Feronia: etekinen apurrak ere ez bertakoen garapenerako

  • Europa eta Ipar Amerikako hainbat banku eta garapen-agentziaren laguntzarekin, Feronia sozietateak oihan eremu eskergak bereganatu ditu Kongoko Errepublika Demokratikoko hainbat probintziatan, palma-olioaren urre gorria atera eta erregai bihurtzeko. Kolonia-garaiko sail zaharren kontzesio ugari eskuratu eta antzinako eremuak, neurri handian erdi utzita zeudenak, berriz atxikitzen ari da, estatuko goi ordezkarien babesarekin baina legeari eta bertan bizi diren herrien eskubideei jaramonik egin gabe.

Bolesako herritar bat, Feroniak ordaindutako soldataren ziurtagiria erakusten. 30 dolar inguru jaso dezakete 26 eguneko lanaren truke.
Bolesako herritar bat, Feroniak ordaindutako soldataren ziurtagiria erakusten. 30 dolar inguru jaso dezakete 26 eguneko lanaren truke.

Yangambirako bidean, Kisanganitik abiatuta, pixka bat beherago Linzirekin bat egin eta urak Kongora jaurtitzen dituen Tshopo ibaia zeharkatzen da piraguaz; Yangambitik 30 kilometrora modu berean zeharkatuz Kongo ibaia, Isangira iritsiko zara. Isangitik, oihaneko “Bide Handian” barna, herriz herri, 100 bat kilometro dira Mositera iristeko, Bolesa eskualdean. Bidea motoz egin daiteke baina bertakoak bizikletaz edo oinez ibiltzen dira. Baliabide natural oparoak dituzte inguruan baina truke ekonomia hutsean bizi dira. Lur eta oihan eremu erraldoiak ustiatu dira inguru honetan 100 urte baino gehiagoz, eta kontzesioen hartzaileek egundoko mozkinak irabazi dituzte, baina horrek ez die bertakoei ezertxo ere ekarri.

Bolesan, Tshopo probintzia berriko Yahuma barrutian, exorzismo moduko bat egin diote PHC-Feroniari. Egoitza Kanadan duen eta Kongon lurra bereganatzen duen multinazionalaren alde ezkutuak agerian geratu dira. Haren kezka bakarra landaketa-eremuak ezarri eta palma-olioaren etorkizuneko ekoizpena finkatu ahal izateko lursail berriak neurtu eta mugatzea dela argi geratu da.

Betiko metodo berdinak

Joan den uztailaren bukaeran, sozietateak diputatu talde bat ekarri zuen Mositera, bizilagunen eskaerak aintzat hartu eta protokolo baten sinadura antzezteko aitzakiarekin; inguruko herritarrak tropelean iritsi ziren ekitaldira, baina operazioa salatu eta galarazteko.

Dena egiteke dago, Bolesako bizi baldintzak hobetzeko helburua duen CADAP elkartearen esanetan; laborariek oihanetik produktuak ateratzeko biderik ere ez dute

Lifafu Ongandok, Yaoselo herriko biztanle gailenen izenean, Bambembe Ituli diputatuari leporatu zion astebete lehenago, Feroniaren ordezkari modura, diru beltzez erosi nahi izatea. Hiru diputatu, lurralde administratzaileak, tokiko agintariak eta ehunka herritar zeuden presente. Inork ez zuen erantzun.

“Feroniak ez du inoiz bertakoekin negoziatu”, dio Lifafuk hilabete geroago. Bambembe diputatuak Lifafuren beraren eta Augustin Bofaka irakaslearen aurkako salaketa jarri berri du. Uztailaren 27 hartan diputatuek Mositetik Lokutura ihesi egin behar izan zutela eta Yaoselo eta Yakote herrietan, Lifafuk eta Bofakak akuilatuta, jendeak eraso egin ziela dio Bambembek.

Salaketa funtsik gabekoa delakoan, Lifafuk eta Bofakak ez dute ihes egiteko asmorik. Konpainiaren jokoa zertan datzan salatu dute: herritarren eskaerak negoziatu eta adosteko aitzakiaz diputatuak ekartzen dituzte, eta horiek enpresaren alde egiten dute. Bertako komunitateei proposamen zerrenda bat aurkezten diote, sinatzeko. “Iruzur egiten digute” dio Lifafuk, “urte asko dira estatuak legeak egin zituenez geroztik, baina estatuaren ordezkariak tratuan dihardute sozietatearen alde eta herritarren kontra”.

