Horixe da Euskal Herriko musika panoraman gertatzen dena, hain zuzen ere. Izebergaren muturra fokuen azpian eta ur azalean denon begi bistan egon arren, gainontzeko eszena guztia oharkabean gelditzen dela burua ur azpian sartzen ez badugu behintzat. Eta nork dauka jakin-mina eta gogoa norbera “busti” eta azpian dagoena arakatzeko? Bada, zoritxarrez, jende gutxik. Baina guk besoa ukondoraino sartu eta gehienetan egin ohi dugun bezala, horietako bat atera dugu orriotara.
Oharkabean izan dut laukote honen berri eta beraien DNA eta zazpi abizenak Usurbilen daudela egiaztatu ostean, ohartu naiz talde honetako partaideak gazteak izanik ere zakur zaharrak direla. Hain zuzen ere, herri gipuzkoar horretan azken urteetan izan den ekimen musikalaren protagonista sutsuak direla laurak. Hona hemen Izebergaren aurrekariak: hala nola, Odolaren Mintzoa rock taldea, Mendeku Itxua heavya eta Hotzikara thrash-metaleroa, hain zuzen ere. Eta diskoa osatzen duten zazpi kantuak herrian bertan, Haritz Harreguyk gidatzen duen Higain estudio dotorean grabatu dituzte. Zertarako, bada, kanpora jo, herrian bertan luxuzko halako profesionalak izanda? Kantuen nahasketa, berriz, Harreguyrekin harreman estua duen Juan Hidalgok egin du Madrilgo Mastertips Mastering-en.
Aipatutako musikariek jauzi bat harago egin nahi izan dute eta iraganeko heavy estiloa eta thrasharen gordintasuna melodia borobilagoak dituzten konposizioetan barneratu dituzte, rockean ondo blaitutako doinuen agindupean. Gordeleku bat kanta energiadun pop-rocka da, distiratsua, oso garbia eta hard-rocketik eta heavytik ere edaten duena. Abesteko erak Gorosabel anaiak (Su Ta Gar / EH Sukarra) ekartzen dizkit gogora. Zainetan, berriz, xuxurlatuta abiatzen da Loreleiren antzeko doinuetan, baina intentsitatea gehituta Governors-en jantzia hartzen du ia eta bere baitan desertuko riffak ere batzen ditu. Dotorea! Har(r)iakek ere garapena bizi du bere baitan, eta popetik, power-popa ezagutu, hard-rocka dastatu eta wah-wah hankapetakora igarotzen da, gaiztotuz. Eraldatu eraldatzailea eta zapaltzailea da norbaiten buruan ideia sortu zen unetik: baxu sarkorra, gitarra “killer”a eta tarte metalero zein stonerrak ditu. Zabaldu atean antzematen da odolean daramaten heavyaren kadentzia duen balada garratza, nahiz eta hardcore melodiko metaleroa ere bere gain hartzen duen. Itzalitako izarraken ere thras-metalak bere lekua hartzen du. Eta, azkenik, Insomnioen gaua rock jostariaren eta heavyaren arteko abentura da. Hitzak idazteko, baina, Usurbildik kanpo jo dute. Beñat Gaztelumendi, Haritz Casabal eta Jokin Labayenen laguntza izan dute.
Lurrik ez begi bistan
IZEBERG
Autoekoizpena, 2016