argia.eus
INPRIMATU
Hazteko, hazien hormonak
Jakoba Errekondo 2016ko irailaren 15
(Argazkia: Ashley Camsell)
(Argazkia: Ashley Camsell)

Landare bati kendutako puska batetik berri bat sortzeko hormonak erabiltzea ohikoa da. Landarearen aldaxkari edo hostoari itsasten laguntzeko, errotzeko,  urgazle egokiak dira hormonak, batez ere sustraiak ez ematen egoskorrak direnetan. Landare batzuen puskek erraz ematen dituzte sustraiak, uretan jartze hutsa nahikoa da. Beste batzuk, berriz, temoso-temoso jarri eta sustrairik ez luzatzeko setan gogor lotzen dira. Horiekin ia nahitaezkoa da hormonak baliatzea.

Hormonak artifizialak edo naturalak izan daitezke. Naturalak zerorrek molda ditzakezu. Haziekin, adibidez. Hazi guztiek bi zati dituzte: ernamuina eta energia erreserba. Landare berria sortzeko, hazia hozitu egin behar da. Metatuta dagoen energia dantzatu, eta horrela akuilatuko da ernamuina, baldin eta sustraia eta kimua biak emango baditu. Energiaren dantza horren doinua hormonen orkestrak joko du. Musika hori abiatzeko, haziak hiru baldintza eskatzen ditu: ura, tenperatura epela eta ilunpea. Nahi bada zuzenean uretan sartuta, nahi bada ur-asetutako zapi edo paper batean bilduta, baina busti haziak, eta, toki epel eta ilun batean, erraz ernatuko dira. Kimua agertzen denean, bixtan da, hormonen musika ageri asko ikusiko duzu. Orduan haziak oso-osorik zanpa-zanpa birrindu, zehatu. Uretan bazeuden, ur hartantxe nahasi; bestela, ura erantsi eta ondo-ondo eragin. Irazi eta bereizi: ura eta hazi-kondarrak. Biak, zein baino zein, hormonaz gainezka egongo dira.

Aldaxkak ur hormonadunetan sartu, eta eduki egun betez; ondoren, zeharraldatu loreontzian, muintegian, baratzean... Aldaxkan sustraiak azaltzen dituen arte ere eduki daiteke uretan. Ondoren, landatutakoan ureztatzeko ere ur hori bera erabiliz gero aise demonio itsatsi eta indartuko da. Demonio horri bidea errazteko, eman irazitakoan bereizi ditugun hazi-kondarrak aldaxka landatuko dugun lurrari.

Zein hazirekin sortu hormonak? Lekale jendea oso egokia da: dilista (Lens culinaris), txitxirioa (Cicer arietinum), babarruna (Phaseolus vulgaris)... Baina baita ere artoa (Zea mays), gariak (Triticum spp), oloa (Avena sativa), hirustak (Trifolium spp)...