurbilek %83tik gora birziklatzen du, nolatan ez dugu ba aukera hori aztertuko?”, dio Xabier Arregi Usurbilgo alkateak.

Zubietan erraustegia egin behar den tokitik oso gertu dagoen Usurbilen (6.000 bizt.) proiektu horren kontrako borrokan nabarmendu izan dira herritarrak. Urriaren 21etik 23ra erreferenduma antolatu dute, erraustegiaz Gipuzkoan egingo den lehena: “Oso aintzat hartuko dugu emaitza –dio Arregik– herritarren hitza agindu zehatza delako guretzat”.  Uztailaren 26an udal plenoak mozioa onartu zuen esanez Usurbilek Gipuzkoako “hondakinen arkitektura instituzionalean” ez duela tokirik, eta batzorde bat sortzea erabaki zuen aztertzeko teknikoki, juridikoki eta ekonomikoki nola atera daitezkeen San Marko mankomunitatetik. Batzorde horrek memoria bat aurkeztuko du “bi hilabeteko epean, gehienez ere”.

Gauza bera onartu zuten Oiartzunen eta Zaldibian, baita Hernanin ere, hor azterketa udalak berak hartu du bere gain ordea. Abiadura eta tempoak ondo neurtu behar diren aldagaiak dira asunto honetan: enpresek hemendik aste gutxi arte dute konkurtsora aurkezteko epea eta partzuergoak obrak urri hondarrean esleitu nahi ditu.

Zama ekonomiko itzela

Udalerri horien exit-a gauzatuko balitz, GHK-ko barne orekan zer eragin izango duen jakitea zaila da, baina bistan da beste bazkideei are astunago egingo zaiela errauskailua eraiki eta mantentzea. Eta lehendik aurreikusitako zama ekonomikoa ez da nolanahikoa, ARGIAk eskuratu ahal izan duen dokumentu baten arabera.

Gipuzkoako udal kontu-hartzaile batek simulazioa egin du, lurraldeko herri guztiek 35 urtean, eta urtero, erraustegiagatik ordaindu beharrekoa zein den jakiteko. Horretarako mila milioi euroko zifra “kontserbadorea” hartu du aintzat, enpresek esleipenean beheranzko eskaintzak egingo dituztelakoan –nahiz eta askok ziurtzat ematen duten amaieran proiektuaren kostua askoz handiagoa izango dela; Deloittek berak 1.407 milioi eurokoa izango dela dio–.

Simulazioaren arabera, adibidez, Donostiak 7,4 milioi euro jarri beharko ditu urtero 2051 arte hondakinak erretzeko, Tabakalerari ematen diona halako hiru. Zumarragak 13 milioi euroko faktura ordaindu beharko du orotara epe horretan, Arcelorrek altzairu planta irekita mantentzeko Jaurlaritzari eskatzen zion kopuruaren adina. Gipuzkoako herri

Hernani erraustegiagatik urtero gastatuko dituen 780.000 euroekin udalak etxez etxeko laguntza zerbitzua ordaindu dezake, bertako Zero Zabor taldearen arabera

demografikoki txikienean, Gaintzan, bere 120 biztanleek 167.000 euroko hipotekari aurre egin behar izango diote hemendik aurrera. Hernanin berriz, erraustegiarentzat urtero gastatu beharreko 780.000 euroekin udalak etxez etxeko laguntza zerbitzua ordaindu dezake, bertako Zero Zabor taldearen arabera. Baina talde honek beste kalkulu batzuk ere egin ditu Hernaniko kasurako, hainbat datu eskuan hartuta.

Badira sei urte Hernanin (19.000 bizt.) hondakinak jatorrian sailkatzeko atez ateko bilketa sistema jarri zutela. Geroztik %75etik gorako birziklapen tasa dauka eta auzo-konposta ere herriko toki gehienetara hedaturik dago. Baina emaitza berak dituzten beste herri batzuen kasuan bezala, GHK-k ahalegin hori zigortu egiten du saritu beharrean: errefusaren tarifa %11 igo du partzuergoak, eta aldiz hondakin organikoarena %77. Eta hala ere, Hernaniri askoz karuago aterako litzaioke erraustegia izatea oraingo sistemarekin jarraitzea baino, zehazki 21 milioi euro gehiago.

