E.T., The Goonies eta 80ko hamarkadako esentzia pantaila txikian

  • Uda honetan zeresan handia eman duen telesaila izan da eta oraindik ikusi ez baduzu, interesatuko zaizu jakitea Stranger things telesailaren arrakastaren atzean dagoen gakoetako bat: ondo erabilitako nostalgia.

Goonies never say die” oihukatzen duzun bitartean Willy begibakarraren altxorraren bila abiatu. E.T. bezalako maskota bat alboan duzula, bizikleta gainean zerua zeharkatzen duzula imajinatu. Edo, Stand by me filmeko protagonista bazina bezala, hildako baten inguruko misterioa argitzen saiatu. 25-40 urteen artean badituzu, ziur askotan amestu duzula mundu zoragarri horien barruan zinela. 1980ko hamarkadan, Reiner, Spielberg, Zemeckis edo Donner bezalako zuzendariek magiaz beteriko zinema oparitu ziguten. Umorea eta beldurra uztartuz, familia arteko istorioak, lagunartekoak eta batez ere, adin-nagusitasunera jauzia islatzen zituzten filmak ikusteko aukera eskaini ziguten; eta abentura guzti horiek belaunaldi oso baten bihotz eta garunean betiko itsatsiak geratzea lortu zuten. Matt eta Ross Duffer anaiak garai hartako semeak izanik, berreskuratu beharreko esentzia hura pantaila txikira ekartzeko beharra zegoela erabaki zuten eta 2016 honetan Netflix plataforma digitalaren eskutik Stranger things telesaila oparitu digute.

Zalantzarik ez dago, udako telesaila bihurtu da. Aspalditik iragarria zegoen, baina sorpresa hartu dute mundu osoan. Sare sozialak sutan jartzea lortu eta urteko fenomenoetako bat bilakatu da. 80ko hamarkadako erreferentzia entsalada hau ikusteko, zortzi orduko maratoiak eta hainbat ekitaldi antolatzera iritsi dira.

Eta zein izan da Duffer anaiek zanpatzea lortu duten tekla magikoa? Telesailaren posterra ikuste hutsarekin –Drew Struzan marrazkilariari omenaldi nabarmena–, gure Delorean partikularrean hamarkada zoragarri hartara bidaia egiteko aukera eskaini digutela. Sentsazioen berpizte etengabea, eszenaratze perfektua, karakterizazio eta interpretazio bikainak –Wynona Rider salbu, guztiz esajeratua eta neurriz kanpo dagoela uste dut– eta ezin hobeto tartekaturiko beldur dosi txikiak. Umorea, zientzia fikzioa, suspensea, maitasuna eta akzioa modu hain orekatuan uztartzea ez da batere erraza.

Umeak Dungeons & Dragons joko mitikoarekin ari dira etengabe. Evil dead, Jaws eta The Thing filmen posterrak dituzte. He-man panpinak, Casio markako erloju eta kalkulagailuak, Star Wars, Marvel…. eta zer esan The Clashen Should I stay or should I go abestiarekin gertatzen den guztiaz. Erreferentzia ugari topa daitezke zortzi ataletan zehar, baina ez pentsa tresna eta trasteetan soilik geratu direnik, gidoia, argazkia, soinu banda eta muntaia bezalako alderdietan ere hainbat film eta zuzendari izan baitituzte kontuan. Lehen atalean, adibidez, pertsonaiak aurkezterako orduan, saihestezina The Goonies filmarekin loturak ikustea. Poltergeist, Alien, eta The Frighteners filmen ukituak ere nonahi. Cronenberg, Guillermo del Toro, Carpenter edo Peter Jackson bezalako zuzendarien eragin nabarmena izkina guztietan. Baina beste zuzendari baten eragina sendoago loratzen da, naturatik oso gertu dauden auzoak –ezagutzen dituzu, film askotan ikusi dituzu– agertzen diren unean: klase ertaineko familiak, ezustean gertaera fantastiko batekin aurrez aurre jo eta biziraupen tresna bezala inozentzia erabiltzen dutenean, gure buruen gainetik hegan egiten duen izena Steven Spielberg da. E.T. zoragarriarekin etengabeko loturak: kasu honetan, gobernua, estralurtar baten atzetik aritu beharrean, botere bereziak dituen neskatxa baten atzetik arituko da; aipatzekoak jazarpen-eszenetan ikus daitezkeen linterna eta bizikletak ere; eta Jaws filmeko plano berbera erabiltzen duen unea ere, idazteko makina azaltzen den momentua, azpimarratzeko modukoa.

