Motxila bete kezka

  • Kanpo-azterketa berriak, aldaketak ikasgaietan, ingelesezko ordu gehiago, ebaluaketa irakasleei, mugimenduak goi-karguetan… Bero dator ikasturtea Hego Euskal Herrian, LOMCE, Heziberri, Ingelesez Ikasteko Programa edota D ereduaren zabalkuntza tarteko.


2016ko irailaren 07an - 07:13

Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxeek Madrilen egositako LOMCE ezetz, Eusko Jaurlaritzak bultzaturiko Heziberri plana jarraitzen dutela azpimarratu nahi izaten du Jaurlaritzak berak, eta egia da punturen batean Espainiako legea saihestea lortu duela –ikastetxearen kudeaketarako boterea zuzendariarengan kontzentratzen du LOMCEk eta Eskola Kontseiluaren eskumenak mantentzen ditu Heziberrik–, baina oro har argi dute hezkuntza munduko sindikalistek: EAEn LOMCE aplikatzen da, Heziberrik bere atal nagusietan dioelako oinarrizko legedia aplikatuko dela –eta oinarrizko legedia, gaur-gaurkoz, LOMCE da–, eta Heziberri onartu aurretik jada arautu zelako curriculuma, LOMCE indarrean zela. Hala baieztatu digute solaskide izan ditugun Xabier Irastorzak (ELA) eta Aitor Idigorasek (Steilas).

Curriculum horren ikuspegi ekonomizista nabarmendu digute, Ekintzailetza eta enpresa jarduera edota Finantzak bizitzarako ikasgaiak kasu. Azken horrek hautsak harrotu ditu, Kutxabank bankuak ematen baitu –“interes jakinak dituen erakunde pribatua”– eta aurreko ikasturtean 14-16 urte arteko 1.700 ikasle inguruk parte hartu bazuten, eskola gehiagotara zabalduko da aurten. Orokorrean, iazko ildoari jarraituko zaio: matematikak, zientziek eta hizkuntzek dute lehentasuna ordutan, alegia kanpo-azterketetan eta PISAn ebaluatuak diren ikasgaiek. Bigarren mailako edo hautazko izatera igaro dira “merkaturako interesgarri ez direnak”. Azkena, Filosofia, derrigorrezko izatetik aukerazko izatera degradatua. “Autonomian, gaitasun kritikoan eta autoezagutzan aurrera joan nahi duen gizarte batek ezin du inola ere filosofia galdu –salatu du Agora filosofia irakasleen elkarteak–. Gaitasun zientifiko eta teknologikoak sustatzen dituen hezkuntza eredua ezarri nahi dute, eta sormen arloak eta kritikoak alboratu”. Argi du Irastorzak: “Jaurlaritzak esaten du teorian edozein ikaslek edozein ikasgai egiteko aukera daukala, baina praktikan curriculum horiek ezinezkoak dira, hautazko guztiak aukeratzea ezinezkoa delako”.

Aurreko ikasturtean, esaterako, desagertu egin ziren Herritartasuna edota Mundu Garaikidearen Zientziak (unibertsoaz, eboluzioaz…) eta garrantzia hartu du Erlijioak. Hainbat ikastetxetan, “Erlijioko gelak gainezka daude, batez besteko notarako balio duenez eta nota altua lortzea beste ikasgaietan baino errazagoa denez, ikasle askok hautatzen dutelako”, kontatu digu Idigorasek.

4. DBHn ere, kanpo-proba

4. DBHn ere kanpo-proba egingo da, baina printzipioz ez du balio akademikorik izango: urtebeteko tartea irabazi du hemengo administrazioak, LOMCEren eragina apaltzeko

Lehen Hezkuntzako 3. eta 6. mailako kanpo-azterketa polemikoak ezagunak zaizkigu. Administrazioak garrantzia kendu nahi izan die, adieraziz ebaluazio-diagnostikoak direla –alegia, ez dutela balio akademikorik– eta Espainiako Estatuak ez, Eusko Jaurlaritzak prestatzen dituela –Foru Erkidegoan, Nafarroako Gobernuak–. Hala ere, LOMCEren aginduak jarraitzen dituztela iritzita, azterketa hauei iaz planto egin zieten ikastetxe ugaritan. Datorren ikasturtean, beste bi kanpo-proba agintzen ditu Espainiako legearen egutegiak: 2. Batxilergoan bata –Selektibitatea ere orduan egiten dutenez, Selektibitatea baino ez dela egingo agindu izan dute Hego Euskal Herriko administrazioek– eta 4. DBHn bestea (16 urterekin): 4. DBHko errebalidak ondorio akademikoak ditu, eta gainditu egin beharra dago aurrera jarraitu ahal izateko, baina 2017-2018an aplikatuko litzateke ondorio akademikoekin, eta beraz, ikasturte honetan proba egin egingo da Hego Euskal Herrian, baina printzipioz ebaluazio-diagnostikoa izango da eta ez du espedientea baldintzatuko. Urtebeteko tartea irabazi dute Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak, LOMCEren eragina apaltzeko.