“Feroniak ez du inoiz ezer egin bertokoon garapenaren alde”

Bofakak ordezkatzen duen elkartea, CADAP, Bolesako biztanleen hezkuntza eta osasun maila hobetzeko helburuarekin sortu zen. Oinarrizko jardueren ekoizpena bizkortu eta komertzializazioa antolatzen saiatzen dira. Dena egiteke dagoela esan liteke, oihan tropikaletatik laborarien produktuak ateratzeko biderik ere aurkitzen ez dutelako, eta diru sarrerarik gabe bizi direlako belaunaldiz belaunaldi. 2013an, CADAPek akordioa sinatu zuen Bolesako pertsona gailen eta herritarrekin, haien izenean PHC-Feroniarekin negoziatzeko Kongoko oihan zuzenbide berriak ezartzen dituen klausula sozialez.

“Lehenik eta behin, Feronia, bertakoekin adostu gabe eta kontzesio titulurik gabe, palma eremuak zabaltzen saiatzen ari da” dio Bofakak; “bigarrenik, ez dituzte aintzat hartzen ingurumen printzipioak, adibidez beldarren zuhaitzak, fruitua ematen dutenak eta ibaiaren ertzetan daudenak ez suntsitzea, eta oihaneko herritarren zelaiak eta bizibideak ere txikitzen ditu. Hirugarrenik, 1911. urtetik, sozietatea Bolesan dagoenez geroztik, ez du inoiz ezer ere egin inguruko herritarren garapenaren alde. Yahumako barrutiaren administrazioari ez dio zergarik ordaintzen sortzen duen kutsadura medeatzeko, ez die lan aukerarik ematen bertako gazteei, ezta laborariei ekoizle bihurtzeko laguntzarik ere”.

Augustin Bofaka, CADAP:
“Feronia palma-eremuak zabaltzen saiatzen ari da bertakoekin adostu gabe, titulurik erakutsi gabe eta ingurumen printzipioak aintzat hartu gabe”

PHC-Feroniak palma-hazitegi bat eta egoitza txiki bat ditu Mositen –egoitza nagusia Lokutun dago–. Bide Handian zeharkatutako herriek ez bezala, Mositek merkatutxo bat eta bizpahiru boutique ditu, xaboia, linternak, gailetak edota sardina latak erosteko, baina gauez iluntasunean murgiltzen da. Pizten diren lanpara bakarrak eguzkiaren energia gordetzeko bihurgailua dutenenak dira.

Yahuma eskualdeko administratzaileak Mositen duen ordezkariak Feroniak eraikitako auzo batean dauka bulegoa, estatuaren beste hainbat ordezkarik bezala –kanpotik etortzen diren bisitariei ere sozietateak eman ohi die ostatu–. Gatazkaren lekuko hutsa dela dio eta kolaboratzeko nahia dagoela azpimarratu du, azkeneko arazoa gaizki ulertze huts batek sortu zuela. Haren azpiko batek hitza hartu eta Bambembe diputatuak jarritako salaketa “maskarada hutsa” dela gaineratu du. Diputatuak salatu du segurtasun indarren babesarekin ihes egin behar izan zutela, “baina gezurra da”.

Bolesa, erresistentzia gune bakarra

PHC-Feroniaren eremuak lau elkargotako lurrak hartzen ditu, baina erresistentzia Bolesan baino ez dago; konpainiak bertatik ateratzen du ekoizpenaren erdia. Beste elkargoetan ez bezala, Bolesan enpresak ez du lortu oraindik landaketa-eremuaren neurketa eta mugaketak egitea. Bertakoen arabera, ez dago landaketa noraino muga daitekeen zehazten duen inolako dokumenturik, eta Feroniak hartu nahi duen lurraren ordainei buruz negoziatzea eskatzen dute. 2007an Feroniak eremua bereganatu zuenean bertako komunitateek eskaera sorta bat osatu zuten, baina urteotan multinazionalarekin izan dituzten harreman-saioetan porrota besterik ez dute ezagutu, bata bestearen ondotik.

