argia.eus
INPRIMATU
Zenbait eskaera alderdi politikoei
IƱaki Martinez De Luna @imartinezdeluna 2016ko irailaren 23a

Hauteskunde garaian politikariek eskaintzak egin ohi dizkigute, ordea, orain nik hartu nahi dut txanda, haiei eskaerak egiteko.

Nire eskaeren muina Julia Sallabank-ek (University of London) iradoki dit zeharka, artikulu baten bitartez (Bat Soziolinguistika aldizkaria 98). Hizkuntza gutxituak berreskuratzeko asmotan nazioartean dabiltzanen eskarmentuan oinarrituta, honela dio egile horrek: “Sarritan, komunitateak zatitu egiten dira desadostasunen eta hizkuntza nola ‘salbatu’ behar den ingurukoen kontrako pentsaera eta ideologien ondorioz”. Ezaguna dugu hori gure artean.

Arazoa berez ez da iritzi zein interes ezberdin edo kontrajarriak izatea; arazoa da halakoak ongi kudeatzen ez asmatzea. Larriago oraindik, desadostasunak bideratzen ez ahalegintzea.

Adostasunik gabe, Sallabankek dioskun “komunitatea zatitzea”ren mamuarekin egingo dugu topo. Izan ere, ezaguna (eta ulergarria) dugu alderdiek elkarrekiko duten joera erasokorra. Baita gizartean alderdien ika-mikek duten eragin zatitzailea eta desmobilizatzailea ere.

Azken helburuaren gaineko definizio partekaturik ezean, argudioek kutsu demagogikoa hartzen dute. Zein helbururekin egiten zaizkigu proposamen horiek? Euskara biziberritzea ala boto-saldo bat bereganatzea?

Sallabanken ustez, “hizkuntza biziberritzea zer den” ez ohi da modu zehatzean eta adostuan definitzen. Horrela, hizkuntza politikari eta  plangintzari dagozkien pausoak asko zailtzen dira. Diseinuak eta ekintzak katramilatu, eta horren ondorioz, indarrak alferrik xahutzen dira. Esandako egilea berriz ekarriz: “…helburuk ez dira beti agerian, eta emaitzak ez dira maiz ebaluatzen”. Jakina, ez bada argi esaten hizkuntza biziberritzea zer den, ez dugu helburu eta epe garbirik izango. Zeren arabera ebaluatu, beraz, ahaleginen egokitasuna eta lortutako emaitzak?

Euskararen inguruko definizio adosturik gabeko horretan murgildurik, kritika batzuk entzuten dira, tarteka-marteka, egiten dena gehiegi edota gutxiegi delakoan. Era berean, neurri edo kontra-neurri batzuk luzatzen dizkigute politikariek, aukera hoberena norberarena dela gu konbentzitu nahirik. Azken helburuaren gaineko definizio partekaturik ezean, argudioek kutsu demagogikoa hartzen dute. Zein helbururekin egiten zaizkigu proposamen horiek? Euskara biziberritzea ala boto-saldo bat bereganatzea?

Hortaz, nire eskaerak alderdi politikoei: “Esan dezaten euskara biziberritu nahi duten ala ez”. Baiezkoan: “Bakoitzak esatea euskara biziberritzeaz zer ulertzen duen”. Eta, atrebentzia handirik ez delakoan, beste hau ere bai: “Esan dezaten elkarbizitza bultzatzea ala, mozkin politikoen bila, euskara baliatzea lehenesten duten”. Erantzuna “elkarbizitza”ren aldekoa izango den esperantzan, hona azken eskaera: “Euskara biziberritzeko ahalegin koordinatua egin dezaten”.