Miren Olasagasti, Diasporako donostiarra

"Caracasen aditutako historiak kontatu eta negarra etortzen zait"

  • Diasporaren alaba dela dio, baina hurrik eman ere ez  ‘ni ez naiz hemengoa’ esaterik. Hemengoak bezain hemengo da Caracasen jaiotakoa. Donostiako abertzaletasun zaharraren eragileak ageri dira beraren familian, eta sentimendu horrixe helduta bizi da Miren, diasporaren alaba euskalduna.

Miel Anjel Elustondo
2016ko irailaren 18a
“Hemen geratu zirenak nola edo hala historia barneratzera iritsi ziren. Aldiz, hemendik alde egin behar izan zuen jendea ama-lurretik erauzi izan balute bezala bizi izan zen”
“Hemen geratu zirenak nola edo hala historia barneratzera iritsi ziren. Aldiz, hemendik alde egin behar izan zuen jendea ama-lurretik erauzi izan balute bezala bizi izan zen”. Argazkia: Zaldi Ero.

Zurekin hitz egiteko agindu didate, baina ez dakit non duen hasiera elkarrizketa honen hariak…
Esplikatuko dizut nik. Donostiako Parte Zaharrean, zapata denda batera sartu nintzen. Dendariak zer joera duen ez dakit, baina abertzalea du familia. Nik bizitza zirkularra dela esan ohi dut. Ez dakizu zergatik, baina denbora igaro eta, halako batean, lehenago zeunden tokian jartzera eramaten zaitu bizitzak. Dena dela, dendara sartu, zapata parea aukeratu, hitzari lotu, izena galdetu, Miren Olasagasti, eta akabo! Jendeari eskemak txikitzen dizkiot, Venezuelako azentua mintzoan eta Miren Olasagasti izena ematen dudanean. Atzerritartzat hartu ohi nau jendeak, baina ez dago horrelakorik, bi maitasun handi ditut nik bizian, Donostia –Euskal Herria, oro har–, eta Venezuela. “Olasagasti, bai. Diasporaren alaba naiz”. Harri eta zur geratu zitzaidan dendaria, Miren Olano, eta inondik ere, berak eman dizue nire berri, familiaren historia gal ez dadin.

Zein duzu historia?
Aitona donostiarra zen, Juan Olasagasti Azkue, 1939an Venezuelara joana. Handik hiru urtera, 1942an, nire aita joan zen, Iñaki Olasagasti Alkain. Etxean aditu nuenez, aitona Donostiako Parte Zahar honetako nazionalistetan lehenetakoa izan zen, nahiz eta birraitona monarkikoa izan, karlista. Hortaz, aitonak hautsi zituen markak etxean, Sabino Aranaren ideien eta Jose Antonio Agirreren atzetik joanda. Badut argazki bat, non gerra garaian, jeneral errepublikano baten hileta ageri den: han dira soldadu errepublikarrak ukabila itxita, eta ondoan, Agirre lehendakaria, sonbreirua jantzita. Han da gure aitona ere, eskuak sakeletan sartuak. Argazkiak badu koxka, hura ikusi eta, aitona ihes egina ordurako, amona hartu baitzuten atxilo: Trinidad Alkain. Ondarretan eduki zutela esan dit lehengusina baten alabak, baina ez dakit han edo mojek zuzentzen zuten kartzelaren baten eduki zuten Prim kalean. Ez dakit xuxen. 1938-39an behar zuela kalkulatzen dut nik. Aitona erbestean eta amona preso, karitatetik bizi ziren etxean. Harrezkero, aitonak ez zuen nahi izan argazkirik ez berari buruz ezer publika zezaten.

Gerra aipatu diguzu.
Bai. Gerra lehertu zenean, aitonak Segurako lehengusu txikien baserrira jo zuen, eta hantxe babestu zuen familia. Lehengusuei esan zien erokeria hark ezin zuela hilabete baino gehiago iraun, familia han utzi eta bera gerrara zihoala baina laster itzuliko zela. Bitartean, ordea, agindua eman zuten aitona bilatzeko eta atxilotzeko, eta berak hori jakin zuenean Frantzia aldera ihes egin zuen Pirinioetatik barrena.

