"Nobela grafikoari esker, egungoa komikiaren inoizko garairik onena da"

  • Joker komiki denda 1994an zabaldu zuen Bilbon Fernando Tarancónek (1971, Bilbo), kazetaritza ikasketak amaitu berritan. Geroago etorri zen Astiberri argitaletxea, 2001ean. Garai latzak igarota, badirudi egun aro gozoa bizi duela komikiak eta horren isla da Joker-Astiberri bikotea. Iaz denda Euskalduna kaleko egoitza handiagora eraman zuten eta argitaletxeak 500 titulu ditu argitaratuta, hamabost urte bete dituen urte honetan.

“80ko hamarkadan leherketa izan zen komikiaren munduan, baina puztuegia eta ganorarik gabea. Azken urteotan, ordea, hazkundea oinarri sendoagoen gainean gertatzen ari da”.
“80ko hamarkadan leherketa izan zen komikiaren munduan, baina puztuegia eta ganorarik gabea. Azken urteotan, ordea, hazkundea oinarri sendoagoen gainean gertatzen ari da”.

Liburu-saltzaile eta editore rolen arteko harremana nola daramazu?

Bata bestearen ondoren etorri denez, alderdi guztiak kontuan hartzen ikasi dut. Batzuk besteei buruz gaizki esaka entzuten ditudanean... gauzak ez dira zuri ala beltz. Liburu dendak zein argitaletxeak ixten dira, beraz, arrazoia hor nonbait egongo da. Gainera, emaztea ilustratzailea da eta badakit zer gogorra den haientzat bakarka lan egitea. Indarrak gehitzea da kontua, ez kentzea.

Ondo doakizuela dirudi.

Bai, ez daukagulako gastu handiegirik edo azpiegitura erraldoirik. Apurka-apurka hazten joan gara eta, hasieran hain gaizki pasatu genuenez, kostatu zaigu konturatzea hobeto ari ginela, zortzi urte generamatzala galerarik gabe. Tira, ez dugu egundoko soldatarik eta ez dugu autorik, baina ez zen hori gure helburua.

Erreferentzia nagusia bilakatu zarete Espainiako Estatuan?

Nobela grafikoaren eztandarekin batera heldu ginen, hasieratik ikusi genuen etortzen eta bat egin genuen berehala. Erreferentziazko argitaletxe bihurtu gara Espainiako egileen artean, baina horrek ez du esan nahi gugandik kanpo egile onak ez daudenik. Saiatzen gara egileak ondo tratatzen eta eurek estimatzen dute gure lan egiteko modua. Berriki, egileekiko negoziazioetan bik esan digute gure zatia igotzeko, gutxiegi eskatzen genuela.

Orokorra da, baina. Ondo dabil komiki mundua.

Bai, 80ko hamarkadan leherketa bat izan zen, baina puztuegia eta ganorarik gabea. Azken urteotan, ordea, hazkundea oinarri sendoagoen gainean gertatzen ari da, irakurle berriak sartzen ari dira, lanak gero eta hobeak dira. Nobela grafikoari esker, egungoa komikiaren inoizko garairik onena da irakurlearentzat. Duela urte batzuk literaturazale edo zinemazale despistaturen bat komiki interesgarri baten bila dendan sartzen bazen, ezer gutxi genuen hari eskaintzeko, Maus-en lehenengo zatia, Carlos Giménezen Paracuellos eta beste lau edo bost titulu zeuden. Egun, berriz, nobelan edo saioan irakurtzen dugunak badu islarik nobela grafikoan, are, bertara heldu den jende asko komikitik pasatu gabea da.

Industriatik aparte garatu da nobela grafikoa, beraz.

Bai, komikiaren hiru industria multzo handi daude munduan, Espainian duela hamabost urtera arte komikia ekoitzi den moduan ekoizten dutenak: Marvel amerikarra, manga japoniarra eta franko-belgikarra. Bertan, marrazkilaria langilea da, berdin marraztu behar ditu erromantzea, pornoa edo ahatetxoak, familia mantentzeko. Azken urteotan, ordea, egiletza artistikoko beste eredu bat garatu da, literatura egileena: nork bere istorioa kontatzea. Nazioarteko mugimendua da, ez dizu ziurtatzen irabazirik, baina guk hasieratik egin dugu bat horrekin eta gaur egun gure egileen eskubideak mundu osoan saltzen ari gara.

Gai eta ikuspegi berriak dira, Una entre muchas-en genero indarkeria kasu.

