argia.eus
INPRIMATU
Lapurrak eta gezurtiak
Juan Mari Arregi 2016ko irailaren 20a

Bai, irakurri duzuna, lapurrak eta gezurtiak. Horrelaxe izenda ditzakegu banku handietako eta Espainiako Gobernuko arduradun nagusiak. Epaimahai independente baten aurrera eraman beharko genituzke, epaitu ondoren lapurtutakoa itzuli eta dimititu dezatela derrigortzeko. Ez da txantxa. Batzuek eta besteek, alderdietako politikariek nahiz Espainiako Bankuko agintariek, bazuten horren berri, baina isilpean eduki zuten.

Orain jakin da Espainiako Estatuak galdutzat eman dituela bankuei finantza krisiaren erdian birkapitalizatzeko utzitako milaka milioi euro. Espainiako Bankuak onartu du finantza sistemari utzitako 51.303 milioi eurotik %5 baino ez duela kobratu. Erakunde horrek berak gauza okerrago bat esan du: estatuak zergadunen dirutik jarritako 26.300 miloi euro –BPGren %2,6– betiko galdu direla, gobernuak Espainiako Parlamentuan hiru bider hitz eman zuen arren herritarrek ez dutela krisia ordainduko. “Bankuak ordainduko du”, “zergadunari ez zaio euro bakarra ere kostako”, “maileguak ez du gizartearengan kosturik izango, alderantziz baizik”... Rajoy, Sáenz de Santamaría eta De Guindosen adierazpenak dira horiek.

Iruzurraren ondorioz galdutzat eman diren 26.300 milioi euro horiekin, gobernuak saihestu zitzakeen osasungintzan eta hezkuntzan egindako 16.000 milioiko murrizketak, baita pentsioak eta laguntza sozialak handitu ere. Zergadun bakoitzari –euskal herritarrak barne– 600 euroko zuloa utzi dio iruzurrak. Bankariak, politikariak eta amarruaren gainerako arduradunak epailearen aurrera eraman beharko lirateke, dirua itzuli, dimitituarazi eta bizitza osorako inhabilitatuak izan daitezen, lapurrak eta gezurtiak baino ez baitira.