2013an, CADAP elkartearen laguntzaz legearen bideak erabiltzen ikasi ondoren, Bolesako eragileek auzitegira eraman zuten Feronia, abusuak eta oihan-zuzenbidearen bortxaketak leporatuz. Eta ez hori bakarrik: aurreko hamarkadetan sozietatearen Guardia Industrialak, polizia nazionalaren laguntzaz, hainbat arpilatze eta bost hilketa egin zituela salatzen saiatu ziren, baina fiskalak ebatzi zuen salaketa funtsik gabea zela.

Bertakoen arabera, ez dago landaketa noraino muga daitekeen zehazten duen dokumenturik; horretaz negoziatu nahi dute konpainiarekin

Mbete Lokwangolo, Bolesako buruzagi tradizionalak, bere egiten ditu Feroniaren aurkako errebindikazioak. Bere aita zenak, 1911n, zehazki finkatu gabeko eremu baten erabilera gizon zuriaren esku uztea onartu zuen; kolonia garaia zen, eta desadostasuna agertzeko aukerarik ere ez zuen izan. Ez kolonia garaian ezta gero ere, sozietateak ez dio herriari inolako onurarik ekarri, dio Lokwangolok, bere lastozko jauregi-entzutegian eserita. Herritarren eskaera sortari erantzun ordez, palma-landaketa indarrez ezartzen jarraitu nahi omen du Feroniak, geratzen diren oihan eremu apurrak harrapatuz. Ohiturazko zuzenbidearen babesarekin eremu horien jabetza dutenak aintzat hartzeko eskatzen du buruzagiak.

30 dolar 26 eguneko lanaren truke

Mosite inguruan eta Lokuturako bidean, Yakoten, Yaoselon eta haratago, 6-10 kilometroko sakonera duten palma-eremu laukiak dira nagusi, alde bietara begiratuta. “Konponbideak eskatzen ditugu”, dio Emuki Lifafu Yaoseloko buruak, “baina mehatxuak beste erantzunik ez dugu jasotzen”. Herriko eskolak ez du mahairik ez aulkirik, eta eliza katolikoa banbu eta lastozkoa da.

PHC-Feroniaren eremua hainbat azpisailetan zatituta dago, eta horietako bakoitzean kolonia garaiko kanpamentuak daude, konpainiako langileak eta haien familiak bizitzeko. Yaoselotik Makaurako bidean, berriz, hamabi kilometroko palma-eremuaren barruan, adin guztietako ehunka lagun bizi dira argi-indarrik gabe eta denentzako ur iturri bakar batekin, belaunaldiz belaunaldi, bigarren mailako hezkuntza aukerarik gabe. 26 eguneko lanaren truke 30.000 libera jasotzen dute, hau da, 30 dolar.

Feronia iritsi denetik, oinarrizko elikagaiak lantzeko lur eremu txikiak ere kentzen dizkiete. Hala gertatu zen iaz Makaun. Bertakoekin inolako akordiorik egiteke, konpainia mugarri berriak jartzen ahalegindu zen, banana eta manioka landare eta oihanak kontuan hartu gabe. CADAPek eta herriko buruzagiek helegitea ipini zuten, eta horrek, 2013koak ez bezala, izan du eraginik. Fiskalak sozietateari bere titulua erakusteko eskatu dio behintzat. Titulua erakutsi ordez, antzinako palmen arrastoak zeuden tokietara bakarrik hedatu zirela erantzun dio Feroniak fiskalari, baina gezurra dela begi-bistan utzi dute herritarrek.

Gurasoek emandako diruari esker bizi dira irakasleak

Uztailaren 27an diputatuek sinarazi nahi izan zuten protokoloan, herriak eskatutako proiektu batzuk gobernu zentralak edo probintzialak beteko zituela agintzen zen. Bolesakoek eskatzen dute proiektu sozialak landaketa-eremuak neurtu eta mugatu aurretik egin daitezela. Nazkatuta daude betegabeko promesez. Haurren eskola publikoa, Yaoselo eta Yakoterako bakarra, ikusi besterik ez dago. Irakasleek ez dute hezkuntza administraziotik ez soldatarik ez diru-laguntzarik jasotzen. Elombe Kombi irakaslearen esanetan, haurren gurasoek ematen dieten diruari esker bizi dira.