Istorio jakin bat kontatu beharrak bultzatuta marraztea, lehen horrelakorik ez zegoen, komikia adierazpide pertsonaltzat hartzea. Una entre muchas paradigmatikoa da, gizartearen isla. Iaz Gazpacho agridulce komiki kostunbrista argitaratu genuen, txinatar etorkinen seme-alaben pasadizoak, haietako batek kontatuak. Egun komikian gehien interesatzen zaidana ez-fikzioa da.

Hala ere, frikismo irudi hori du oraindik komikiak.

Ni mugitzen naizen giroan ez, baina ez naiz mundu errealean aritzen. Unibertsitatean ibilitako lagunen afaria egin genuenean pentsatu nuen: “Astiberrin nabilela esaten diedanean”... Inork ez zekien zer zen Astiberri, eta jende jantziak dira denak. Asko aurreratu da, egun kultura orrialdeetan agertzen dira komikien aipamenak, lehen gazte gehigarrietan baino ez.

Hobekuntzak euskarazko argitalpenei ere eman die bultzada?

Zaila egiten zait euskarazko edizioez hitz egitea, iaz lau gauza atera zirelako. Gu bigarren urtean hasi ginen euskaraz argitaratzen. Desastrea izan zen eta beldurtu ginen. Duela bi urte Javier Isusiren Baleak ikusi ditut ateratzea, berriz, erabat logikoa iruditu zitzaigun. Mitologika bildumaz gain, urtero bi ateratzen ditugu euskaraz: Paco Rocaren Zimurrak eta etxea, Gallardoren Maria eta biok, eta Mariak 20 urte ditu. Konfiantzazko egileekin egiten dugu hori, 1.000 aleko tiradagatik miseria bat ordainduko diogula esan eta onartu egiten dutenak.

Euskarazko zer proposamen arrakastatsu irudikatzen duzu?

Euskaraz eta arrakastatsua... Kostatzen zait hitz biak lotzea. Nahi nuke, ordea, jatorrizkoa euskaraz izanik arrakasta izatea eta gaztelaniara pasatzea. Gaiari dagokionez, gustatuko litzaidake, ganorazko proposamen bat balego gu gazte gineneko garaia islatzea: Bilbo industriala, birmoldaketa, ETAren berunezko urteak, gerra zikina, droga... Gure eguneroko normaltasuna izan zena. Ikusi dudan guztia oso deskafeinatua iruditu zait, agian oraindik posizionatzea eskatzen dizutelako eta horrek beldurra sortzen duelako. Oraindik urte batzuk pasatu beharko dira akaso, baina gure belaunaldiak kontatu beharko du, bizi izan dugun azkenak izan garelako.

Kolpeka ikasita

“Hasieran dena da polita, ideal bat nahi duzu, baina gero lohitzen zara, kolpeak hartu, liburu batzuek ez dute funtzionatzen... Ondoren, beste era batera maite duzu lanbidea. Kolpeka ikasi dugu, baina txikiak izanik, kolpeek ere derrigorrez txikiak behar zuten. Zenbakiez ez dakigunez, argitaletxea itxi behar genuenean ez genuen itxi, pentsatzen genuelako kredituak eskatzen jarrai genezakeela eta egunen batean funtzionatuko zuela. Batzuetan ezjakintasunari esker egiten duzu aurrera”.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Komikiak
2023-12-15 | ARGIA
'Ño' komikiaz solasaldia, gaur Bilboko La Sinsorga kulturgunean

Ño komikiaren testuen egile Miren Artetxe eta Eli Pagola, eta Maitane Gartziandia ilustratzailea Bilboko La Sinsorga kulturgune feministan (Askao Kalea, 9) izango dira gaur, arratsaldeko 19:00etan, haien lanaz hitz egiteko.


Euskarazko komikien HernaniKomik II. azoka

Azaroaren 17an eta 18an izango da, ostiralez eta larunbatez, Hernaniko Atsegindegi plazan


Mikroa eskuan eta irribarrea ezpainetan

Ño!
 

Testuak: Eli Pagola eta Miren Artetxe
Ilustrazioak: Maitane Gartziandia
Argia, 2023

------------------------------------------------------

Komikia hasi aurretik eta amaitu ondoren bai azal eta kontrazalean, bai tapa eta barruko tapetan informazio... [+]


2023-09-27 | ARGIA
‘Ño!’ komikiaren erakusketa inauguratuko dute ostegunean Hernanin

Maitane Gartziandia, Eli Pagola eta Miren Artetxe egileek komikiaren lan prozesua eta mamia azalduko dituzte Kulturarteko Plaza Feministan irailaren 28an, komikiaren marrazki originalez lagunduta. Urriaren 5ean Iruñeko Laban aurkeztuko dute beren lana egileek.


Eguneraketa berriak daude