Gerrako historiak beti.
Nik ez dakit familia zenbat denbora egon zen Seguran, baina ezin hiru urtez han egon! Noizbait, amona Donostiako etxe honetara itzuli zen, eta ordurako osaba Manuel ere gerran ibilia zen, eta Donostiara itzulia: etxeko bosgarren solairuan bizi zen. Etxebizitzari pusketa bat kendu eta ezkutaleku bat egin zuen bertan. Han bizi izan zen bera. Bila zetozkiola jakiten zuenean, ihes egiten zuen teilatutik teilatura… Gisako historiak aditu izan ditut nik aitaren ahotik, eta ez zituen askotan kontatzen, ikaragarri hunkitzen zen-eta.

Venezuelan aditu dituzu istorio-historiak.
Aitonak Venezuelara jo baitzuen, garai hartako euskaldun askok bezala. Medina Angarita presidentearen gobernuak euskaldunei sarrera eman zien, dokumentazioa eduki nahiz ez. Aitona ez zuten harrapatu, baina, ordainetan, seme-alabak zigortu nahi izan zizkioten. Haren anaia Joseba, esaterako, Atzerriko Legiora bidali zuten, Marokoko gerrara borrokan. Gure aitari berdin gerta ez zekion, soldadutza adina baino lehen aitonak Venezuelara deitu zuen eta, ondorioz, desertoretzat jo zuten. Gainerako senideak adin txikikoak zituen: osaba Mikel aita baino lau urte gazteagoa zen, eta izeba Miren, sei. Horrela joan zen aita Venezuelara.

Eta Venezuelan, zer bizimodu zure arbasoek?
Aitonak aurrezki kutxan egiten zuen lan hemen, eta Venezuelara heldu eta tabernari lana egin behar izan zuen, euskaldunen tabernan. Politena zuen izena taberna haietako batek. Aitak ez zuen edaten, ez zekien tabernako lanik, baina liburuxka bat egin zuen, koktelak eta edariak nola prestatu jakiteko. Horixe izan zuen lehen lana Venezuelan. Geroago, zenbait familia aberatsen administrari jardun zuen. Mendoza sendiarentzat lan egin zuen –Polar garagardo-fabrikaren jabeak garai batean, elikagai konpainia handia gaur egun, eta oraingo erregimenak oso pertsegitua–, eta baita Velutinitarrentzat ere; etxegile zailduak. Aitonak kontabilitate lanean jardun zuen 1950 arte.

Eta aitak?
1943an aitak nire ama ezagutu zuen. Venezuela ekialdera, Cumaná hirira kanalizazioak egitera lanera joanda. Aitak hemezortzi urte, hamazazpi amak: ezagutu orduko egin omen zuten bat. Ama ikusgarria zen, neska ezinago ederra, polita, lasaia… Aita, aldiz, metro eta laurogeita hamarreko gizona –luziak, luzeak, esaten zieten Donostiako Parte Zaharrean–, mundua hankapean ibiltzeko itxurakoa. 1950ean ezkondu ziren, ordu arte aitak hemengo familia diruz laguntzen jardun zuelako lanean. Izan ere, hemengo bi anaiak Venezuelara eramateko asmoa zuen, eta eraman ere bai. Izeba Miren –Miren Koruko, berez–, hemen gelditu zen, gaixorik zegoelako, amaren ondoan. 1948an eraman zituen aitak bi anaia horiek Venezuelara, eta orduantxe, zorigaitza.

Zorigaitza?
Bai. Atzerriko Legioan ibilitako anaia ere, osaba Joseba, kontabilitate lanean hasi zen Venezuelako familia ezagun batean, eta hango alaba bat osabaz maitemindu zen. Osabak, ordea, emaztegaia zuen hemen, eta Venezuelako neska hark –guztiz obsesionatuta–, akabatu egin zuen osaba Joseba, Venezuelara heldu eta sei hilabetera. Eten handia izan zen hori. Lehen orrialdeko albistea izan zen egunkarietan. Urteak geroago jakin nuen nik osabari gertatua, paper zahar batzuen peskizan nenbilela: “Pasio-hilketa” irakurri nuen. Familia aberatsekoa zen neska eta halako bertsio bat zabaldu zuen. Hemengo familian sekulako zalaparta eragin zuen osabaren heriotzak, aita Venezuelako neska batekin baitzebilen ordurako, eta hori gertatu ondotik pentsatu zuten hango neskekin ibiltzeak ezin zezakeela onik ekarri. Bestaldetik, gure amaren familiarentzat ere, atzerritarra ez zen ezkontzarako aukerarik egokiena. Hala ere, nire gurasoei dagokienean amaiera zoriontsua izan zuen istorioak, nahiz eta oso garai latz eta korapilatua bizi behar izan zuten.

