Zoo taldeak aurten plazaratu du bere lehen diskoa. Orain arte, taldeko hiru musikariak beste formazio batzuekin ikusi izan ditugu (Izate, M.A.K, 466…).
Kontzertuari hasiera emateko, kazoo batzuen laguntzaren bidez publikoa kontzertu gelarat deitu dute, artaldeari sartzeko gomita eginez! Taldearen unibertsoaren aurkezpen ttipi baten ondotik Makakak kantua eman digute.
Baterian Bixente, urtxintxa eta basamortuko animalia baten arteko nahasketa; tinbal apaletik kaxara jauzika, baina erritmo astun eta pisutsu batzuk erabiliz.
Baxuan Peio, hartz polar-ostruka; energiaz beterik dabil tipoa eta noiztenka burua baxutik altxatzen digu bere musika-abere-kideenganat joateko.
Perkusio elementu gordin eta baxuaren harmonia ilunek giro nahiko tribala sortzen dute (ez dut maite “tribal” hitza baina besterik ez dut atzeman…). Elefanteen martxa basati bat!
Ahotsean Jon, erdi krokodilo erdi zimino. Gehien bat rapeatzen du, eszena publikoraino zabalduz.
Aspaldi honetan horrelakorik ikusi gabe geunden. Gitarrarik ez izateak ez du eskasik sortzen, justuki atentzioa zorrozten du gertakizunei. Gitarraren hutsak, taldearen informazio musikala argitan ezartzen du. Baxuan ekarritako harmoniak nahikoak dira unibertso zehatz eta berezi baten sortzeko. Horrez gain, gitarraren hutsak bateria eta ahotsei lekua uzten die.
Taldekide guztiak kantuz-rap-oihuka ari dira: ahate banda baten hegalaldia!
Kontzertuan diskoko kantuak entzun ditugu: Kabalak, Axeria, Harrak, eta beste…
Dut taldearen bertsio bat ere egin dute (uda honetan ikusi ditudan kontzertu talde gehienek bezala!). Aizkorak zorroztu abestia eman digute Zooko taldekideek. Haien abestien artean nahiko naturalki pasa den bertsio bat, nola basurde bat zerri tropan kukuturik.
Abereen mendekua kantuarekin bukatu dute. Baterian erratzekin hasten da eta baxuan melodia eder batekin. Erdi kantu, erdi istorio, abestia poliki hasten da, indar gero eta gehiago biltzeko bidean, leopardo baten ihizi kurtsa bezala.
Antilopearen atzetik zoan kantuari final bortitz eta sakon bat eman diote.
Plazer handiz begiratu dut (naiz eta pixka bat luzea iruditu).
Zook musika zuzen eta gordina egiten du, eta abileziaz defenditzen eszena gainean. Orain arte aukera gutxi izan ditugu haien ikusteko, baina erne egon hurrengo kontzertuei… kaiolak zabalik dira!
Emanaldia: Zoo taldearen kontzertua.
Udan, Baxenabarreko borda batean.