Ez da Diogenes sindromea. Ez omen da hain muturreko kontua. “Pilaketa patologikoa” objektuak zentzugabe eta kantitate handitan pilatzera garamatzan nahasmena omen da. Gaixoak gauzei berezko balioa egozten die, edo gerora erabiliko dituen ustean gordetzen ditu, edo besterik gabe, kontrol eta ziurtasun sentsazioa ematen dio objektu horiek edukitzeak berak.
Surf ikastaroa, Siziliara bidaia, Sanferminak eta Aste Nagusiak. Pirinioetara joan-etorria. Beltzarandu. Irakurri. Beltzarandu gehixeago.
Patologia da, gaixoari kosta egiten zaiolako gauza horiek denak gabe bizitzea. Eta kontua da luzera begira objektu horiek guztiak ezin direla modu ordenatuan bildu, eta bizitzari lekua kentzen diotela. Gauzek.
Orain igo Stromboliko argazkiak Facebookera –ez ginen alferrik egon mugikorraren pantailari begira sumendia lehertzen ari zen bitartean–. Eman izena yoga ikastaroan. Edo batukadan. Erosi korrika egiteko oinetakoak eta Zinemaldiko sarrerak. Segi estropadetara eta Porrontxotara. Bota sekulakoa. Jo larrua. Bidali txorta-kide hari mezu bat gustura egon zinela esanez, bera oso gustura egon zela erantzun diezazun. Ez dakizu berriz nahi izango duzun. Baina, eduki hor. Badaezpada.