Feroniaren Guardia Industrialak arpilatzeak eta hilketak egin dituela salatzen saiatu dira, alferrik

Elombetar gazteago bat, irakaslearen anaia, 2013ko salaketan ageri den azken hildakoa da. Eremu bat zeharkatzen ari zela, ezer lapurtzeko asmorik gabe, Guardia Industrialak harrapatu eta ustez hil egin zuen, 2007an. Polizia nazionala ere tartean zebilela uste da. Herritarrak Mositera iritsi ziren protesta egiteko eta poliziaren komandanteak, burua galduta balego bezala, gaztearen zerraldoa tirokatu zuen denen aurrean. Komandante horrek Frank Bora du izena, eta Feronia iritsi baino lehenagotik da polizia, beste asko bezala. Betiko jokabideari eusten diote, baina orain konpainiaren mesederako.   

“Feroniak ez du Bolesako bidezko ordezkariekin hitz egin nahi”

Augustin Bofakak argi utzi nahi du bertako komunitateak ez daudela multinazionalaren kontra. Eskatzen duten gauza bakarra legeak eta eskubideak errespetatzea da. 105 urte alferrik galdu ondoren, zerbait egitea lurraldearen garapenerako. Kudeatzaileek banatzen dituzten diru apurrak poltsiko bakan batzuetara joan ez daitezen. Eskolak, osasun zentroak eta bideak hobetzea, eta euren berezko erakundeetarako etxeak egitea eskatzen dute, besteak beste.

Duela hamahiru urte onartutako baso-kodearen arabera, kontzesioa duen enpresak klausula soziala bete behar du, teorian behintzat. “Ez da bidezkoa sozietatea hainbeste urte han egon ondoren, eta etekin itzelak lortuta gainera, komunitateen alde ezer egin ez izana”, dio Bofakak, “eskubideak eta betebeharrak dituzte. Komunitatearen garapenerako antolaketaren ordezkariekin negoziatu ordez, diputatuak ekarri eta funtsik gabeko salaketak egiten dituzte; Feroniak ez du Bolesako bidezko ordezkariekin hitz egin nahi, politikariak erabiltzen ditu, eskaintzen dioten zerbitzuagatik ordainduz”. Haatik, nabaria da politikarien eraginkortasun eza tokiko garapena sustatzeko. Adibide tristeenetakoa duela hamar urte Mositen egindako Landa Garapenerako Goi Institutuaren hondamendi egoera da.

Gau batean Bora komandantea ikusi dugu merkatuan, mozkortuta, eta guri buruzko galderak egiten hasi denean hanka egin dugu badaezpada, baina bertan bizi direnek ez dute inora alde egiterik. Feroniari aurre egiten diote egunero eta gauero, euren eskaera zuzenak direlakoan, munduaren laguntza jasoko dutela esperoz.

Mositeko eskolaren egoera negargarria erakusten ari zaigu bertako bat. Irakasleek ez dute soldatarik jasotzen administraziotik eta gurasoek emandakoari esker bizi dira. Hainbat hamarkadaz inguruko palma-olioaren etekinak eraman dituzte mendebaldeko konpainiek, baina eskualderako onurarik ez du ekarri horrek.

Bolesa eskualdeko leku askotan hamar kilometroko sakonera izan dezaketen palma-eremu laukiak dira nagusi, bidearen alde bietara begiratuta.

Yaoselotik Makaurako bidean, hamabi kilometroko palma-eremu batean, ehunka pertsona bizi dira argi-indarrik gabe eta denentzako ur iturri bakar batekin.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Kongo
2021-02-22 | ARGIA
COVID-19az gain, Ebola agerraldiak atzeman dituzte Afrikan

OME Osasunaren Mundu Erakundeak jakitera eman duenez, Kongoko Errepublika Demokratikoan eta Ginean atzemandako bi ebola agerraldiek aurrera egin dute. Nazio Batuen Erakundearen Osasun Agentzia birusa zergatik agertu den ikertzen ari da. OMEk gogorarazi du COVID-19a ez dela... [+]


Eguneraketa berriak daude