“GHKren kudeaketa eredua ez da jasangarria inorentzat eta gutxiago ondo egiten duten udalentzat –dio Hernanin Zero Zabor taldeak darabilen lan-dokumentu batek–. Oso denbora laburrean hankaz gora joango da azken sei urteotan oso emaitza onekin landu dugun eredua”. Hernaniarrek osasunean eta zerbitzuetan ez ezik, lanpostuen galeran –Manu Robles Arangiz fundazioak ikertu duenez, 7.000 enplegu sor daitezke EAEn eta 900 Nafarroan hondakin guztiak jatorrian sailkatuz gero– eta euren poltsikoetan ere nozituko dute erraustegiak utziko duen zuloa, familia bakoitzak udalari ordaintzen dion zaborraren urteko tasa 95 euro izatetik 300 euro izatera igaro baitaiteke.

Martxoaren 2an Ermuko alkate Carlos Totorikak galdera egin zion partzuergoari ea erakundetik irtetea zenbat kostako litzaiokeen Bizkaiko udalerriari –Bizkaian dagoen arren Debabarreneko kide da–, hondakinak Zabalgarbira eramatea merkeago izango zutelakoan. GHK-k prezioa jarri eta haren presidente eta Ingurumen diputatu Jose Ignacio Asensiok jakinarazi zion: 9 milioi euro. Zakuan sartu zituen, besteak beste, erakundeak orain arte pilatu duen zorra –bankuekin sinaturiko swap ezagunak barne–, baina baita Zubietako erraustegia eraiki eta ustiatzeak hurrengo bi hamarkadetan eragingo dituen gastuak ere, oraindik esleitu gabe dagoen arren.

Zifra desorbitatu hori mezu garbia izan zen GHK abandonatu nahi duten guztientzat. Hernanin Zero Zabor taldeak hainbat iturrirekin kontrastatu duenez, ordea, 1,4 milioi euroan errenditu daiteke kopurua Hernaniren kasuan, eta asko jota 2 milioitan. Izan ere, kitapenean etorkizuneko inbertsio eta zorrak sartzea legezkoa ote den oso zalantzan dago. Talde honen esanetan “merezi du kudeaketa propioaren alde egitea eta GHKtik irtetea. Han segitzea ruina bat da Hernanirentzat”.

Lubaki juridikoa prestatzea da orain, beraz, partzuergoaren saretik irten nahi duten udalen zeregin nagusietakoa. Biharamunean hondakinei zein aterabide eman ez dirudi teknikoki hain gaitza izango denik, kudeatu beharreko errefus kopurua murritza baita beste herri batzuekin alderatuta. Barruan geratzen direnek, erraustegiak utzitako zorraz gain, proiektuaren bigarren fasearen inkognitei egin beharko diete aurre.

Nork erabakitzen du?

Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioan ordezkatuak daude Aldundia eta udalak mankomunitateen bidez. Baina GHK-ko batzarretan denek ez dute pisu eta erabaki ahalmen bera, pisu demografikoaz gain, mankomunitatea zein alderdi politikoren kontrolpean dagoen funtsezkoa da balantzak alde batera edo bestera egiteko. Uztailaren 28n erraustegiaren baldintza-pleguak onartzearen alde 89,7 boto egon ziren (grisez) eta kontra 10,3 baino ez (arrosaz), beheko zerrendan ikus daitekeenez.

Irakurri artikulua ingelesez, argia.eus/english helbidean.


Gipuzkoako erraustegia kanaletik interesatuko zaizu...
2018-05-24 | ARGIA
Donostia erdialdean errefusarentzako edukiontziak zigilatu dituzte erraustegia salatzeko

kanpainaren barruan, Donostiako erdiguneko 100 edukiontzi zigilatu ditu Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak, errefusaren edukiontziotan hondakinak uzten dituzten auzotarrak informatzeko oharrak ipiniz.


2018-05-21 | Miren Osa Galdona
Gaur egun hondakin gehiago beharko lituzke erraustegiak "bideragarria" izateko

Zubietako erraustegiak zeresana ematen jarraitzen du bere bideragarritasuna dela-eta. Egun Gipuzkoako foru gobernua osatzen duten EAJ- PSE-EE koalizioak, 2016an erraustegiak urtean 200.000 tona hondakin erretzeko gaitasuna izatea adostu zuen. Aurretik planifikatuta zegoen hondakin kopurua moldatu egin behar izan zuten, hiru urte lehenago Gipuzkoako Hondakinen Konsortzioak proiektu “neurrigabea” zela erabaki baitzuen. 2013an, 260.000 tonako ahalmena izatea aurreikusi zuen... [+]