Aita Cumanára joan zela lanean esan duzu.
Bai. Venezuelako oihanaren bihotzean ari ziren lanean, Guanare ibaia kanalizatzen eta haren gainean zubiak jasotzen, Herri-lanetako Ministerioarentzako lanean. Han ari zela gaixotu egin zen aita, sukar horia harrapatu zuten. Gaitzari “ekonomikoa” izena ematen zioten han, ez zegoelako sendagaietan gastatzeko dirurik eta jendea erremedio gabe hiltzen zelako. Hala ere, sendagile batek leherrenak egin eta salbatu zuen aita, 21 urteko mutil sasoikoa orduan. Aita esker oneko izan zitzaion harrezkero sendagile hari –Asuaje doktorea zen–, eta gero, aita Caracasera bizitzen joanagatik ere, urtero egiten zion bisita sendagileari, hiriburutik Apure estatura.

Zer kontatzen zizun aitak hemengo gaztaroaz?
Gogoratzen naiz, ni lotan, deiadarrak aditu izan nituela behin edo behin. Orduan, amak astindu egiten zuen aita, esna zedin, eta aitak esaten ziona dakit: “Eskerrik asko, ama, bizia salbatu didazu. Ni fusilatzen ari ziren”. Aitak kontatzen zuenez, osaba Manuelek, etxe honetako ganbaran ezkutatuta egon zenak, ingelesen bidez heltzen ziren albiste bila bidaltzen zuen aita, Manuel bera baino anaia gazteagoa. Aitak botatan sartuta eramaten zizkion berriak, tropek etxeratzeko deia jo baino lehen. Trukean, osabak eskupekoa ematen zion. Aitak esaten zuen behin baino gehiagotan geratu izan zela Barandiaran ondoko gozotegi batean goxoren bat erosten, etxeratzeko deia jo zutela konturatu ez, eta behin edo behin soldaduek edo harrapatu eta kolpeka eraso ziotela. Aitak kontatzen zuen, beste batean, nola tropa frankistak Donostiara sartu eta armamendua hustu zuten Plaza Nagusian. Lagunekin joana omen zen mojen baratzera, sagar-lapurretan edo, baina baratzezaina ohartu, eta beraien atzetik abiatu zela. Plaza Nagusian, non tropek armamendua hustu baitzuten, granadak harrapatu zituztela, bengalak edo etxafuegoak zirelakoan, eta atzera mojen baratzera itzuli omen ziren, granadak botatzen. Ume zaharrak zer diren! Ez zuten kontzientziarik! Harrezkero, ikusita nago San Telmo museoan irudi bat, “Haurrak gerrara jolasean”. Bada, horrexetan ari ziren aita-eta.

Hemengo kontuak zituen.
Han, hemengoak. Caracasen bateko eta besteko hariak lotzen zitzaizkion, historiak gurutzatzen eta txirikordatzen zitzaizkion… Urriaren 30etan halloween ospatzen da Caracasen. Nire seme Iñaki txikia zela, beraren ikasgelako 28 haurrak hartu eta etxera ekartzen nituen, askarian. Aitak, betiko galdera beti: “Euskaldunik ba al da Jose Iñakiren gelan?”. “Bai, nonbait! Patxi izena du, behintzat, mutiletako batek. Baina ez dakizu, oso jende arraroa da!”. Haurraren aitaren izena Patxi Badiola zen. Arraro gabe, itxia zen familia hura. Eta aitak: “Patxi horrekin egon beharrean nago, haren aitona ezagutu nuen Donostian”. Ez sinestekoa ematen du, baina hala zen. Nire aita delako Patxi Badiolari joan eta esan zion aita ezagutu zuela. Patxik, ezetz: “Ezinezkoa da. Aspaldi hil zen gure aita. Onenean, Caracasen bizi den beste Badiola baten aita ezagutuko zenuen”. Aitak bereari eutsi zion: “Ez, ez, zure aita ezagutu nuen nik. Are gehiago, bertan nintzen zure gurasoek elkar ezagutu zuten egunean: jai-eguna zen, eta baserri batera joan ginen bazkaltzera zure aita eta biok. Horretan, etxeko alaba irten zen, hamabost urtekoa, eta zure aitari gustatu, eta esan zion berarekin ezkonduko zela. Neskak izututa begiratu zion, eta abantadan joan zen, ez zela berarekin ezkonduko esanez. Urteak igarota, Patxi baserrira itzuli, konkistatu zuen, eta ezkondu zen zure ama Mentxu zenarekin”. Delako Mentxu deskribatu ere egin zion!

