Hamabi kantu basati eta bortitz daude Ztah taldearen diskoan. Doinu ilunak, astunak eta errepikakorrak dira, eta deathcore, hardcore eta metal aireak suma daitezke kantuetan. Gupidarik eta errukirik gabe aritzen dira, inolako txantxarik gabe. Taldekideek egurrarkore bezala definitzen dute beraien musika. Hala baita, egurra latza. Oso ongi egina, eta diskoa bera ere ederki ekoitzia dago.
Kantuen bidez kritika, salaketa eta aldarria egiten dute: “Abiadura handiko bizirik ez, dugunarekin nahikoa dugu, abiadura handiko trenari ez, bizitzeko denbora behar dugu”. (Tren tren), “Eskemak apurtu, saihesbide guztiak bide nagusira joaten baitira!” (Inorabidea), “Faxismo gordea demokraziaren gibelean” (Ilusioarekin dantzan), “Beti diru gehio behar, amaiera gabeko gose handia” (Ehun hamar dollar), “Naturaren harrapaketak, inguramenaren kutsatzeak, gizakiaren hedapenak ondorio bakarra dute, gizakiaren desagerpena” (Zazpi miliar arrazoi), “Geroa sortu, etorkizuna zure esku dago, ideiak bultzatu, etorkizuna gure esku dago” (Geroa sortu), “Zein izango da bere patua, eraso matxisten biktima? Hurrengo zenbaki mutua?” (Txanogorritxuren patua), “Ez saldu Euskal Herria, gure herria ez saldu” (43769).
Ztah taldea 2010. urtean sortu zen Donibane-Ziburuko gaztetxean. Oier (Hats, Stakipop), Jon (Hats, Stakipop) eta Pilo (Glokom) ziren hasierako taldekideak eta ondoren Iñaki (Dementzia, e-Volv, PIBAllStar...) haiekin elkartu zen. 2011. urtean EP bat kaleratu zuten eta aurten argitaratu duten Inorabidea diskoa beraien lehen lan luzea da.
Taldea jendaurreko emanaldi batean ikusteak merezi du, dudarik gabe, transmititzen duen indar guztia hurbiletik ikusteko eta sentitzeko.
Inorabidea
Ztah
Autoekoizpena, 2016