argia.eus
INPRIMATU
Argi eta itsu
Itxaro Borda 2016ko irailaren 15

Beti aurkitzen dira hilketarik itsuenak onarrarazteko moduak, batez ere euskaldunok naturaltasunez gogoko ez dugun Frantzia jokoan dagoelarik: jihadista ankerrek Paris bietan eta Niza sarraskitu zituzten gobernu sozialistak Mali Iparraldea eta amerikarrekin Siria bonbardatzen dabilelako, interes mineral eta ekonomiko zakarrengatik. Gertatua merezitua liteke, aski luke Frantziak xuxen martxatzea!

Larrun aldizkarian, udaran, Nils Andersson ikerlariaren elkarrizketa irakurtzean, hausnar nenbilen: noski geopolitikaren alorra sakonetik ezagutzen duen batengandik ez zen komentario ezberdin eta zehatzagorik igurikatzen ahal. Lerro osoan arrazoia duela ezin uka: atentatuak, derrigorrez, gorago aipatu injerentzia zitalaren ondorioak dira. Baina ISISen terrorismoaren bideak iragar ezinak dira eta justifikazio objektiborik ez dute beharrik, alderantzizkoa sinestarazten diguten arren. Berriki eta agudo islamera konbertituek europarron frustrazio orokor oldean gorrotoa lantzea nahikoa dute, etsaia nor den finkatzea, auzo txiroko haurridea baldin bada hobe, eta mundu errealetik baztertze horretan justiziagile odoltsuaren paperean bermatzea, jotzeko, Frantzian, Belgikan, Alemanian, Ingalaterran, Danimarkan…

Hitzordua dut Carrie Mathisonekin.