Harrigarrizko historia-istorioak erbestean.
Elkarrizketa ez zen horretan bukatu. Kontua da Mentxuren familia hura ere donostiarra zela, Parte Zaharrekoa. “10. zenbakian bizi zirela uste dut. Pagola Barandiaran ziren haiek”.

Aitari aurpegiko kolorea mudatu zitzaion, zurbildu egin zen eta, ondoren, metro eta laurogeita hamarreko gizonkoteak negarrari eman zion. Negar eta negar egin zuen! “Zer duzu aita?”, galdetu niolarik, haren erantzuna: “Barandiaran andrea, jatekorik ez genuenean jaten eman ziguna”. Horra berriro zirkulua itxi.

Eta, gaur egun, zer zaizkizu bizipen eta oroitzapenok?
Gerra trauma latza gertatu zitzaion hemengo jendeari, ezin bestela izan. Askok alde egin zuten, asko bertan geratu. Nire iritziz, hemen geratu zirenek denborarekin batera eboluzionatu zuten, eta nola edo hala historia barneratzera iritsi zen. Aldiz, hemendik alde egin behar izan zuen jendea ama-lurretik erauzi izan balute bezala bizi izan zen. Bestelako testuinguru batean bizi zen jende hori, baina, nahitaez, garai bateko osagaiak berragertzen zitzaizkion. Eta haustura eta etena berritzen ziren. Nik, hasteko, Caracaseko etxean aditu ditudan historiak kontatzen ditut. Eta kontatzen ditudalarik, negarra etortzen zait. Nire aurrekoen bizipenak birbizitzen ditut. Miren Olano dendariak lekukotasunok galtzen uzterik ez dagoela esan zidan, eta gizonak, berriz, idazteko esaten dit, baina ez daukat gaitasunik, arkitektoa naiz, ez idazle, ez kazetari. Orduan, nik aditutakoak semeari kontatzen dizkiot, gal ez daitezen. Gure artean ez daudenak omentzeko modua dut haien historia kontatzea.

1955, Caracas, Venezuela
Miren Olasagasti Falcon

Arkitektura ikasketak egina. Donostiarra zuen aita, gerra ondoan Venezuelara joan eta bertan ezkondua. Hiru urte zituela egin zuen Mirenek lehen bidaia Donostiara, eta bizialdiak eginak ditu bertan. Honenbestez, Euskal Herriari zinez lotua. Caracasen ere euskal etxean ohi zen Miren larunbatero, ikastolan, esaterako. Igandeetan, aldiz, tiro-poligonoan, aitaren ondoan, ez alferrik izan baitzen Iñaki Olasagasti Alkain Munduko txapeldunorde plater-tiroko eskeet modalitatean Egipton eta Alemanian, 1961ean. Venezuela ordezkatzen zuen.

Ni hemengoa naiz

“Nire azentua aditu eta harritu egiten da jendea, baina hau nire herria da. Donostiara baino lehen, Hondarribira heldu eta malkoa irteten zait. Bizipen mordoa dut hemen, hiru urte nituela egin nuen lehen bidaiatik honakoak. Emozioak borborka hasten zaizkit eta, orduan, atzerritartzat hartzen nautela ikusten dudanean, esaten dut: ‘Jainkoarren!, hemengoa naiz, zu baino hemengoagoa, nahi baduzu!’”.

Etxea

“Birraitonarena zen etxe hau, Donostiako Kale Nagusiko 9.ean, goitik hasi eta beheraino. Zurgindegia zuen etxepean, tailerra. Uste dut 1850ean erosi zuela etxe osoa. Jose Mari Olasagasti Aiarragarai birraitonak lau seme-alaba izan zituen. Zaharrena zen Ramon, zurgindegian aitarekin lanean. Bigarrena zen osaba Manuel, donadoa. Hirugarrena zen Jabier, Donostiako zinegotzi izan zena 1919an, Dolores Rodriguez Galekin ezkondu zena. Gazteena izan zen gure aitona, zurgindegian lan egin ez zuena, eta aldiz, politikan muturra sartu zuena”.

