Paris, 1792ko ekainaren 24a. Oraindik iraultza giroan, hainbat gurdiz osatutako bi espedizio Frantziako hiriburutik abiatu ziren elkarren kontrako noranzkoan. Bata Bartzelonara bidean zihoan, besteak Dunkerke zuen jomuga. Biek zuten helburu bera: mundua neurtzea.
Hilabete batzuk lehenago, Asanblea Nazionalak erabaki zuen neurri estandar bat behar zela, garaiko anabasari aurre egiteko; Frantzian 700 neurri unitate baino gehiago erabiltzen ziren. Oinen luzera tronuan zegoen erregearen arabera aldatzen zen, arra laburragoa zen esku txikiak zituztenentzat eta, gainera, jatorri anglosaxoiko yarda eta milia nagusitzen ari ziren, eta frantses jatorrek ezin zuten halakorik onartu.
Neurria aukeratzeko erreferentzia unibertsal eta egonkorra behar zuten eta Lurra aukeratu zuten horretarako. Neurriari metre esango zioten, neurri esan nahi duen metron hitz grekoa iturri. Eta Parisetik igarotzen den meridianoaren koadrantearen hamar milioirena izango zen. Hala, meridianoaren neurri zehatza eta, ondoren, metroarena aurkitzeko Dunkerketik Bartzelonarako lerroa aukeratu zuten. Joseph Delambre (1749-1822) bidali zuten iparraldera eta hegoaldera, berriz, Pierre Mechain (1744-1804) abiatu zen.
Bi astronomoek triangulazio sistema bat erabili zuten neurketak egiteko eta, horretarako, goraguneetan hainbat seinale utzi behar zituzten.
Gurdi astunak eta eguraldi txarra ez ziren izan espedizioaren etsai bakarrak. Kanpandorreetan utzitako seinale asko desagertu ziren, erlijioaren aurkako korronteak elizak errausten zituelako. Muinoetan utzitako seinale asko ere txikitu zituzten, ondo ikusteko zuriz margotuta baitzeuden, eta zuria monarkiaren kolorea zen. Ondorioz, seinaleak babesteko gizon armatuak utzi behar izan zituzten neurketa puntuetan. Jakina, horrek espedizioak garestitu eta mantsotu zituen.
Bildutako datuak ez ziren batere zehatzak. Mechainek berak “Bartzelonako zorigaiztoko neurketak” aipatu zituen Delambreri idatzitako gutun batean. Azkenean, zazpi urte eta 1.500 kilometro geroago, Parisera itzultzean, heroiak bailiran hartu zituzten. Ordurako kontua urguilu nazionalarekin estu lotuta zegoen eta, emaitzak emaitza, zeukatena aurkeztu behar zuten. Bien datuak aliritzira doitu zituzten, bat etor zitezen, sinesgarria izango zen emaitza adostu zuten eta munduari gutxi gorabeherako metro hura aurkeztu zioten. Lurreko meridianoaren koadrantearen benetako hamar milioirenarekin alderatuta, Mechainen eta Delambreren metroa, egun erabiltzen duguna, 0,2589658655 aldiz handiagoa da.