Erreferentzia literarioak bilatzen hasiz gero, telesailaren ezinbesteko beste zutabeak Stephen King du izena. Drew Struzanen estiloko posterra ikustean zuzenean Amblin ekoiztetxera bidaiatzen badugu, erabilitako tipografia retroak idazlearen liburuetara bideratuko gaitu. Ume taldeak naturaz kanpoko elementuei aurre egitean ume izateari uzten dion eremua ere, “King eremua” dugu. Telesailak argi uzten du hasieratik txikitako lagunak garrantzitsuak direla, The body atala ikusi besterik ez dago horretarako: idazlearen kontakizun baten izenburu berbera da eta urte batzuk geroago Stand by me filma bihurtu zen –keinu argia, telesailean umeak trenbidetik doazenean–. Baina herri txiki batean umeek munstroen aurka borrokatzen dutela aipatzen badugu, It izan liteke lotura zuzenena. Edo Salem’s Loten bezala, gauaren erdian galdurik ikus daitezkeen haurrak, atmosfera beldurgarri batez inguratuta. Eta jakina, Eleven izeneko neskatxak Carrie filmeko pertsonaiaren antzeko “botereak” ditu.

Keinu eta lotura kultural ugari, bai, baina ez pentsa horiek direnik ekoizpen honen sostengu bakarra. Orain arte estreinatu diren nostalgia ariketa guztiekin alderatuz, Stranger Thingsen abilezia handiena da ez duela guztia kalkatu, eta batez ere, ez duela atmosfera guzti hori azukrez bete. Alegia, nostalgiaz inguraturiko inozentzia iluntasunetik jaiotzen dela eta ez jatorri naif batetik. Baina batez ere, maitasun handiz eginiko telesaila dela. Ez nuke esango maisulana denik –ezta gutxiago ere– baina bai uda honetan gehien gozatu dugun telesaila.

Hori bai, Indiana Jones filmeko elkarrizketa guztiak buruz ez badakizkizu, zure etxean Ghostbusters filmaren posterrik ez badago, apalean zenituen VHS zaharkituak malenkoniaz gogoratzen ez badituzu, E.T.-ren soinu banda entzutean oilo-ipurdia jartzen ez bazaizu, bizikleta gainean abenturak bizitzea aspergarria iruditzen bazitzaizun edo inoiz basoaren erdian egurrezko etxolak eraiki ez badituzu; azken finean, 80ko hamarkadako semea ez bazara, gozamen mailak nabarmen egingo du behera, ekoizpen arrunta bilakatu arte. Duffer anaien lan berri hau pasioz ala axolagabetasunez bizitzea, zein urtetan jaio ala hezi zaren, zuzenki proportzionala baita. Nire kasuan, 1984 urtekoa izanik, argi eta garbi diot: gora Stranger things eta gora 80ko hamarkada!


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Telesailak
Lodiek ez dute lekurik film eta telesailetan

Nahiz eta herritarren erdia baino gehiago "normopisua" delakotik gora egon, film eta telesailetako pertsonaien %3,3ak baino ez ditu gorputz horiek ordezkatzen. Apenas dagoen pertsonaia gizenik, eta dagoenean, sarri bere gizentasuna du trama nagusi, bereziki emakumea... [+]


2022-09-05 | Sustatu
Boterearen Eraztunak telesaila euskarazko azpidatziekin estreinatu da

Gertaera nahiko azpimarragarria da, Boterearen Eraztunak telesaila euskaraz ere estreinatu duela munduan Amazon Prime Video plataformak. Streaming plataformen munduan, 2022 honetako fenomenotzat aurkeztu dituzte The Lord of the Rings / Eraztunen Jaunaren prekuela, eta... [+]


Euskarara bikoiztuko dute "The Lord of the Rings" telesaila

Amazon Primek kaleratuko duen telesaila inoiz eginiko garestiena da eta irailaren 2an izango da estreinaldia. J. R. R. Tolkien-en mundua berpiztuko du telesailak.


Eguneraketa berriak daude