Azken hitza: Eskutitz reality-ak

“1943tik 1948ra bitartean aitak amari idatzitako 23 eskutitz dauzkat gordeak. Eskutitz ezinago erromantikoak, bistan da, eta aldi berean, libertigarriak, jostari eta errealistak.
Oso reality-ak ere bai”.

Kanal hauetan artxibatua: Euskal diaspora  |  Venezuela

Euskal diaspora kanaletik interesatuko zaizu...
2017-10-05 | Euskal Irratiak
Ameriketako euskaldun batzuen soinu hunkigarriak

Francis Bidart kronikalariak soinu esklusibo eta bereziak ekarri ditu irratira. Skype eta telefonorik gabeko garai batean, Ameriketan bizi ziren euskaldunek, haien herrietara bidaltzen zituzten soinuak, mezuak laguneri ala familiari, entzutekoa.


2017-03-22 | Izar Mendiguren
"Zirrara sortzen du Korrika Parisen egiteak"

Igandean egin zuten Korrika Parisen. Lorea Ibañez (Amurrio, 1987) izan zen antolatzaileetako bat. Frantziako poliziek seinaka eta espaloitik joateko baimena soilik eman zieten, baina giro eta umore onean egin zuten korrika.


São Paulotik gutuna

Brasildik jaso dut posta bat. Estebe Ormazabal Insausti beasaindarraren hitzak dira jaso ditugunak; ARGIAko harpideduna bera. Ez da txoko honetara ekarri dugun atzerrian bizi den lehen laguna. Pixkanaka ari gara biltzen Euskal Herritik kanpora dugun komunitatearen iritziak, hausnarketak, kritikak eta laudorioak.
    Lan kontuak tarteko, 1996an gurutzatu zuen itsasoa Ormazabalek Brasila ailegatzeko. Lehendik Ingalaterran, Suitzan, Alemanian, Italian eta Irlandan ibilia zen... [+]


"Mexikon oso esker oneko jendea izan dut inguruan beti"

Amezketarra Mexiko DF-n euskara irakasle, unibertsitateetan eta euskal etxean. Baina ez da ikasle gaztearen urtebeteko pasadizoa, bertan errotu den emakumearen ibilia baizik.


2016-08-31 | Erran .eus
Artzain Amerikanoen Egunaren X.urteurrena ospatuko dute larunbatean Izaban

Euskal Artzainak Ameriketan elkarteak egitarau zabala prestatu du aurten ere. Irailaren 3an ospatuko da, Izaban (Erronkari), Urrinean Biltruk goiburupean. Erronkarieraz, Urrunean bilduak erran nahi du  eta hain ezberdinak diren bi lurraldetan, bizitza eta lana egiteko modu berdina egin ahal izana goraipatu nahi du. Tiketak ohiko lekuetan daude salgai. 


2016-07-29 | Natxo Escobar
Centennial
MULTIMEDIA - dokumentala

New Yorkeko Euskal Etxearen 100. urteurrena ospatzeko egindako lana.

Zuzendaria: Natxo Escobar
Ekoizpena: Koldo San Sebastian, Ander San Sebastian
Errealizazioa: Iker Treviño


"Iruditzen zitzaidan Txile ahanzten banuen Pinochetek irabazia zuela borroka"

Txiletik datorrela esan digute, Kuban hazia dela Salvador Allende hilez geroko garaian, mediku dela, hainbat aldaketa iraultzaile eginak dituela zuzentzen duen ospitalean… Hariari jarraiki gatzaizkio, galdezka, putzu sakonean sartu garen arte.


Euskararen Eguna 2015 Valentzian
MULTIMEDIA - bideo herrikoia

2015eko Euskararen nazioarteko egunean Valentziako Euskal Etxeko lagunek egin zuten ekimenaren bideoa.


"Euskaltasuna globalizatu beharraren beharrez anglofonotu egin duzuela iruditzen zaigu"

“Argentinarra naiz eta, Euskadi dut maite…” kantu zaharraren bertsio berria litzateke, Buenos Airesko Laurak Bat euskal etxeko lehendakari andrea kantari.


2015-10-28 | Estitxu Eizagirre
Ipar Amerikako euskaldun gazteei bertsoa erakusteko asmotan

Euskal Herrira ekarri dituzte bertsotara lehen aldiz J. Kurutxet eta M. Goikoetxea euskaldun amerikarrak. Euren asmoa adierazi dute: hemengo bertso eskoletako gazteak eramatea hango gazteei bertsoa erakustera.


ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude