Bizitzeko, gainontzeko animaliak ustiatu nahi ez dituen jendea

  • Begano eta aktibista maila berean direla diote erreportaje honetako bi protagonistek. Biak dira Donostiako Askekintza taldeko kide, eta animaliekiko elkartasun jarrera gisa definitzen dute eurek beganismoa. Mugimendu honen hastapenetako lau frikietako bi direla diote, harrotasunez.

Jaiki eta soja esnez eginiko kafesnea gosaltzen du egunero Xabi Arratibelek. Horri gehitzen dizkio gurin pittin batekin goxatutako tostadak eta fruta. Eguerdian tofua, soja testurizatua eta tomatez eginiko saltsa botatzen dio pastari. Eta eguna entsalada edo pure bat janda amaitzen du. Beganoa da, eta horrek protagonistaren eguneko ia momentu guztietan du eragina; begano izanik ez du animalietatik datorren ezer jaten ezta erabiltzen ere, gainera, aktibista ere bada, eta, ondorioz, bizitzako esparru guztietara zabaltzen du jarrera hori.

Ekaitz Ibañez da, Donostiako Animalien Askapenerako Mugimenduan, Askekintza taldean, Arratibelekin lan egiten duen bigarren protagonista. Haren hitzetan “gainontzeko animaliekiko elkartasun jarrera” da beganismoa. Berak ere argi du beganoa eta aktibista maila berean direla; arazoa gainontzeko animaliek egun bizi duten egoera dela dio, “oso larria”, haien ustez, egunerokotasunean objektu edo baliabide bat bailiran erabiltzen ditugulako. Tomate edo egur zati bat bezala erabiltzen ditugula uste du berak. Euren bizitzak aktibismo horretara bideratzen dituzte biek. “‘Pertsonala politikoa’ da esaldia erabiltzen da feminismoan, eta gurean ere berdin”.

Ibañez duela bi urtetik da beganoa, eta Arratibel duela bostetik. Animaliak eurengandik oso gertu sentitu izan dituzte biek beti, eta bien kasuan gertutasun edo enpatia hori begano izateko erabakigarria izan bazen ere, nabarmendu dute ez dela beti horrela izaten, badagoela enpatiagatik baino justiziagatik egiten duenik ere. Arratibel aurretik begetarianoa izan zen eta urrats bat bestearen atzetik eman zuen. Haren ustez, beganoa jarrera politikoa duena da, eta begetarianoa de facto animalien produktuak jaten ez dituena, dietara soilik mugatzen dena.

Jarrera politikoa

“Arraro sentitzen gara beganismoa elikaduraren tiraderan sartzen dutenean, uste dugulako justizia sozialaz ari garela. Guretzat, bi hitzetan, jarrera politikoa da”, aldarrikatzen du Arratibelek. Elikaduraren alorra biktima gehien dituena dela ziurtatzen dute, baina, era berean, beste hainbat esparruri ere erreparatzen diote, eta euskal jendartea, gainontzekoak bezala, espezista dela pentsatzen dute. Herrietako festetan ere jarria dute begirada; azken hiru urteotan “Festak ospatu animaliak askatu” izeneko kanpainari ekin diote, Euskal Herriko festetan animaliekin egiten den erabilera salatu asmoz. “Gure gastronomiak dituen karga kulturalaz ere zer esanik ez, animaliak konfiskatzea dakar, txuleta idolatratzen da, esaterako”, dio Arratibelek.

Xabi Arratibel, Askekintza:
“Arraro sentitzen gara beganismoa elikaduraren tiraderan sartzen dutenean, uste dugulako justizia sozialaz ari garela”

Askotan mundu irreal batean bizi dela sentitzen du Ibañezek: “Begano izanik beste modu batera ikusten dut guztia”. Harategitik pasatzean gorpuak zintzilik ikusten dituela nabarmentzen du, harentzat ez direla haragi pusketak, bizirik egon nahi zuten izaki batzuen gorpuak baizik. “Askotan ingurukoak beste norbait jaten ari direla ikusten dut eta deskonektatzea kosta egiten zait, niretzat norbanakoak direlako, ez objektuak”. Hainbatetan maite dituen pertsonek berak eginiko borroka zabor-ontzira botatzen dutela sentitzen du: “Asteburua txerri baten bizitza salbatu nahian pasatzen duzu, etxera iritsi eta platerkada bat txerriki jaten ari dira etxekoak; imajinatu zer sentitzen dugun!”. Asteburu bateko bizipenak kontatu ostean ere, nabarmentzen dute eurak une gogorrak bizi arren, biktimak ez direla eurak, animaliak baizik.

Ezjakintasuna

15 urte besterik ez zituen Ibañezek Askekintzan lanean hasi zenean: “Heltzen joan naiz, Askekintzan konpromiso gehiago hartzen joan naizen neurrian, eta hori egunerokotasunean islatzen da”. Uste dute pedagogia lan handia dagoela oraindik egiteke, “ezjakintasun handia” dagoelako. “Jendeak ez daki kontsumitzen ari den gorpu hori nondik datorren, ez injustizia bat denik, ezta atzean dagoena espezismoa denik ere”. Horregatik, ezjakintasun horri erantzun asmoz, eurak Askekintzan egiten duten aktibismoaren zati handiena horretara bideratzen dute, kontzientziaziora.

Beganismoa zabaltzen ari dela uste badute ere, arduratuta daude hartutako norabidearekin. “Beste hainbat mugimendu sozialekin gertatutakoa ari zaio pasatzen, kapitalismoak funtsean dituen oinarri politiko eta etikoa kendu eta dizkio eta bereganatzen eta negozio bihurtzen ari da azken urteotan”, salatu du Ibañezek. Argaltzeko eta osasuntsu egoteko dieta gisa saltzen ari direla argi dute. Zalantza izpirik gabe, osasungarria badela diote protagonistek, baina jarrera politiko hori deuseztatuta ikusteak arduratzen ditu.

“Zaila da gizarte espezista aldatzea. Beste emantzipazio borroketan zapaldua dagoena da subjektu iraultzailea, baina animalien kasuan bestela da, beraz, gainontzekoon esku dago egoera aldatzea”

Hainbatek esango dute haragia eta arraina jatea beharrezkoa dela gizakiarentzat. Askekintzako bi lagunek ezetz diote. Euren esanetan, ikerketek argi erakusten dute hori, eta ziurtatu dute bizitzako etapa guztietan izan litekeela begano; haurtzaroa eta haurdunaldia dira aipatu dituzten bi adibide. Gogorarazi dute animalia jatorria ez duten produktu asko daudela; besteak beste, barazkiak, frutak, fruitu lehorrak, zerealak, sustraiak edota lekaleak. Euren kasuetara itzulita, Ibañezek, osasun arazo batzuk medio, dieta makrobiotikoa egiten du, eta bi dietak, makrobiotikoa eta beganoa, uztartzeko arazorik ez du izan. Nabarmendu du beganoa denetik osasunez hobeto dagoela, eta gaineratu du haren nutrizionistari beganoa zela esatean lana errazten ziola erantzun ziola (irribarretsu kontatu digu pasartea). Arratibel berriz, bizitza osoan izan da kirolaria, arraunlaria zehazki, egun ere bizitza oso aktiboa du, eta begano izateak ez dio jardunean oztoporik sortu.

“Ez da guretzat, besteentzat da”

Gizaki jaiotzeagatik ditugun pribilegio batzuk albo batera uztea da, haien esanetan, beganismoa. “Argi izan behar dugu ez gaudela gu erdigunean, beganismoa ez dela guretzat, animalia guztiak errespetatzeko dela, eta gure pribilegioak alde batera uztea dela. Ez dela guretzat, besteentzat dela”. Ibañezek argi du. Nabarmendu dute hasieran etxetik kanpo jateko zailtasunak topatzean, ez zirela horiei aurre egiteko gai izaten. “Aukerarik ez bazegoen, nire printzipioak alboratu eta tortilla jaten nuen”, dio Arratibelek. Baina denborarekin, kontzientzia politikoa hartzean, horri ere aurre egin diote. Nahiago dute gose apur bat pasatu edota etxean prestaturiko janaria ontzian bueltaka ibili animalia bat kontsumitu baino. Eta galdera bat luzatu du Arratibelek: “Niretzat begano izatea konplikatua bada zer izango da baserrian dagoen animalia batentzat?”. Bera Euskal Herriko festa ezagunetan ogi hutsa jaten egon izan da, beste aukerarik ez duelako aurkitu. Hala ere, geroz eta erraztasun gehiago dituela dio, beretzat garrantzitsua dela jakinik, lagunek ere horretan laguntzen baitiote.

Ibañezek bere istorio bitxiak kontatu dizkigu. Askotan irteten da parranda aurreko afarira etxean prestatutako tuperra besapean hartuta. Gero, zuhaixka artean gorde, eta parranda amaitzean berriro hartu eta etxerako bidea egiten du.