2018-05-16 | Zero Zabor
Gipuzkoako zaborrak Bizkairako bidean: GuraSOS eta ELAren erreakzioak

Zalaparta sortu baitu Gipuzkoako zabor nahastuak Bizkaiko erraustegira eta zabortegi batera eramateko bi lurraldeetako agintariek daramaten negoziaketaren albisteak (ikusi Gipuzkoako 60.000 tona nahasi, Bizkaiko erraustegirako bidean… eta garestitzen) laster hasi dira –sare sozialetako iritzi ugariez gain– eragile sozialen erreakzioak ezagutzen. Lehenetakoak izan dira GuraSOS elkartea eta ELA sindikatua. Hona zabaldu dituzten idatziak:


2018-05-15 | Zero Zabor
Gipuzkoako 60.000 tona nahasi, Bizkaiko erraustegirako bidean... eta garestitzen

Mallabiako udalak ukaturik baimena Gipuzkoatik 60.000 hondakin nahasi bertako zabortegira eraman ditzaten, Bizkaiko Foru Aldundiak sartu du eskua operazioan eta Gipuzkoari bi aukera eskaini dizkio: edo tona horiek Zabalgarbiko erraustegira eramatea, edo zaborrok beste TMBren batean tratatu ondoren eramatea Bizkaira, beti ere bi operazioetako edozeinetan sortuko diren koste gehigarriak pagatuz.


2018-05-11 | Zero Zabor
Intxaurrandieta eta Errazkinen epaiketan, fiskaltzak ere 45 urteko kalte-ordainen eskaria berretsi du

Madrilgo Kontuen Auzitegian Iñaki Errazkinen eta Ainhoa Intxaurrandietaren kontra burutzen ari diren epaiketan, fiskalak bat egin du GHKren abokatuk haien kontra egindako kalte-ordainen eskariarekin: 45 milioi euro, horietatik 36,3 aurreko agintariek sinatutako swap kreditu toxikoengatik, Naiz-Garak aurreratu duenez.


2018-05-10 | Zero Zabor
Ia 10.000 sinadura bildu dituzte EITBn eztabaida gardena eskatuz

Andoaingo Ipar Haizea koordinadorak Change.org plataforman sustatutako sinadura kanpainak zehazki 9.568 sinadura zeramatzan bildurik maiatzaren 11ko 12:30etan. Errausketaren Aurkako Mugimenduak sinadura guztiak EITBko arduradunei entregatu nahi dizkie hilaren 17an, elkarretaratze publiko batez lagundurik, euskal irrati-telebista publikoari eskatzen baitio antolatzea erraustegiaren inguruko eztabaida publikoa.


2018-05-04 | Txintxarri
Hitzarturen lehen Gune Irekia egingo dute hurrengo larunbatean, Landaberri ikastolan
Hitzarturen lehen Gune Irekia egingo dute hurrengo larunbatean, Landaberrin.Herritarrak deitu dituzte hondakinen kudeaketari buruz eztabaidatzera. Egun osoan ahalik eta iritzi gehien bildu nahi dituzte, kontsentsuzko erabaki bat hartzeko

 

 

 


2018-05-03 | Usurbilgo Noaua
Erraustegiarentzako goi-tentsioko linearen aurkako sinadura-bilketa abiatu du Aire Garbiak

Zubietako erraustegia sare orokorrera lotzeko goi-tentsioko linearen aurkako agerraldia egin dute asteazken arratsalde honetan Lasarte-Orian, bertako Aire Garbia herri plataformak deituta. Eskaera bikoitza egin diote udalari. “Udalaren jabetzako lurzoruetan goi-tentsioko linea pasatzeko baimenik ez ematea eta erraustegia sare orokorrarekin lotuko duen 132 kV-ko goi-tentsioko linea egiteko obra lizentzia ez ematea”.


2018-04-26 | Zero Zabor
Urbaser eta FCC Zubietako pastela banatzen: inork ez ditu ikertuko -%25eko beherapen susmagarriak?

Espainian hondakinen merkatua konpainia handienen artean  adostuta elkarbanatzen dutela aspaldiko kontua da, auzitegiek isun handiz zigortua dute lehen ere Urbaser, ACS, FCC eta abarrez osatutako cartela. Zubietako erraustegiaren prozesua jarraitzen duenak, ordea, irudipena eduki dezake zaborren ugazaba handiok berdin jarraitzen dutela. Berrikitan FCCk Zubietako operazioan muturra sartzea nola lortzen ari den ikusi besterik ez dago.


ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude