Harrak, heroiak eta arrakasta


2016ko irailaren 25an
Antton Olariaga

Gaia: Feeling high on Hermannplatz. Nor da Hermannplatzen droga baten eraginpean bezala, zeruetan sentitzen dena? Eta zer dela eta bizi du flipaldia? Mezuaren bidaltzailea identifikatu gabe, izenburua aski izan da bideoan klik egiteko. Hermannplatz, beraz; gentrifikazioak honezkero gurutzatu duen bi auzoren mugan kokatuta, bazter batean bere marka den Karstadt-arekin, saltoki handiak deitzen zitzaien horietako baten eraikinarekin. “What if you were celebrated just for being you?” esaldia irakurtzen da bideoaren gainean. Zarenagatik goraipatua izan, just, beste ezeren beharrik gabe. “What if... “. Zer iruditzen zaizu? Imajina dezakezu?

Trafikoa gelditu eta oinezkoen semaforoa berde jartzean, egunkaria irakurtzen eserita zegoen emakumea, pilota batekin jolasten ari ziren mutikoak... itxuren ezkutalekutik atera eta korrika batean doaz errepidera. Zebrabidearen bi alboak betetzeko adina dira eta bidea zeharkatzen ari direnak txalotzeari eta bibatzeari ekiten diote. Tourreko txirrindulariak animatzen egoten direnen antzean. Esanguratsuak dira sorpresaz hartzen dituen oinezkoen erreakzioak. Badira kirolari irabazleen mimika imitatuz besoak jasotzen dituztenak, momentua autentikoki gozatzea lortzen dutenak. Edo keinua egin eta gero, barre urduriarekin begirada jaisten edo zerura zuzentzen dutenak. Badago handitasun sentipena eskuarekin agur eginez jokatzen duenik, zinema munduko jendeak edo errege-erreginek egingo luketen bezala. Lotsaz ahoa eskuarekin estaltzen duena. Bere ordura arteko ibilerari irmo eusten diona, guzti hori ez doalako berarekin. Pentsatzen jarri naiz nik nola erreakzionatuko nukeen. Nola gustatuko litzaidakeen erreakzionatzea. Zenbateraino behar ditugun halako momentuak gure bizitzan; eta gehienok ez ditugun, noski. “Everyone is a hero” esaldiarekin bukatzen da bideoa, gutako bakoitzaren heroitasuna seinalatuz.

Gero irakurri dut “flahmob” xume honi testuingurua jartzen dion zita: “Gure helburua izan behar da”, dio irakasle batek Der Spiegel astekarian, “bizitza arrakastatsuak posible egitea; eta ez bizitzak zailtzea nota txarrekin, umore txarrarekin”. Ikasturte hasiera okasiotzat hartuz, eskolako hezkuntzaz polemizatzen duen artikuluan, umeak eskolan sarriegi txikitu egiten direla esaten du, irakasleek beren frustrazioa haiekin kanporatzen dutelako. Haurrentzako liburu bateko protagonista etorri zait burura. Ida, eskolarako bidean hamabost har salbatzeagatik berandu iritsi da lehen egunetako batean. Neskatoa harro sentitzen da, baina irakasleak egindako okerragatik errieta egin dio eta gurasoek sinatzeko oharrarekin bidali du etxera.

Badago haur literaturako klasikoen artean, aitarekin soilik bizi den mutiko bat. Jatorrizkoan Alfons Aberg du izena, baina itzulitako hizkuntza bakoitzean izen ezberdina du, eta euskarazkorik ez. Bere lehen eskola eguna izango denaren aurreko gauean, lo egin ezinik dagoela, aitak lasaitzeko esan dio, ez duela beldur izan behar, bera bezain urduri daudela gainontzeko beste haurrak ere. Lehen egun horretan, irakasleak sekretu bat kontatu diela esanez bueltatu da etxera: bera ere lo egin ezinik egon dela. Irakasleek beren buruari baimendu ohi ez dioten zerbait egin du: Ahultasuna erakutsi. Eta, bide batez, haurrei barrea eragin die eta haien konfiantza irabazi du.

Giro bat ala bestea sortzen duenak berak ere, horixe bizi du. Zebrabidean txalo-joka ari direnak zein ondo pasatzen ari diren ikusi besterik ez dago.

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Iritzia
Materialismo histerikoa
Erabakimena

Balirudike dena kontrolpean dagoela, badakitela guri nola sinetsarazi edozer, ez dugula inoiz, berez, guk nahi duguna egiten. Iragarki konstante batean bizi bagina bezala, esaten dugu “aukera berdintasuna”, eta pentsatzen dugu esaten ari garela “aukera... [+]


2024-04-21 | Ula Iruretagoiena
Lurraldea eta arkitektura
Eraikinaren gorputza

Baltimore ibai gaineko zubiaren erorketa urte bukaerako oroimeneko irudien artean jasoko da, zubi baten erorketa ikuskizun zirraragarri eta salbuespenekoa baita. Zeren eta zubiak eta eraikinak ez dira berez erortzen, lehergailu edo artefaktu baten eztandak bat-batekotasunaren... [+]


2024-04-21 | Diana Franco
Teknologia
Indarkeriatik deskonektatu

Eremu digitalak, gizakion dinamiketatik edaten duen heinean, gizarte eredu ezberdinetan aurkitu ditzakegun antzeko arazoak ditu. Pertsonen arteko arazo asko botere kontua izan ohi da; botere arazoek indarkeria dakarte zenbaitetan. Esate baterako, indarkeria matxista.

Eremu... [+]


Etxebizitza arazoa eta lan-mundua

Etxebizitza duina izatea gero eta zailagoa da. Berdin du esaldi hori noiz irakurtzen duzun, urteak pasa eta arazoa gero eta larriagoa da.

Nola izan daiteke bizitzeko oinarrizkoa den eskubidea, teorian hainbat legek babestutakoa, EAEn eskubide subjektibo moduan onartu berri... [+]


Eguneraketa berriak daude