Baina geroz eta aukera gehiago daudela ziurtatzen dute. Jarrera hau zabaltzen ari dela uste dute eta horren adibide da biek mugikorrean duten aplikazio bat: Happy Cow. Munduko edozein lekutan egonik ere, jatetxe begano bat aurkitu liteke aplikazioak duen maparen bitartez. Gure inguruan geroz eta jatetxe gehiago daudela nabarmendu dute; “Donostian aukera asko daude, geroz eta gehiago. Edozein beganok erraza du lagunekin atera eta nahi dituen bokadilo eta platera jateko”, esan du, baikor, Ibañezek.

Mugikorreko Happy Cow aplikazioarekin, munduko edozein lekutan dauden jatetxe beganoak aurkitu litezke

Beste alor batzuetan ere eragiten du begano izateak. Janzteko edota produktuak erosteko orduan, adibidez; gorbata eramaten du egunero Arratibelek lanera, eta zetazkoak ez direnak topatzea ez omen da lan makala izaten. Esparru horretan ere urrats batzuk eman dira azken urteotan, animalia jatorri gabeko produktuak saltzen dituzten dendak zabaldu baitituzte.

Hasierako lau frikiak

“Kontziente izan behar dugu historian emandako aldaketak lau frikik hasi zituztela”, dio Ibañezek barreari ezin eutsita. Hasierako lau friki horiek diren sentsazioa dute, baina hori ere harrotasunez daramate. “Emakumeak euren autonomia aldarrikatzen hasi zirenean, imajinatzen dut, ez zutela pentsatuko egun feminismoak hainbesteko presentzia izango zukeenik gurean”. Aurreko mendean sorturiko mugimendua da beganismoa, beraz, “berria” dela diote, eta hastapenetan daudela, baina urrats batzuk egin dituztela ere bai. Arratibelek dio “zaila” dela gizarte espezista aldatzea, baina gai honetan esku hartu beharra dagoela: “Beste emantzipazio borroketan zapaldua dagoena da subjektu iraultzailea, baina animalien kasuan bestela da, beraz, gainontzekoon esku dago egoera aldatzea”.

Aurtengo udan hainbat herriko festetan azaleratu da animalien erabilerari buruzko eztabaida.

Askekintzak eginiko kanpaina, Donostian otordu beganoak egiteko dauden aukerak azaltzen dituena.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Beganismoa
Begano eta abeltzain txikien arteko aliantza

Azken urtean COVIDaren ondorioz, abiadura handian izugarrizko aldaketak eman ditu gure bizimoduak. Egoera berriak gure elikadura ohituretan ere aldaketak ekarriko dituela dirudi.

Aurten izan naizen hainbat baserritan, kezkaturik, artifizialki sortutako haragi sintetikoaz hitz... [+]


Abelazkuntza herrikoiaren aldarrikapena
Laborarien hitza gizakiaren eta animaliaren arteko harremanez

Laborari eta abeltzain txikien eredua defenditzen dutenek, alegia frantsesez "agriculture paysanne" eta Ipar Euskal Herriko Laborantza Ganbarak "laborantza herrikoia" deitzen dutena, argudio sail osoa dute antolatua aspalditik azken hamarkadotan nagusitzen... [+]


Beganoak erabat oker ari dira

Gutxi dira, baina entzulego harrigarria daukate. Esaten dutenak badaukanez zuzentasunaren itxura osoa, hau da, emozioi eta ongiaren eta gaizkiaren moral binarioari dagokiena, orduan egia izan behar du. Abelazkuntza eta haragiaren abolizionismoaren bertsio politiko eta muturrekoa... [+]


Animaliak hazi, hil eta jateaz
Beganismoa ingurumenaren mesede ala kaltegarri?

Ingelesezko Wikipediak laburbiltzen duenez, beganismoak aldarrikatzen du uko egitea animalietatik eratorritako produktu orori, bereziki elikaduran, eta hari lotuta doa animaliak ondasuntzat erabiltzea arbuiatzen duen filosofia. Beganismoaren baitan zenbait kategoria bereiz... [+]


2019-08-09 | William Gildea
Zergatik bihurtu begano?

William Gildea Britainia Handiko Vegan Society elkarteko zuzendaritzako kideak azaltzen ditu jendeak dauzkan arrazoi ugariak begano bihurtzeko, abereen produktuak murrizte hutsetik harago joanda. Artikulu hau Why Go Vegan izenburuz argitaratu du agroekologia britainiarrean... [+]


Eguneraketa berriak daude