Ingelesa jaun eta jabe

Hizkuntzen trataeran, A, B eta D ereduen sistema gainditu eta euskara ardatz izango duen murgiltze eredurantz egin beharrean, ereduen sistema mantendu eta ingelesari ateak parez pare irekitzen dizkion dekretua onartu du Eusko Jaurlaritzak, aurtengo ikasturterako. Hala salatu du Idigorasek. “Ereduak gainditu dira, bai, baina euskararen kaltetan eta ingelesaren mesedetan. Heziberriren arabera, ikastetxe bakoitzak aukeratzen du zenbat ikasgai emango dituen ingelesez, eta zalantzarik gabe, ikasturte honetan gora egingo du ingelesez emango diren ikasgaien kopuruak”. Iaz, 22 ordutik 18ra jaitsi zen euskaraz egin beharreko ikastorduen gutxieneko kopurua, eta 11tik 14ra igo zen ingelesezkoena.

Irakasleak ebaluatuko dituzte

Heziberriren arabera, “hezkuntza eskumenak dituen sailak ebaluatuko ditu ikastetxe publikoetako irakasleen konpetentziak. Ikasleek berek ere parte hartuko dute”. Hauteskundeen ondoren, dekreturen bat onartuko dela eta ikasturte honetan bertan irakasleak ebaluatuak izango direla uste du Idigorasek. Nola, zeinek eta zer ebaluatuko da zehazki? Zein funtzio izango dute ikasleek prozesuan? Zeresana emango du gaiak, ziur.

Bestalde, urtea amaitu aurretik aurkeztuko ditu Jaurlaritzak aurrekontuak, baina azken urteetako joera jarraituko duela eta hezkuntzara bideratutako inbertsioa ez dela nahikoa izango aurreikusi dute solaskideek. Proportzioan, 28en Europan hezkuntzara bideratutakoaren batez bestekoa %5 dela gogoratu du Irastorzak, eta zerrenda horretan EAE azken-hirugarrena eta Nafarroa azken-aurrekoa direla, Espainiako Estatuaren atzetik: “Europako herri aberatsenetakoa gara eta proportzioan Extremadurak baino askoz gutxiago inbertitzen dugu hezkuntzan. 2013an, %3,7 inbertitu zuen EAEk eta %1,3ko diferentzial hori 842 milioi euro dira”. Ratioak –ikasgela bakoitzeko ikasle kopurua– handitu egingo dituztela ere uste dute sindikalistek, hala ari direlako urteotan. 2009tik, %10 ikasle gehiago dago gelako, “eta horrekin 3.600 lanpostu aurreztu dituzte”.

Berri ona, Madrilgo Auzitegi Konstituzionalak irakasleei eskola-ordu gehiago agindu arren –aurreikusten zen neurriak EAEn 3.000 lanpostu inguru galtzea ekarriko zuela, baita irakasleen denbora urrituz hezkuntza kalitatea kaltetzea ere–, Eusko Jaurlaritzak epaia saihestea eta praktikan murrizketa hori ez aplikatzea lortu duela, zaintza orduak, proiektuei eskainitakoak… irakastordutzat hartuta. Ordezkapenetarako epeen kasuan ere ez da aldaketarik espero, interpretazio irekia baita Madrilgo legeak uzten duena.

Nafarroan, D eredua lehenengoz eta Ingelesez Ikasteko Programarekin bueltaka

Foru Erkidegoan, LOMCE etapa guztietan sartuko da indarrean ikasturte honetan eta bai curriculumean, bai kanpo-probetan, EAEko panorama errepikatuko da oro har. Lehen aldiz, lurralde osora zabaldu da D ereduaren eskaintza eskola publikoan, baina sentsazio gazi-gozoa du Amaia Zubietak (Steilas). Kanpoko presioak kikilduta, Nafarroako Gobernuak ez duela behar bezalako kanpaina eta estrategiarik jarraitu eta informazio faltagatik salaketa asko jaso dituztela kontatu digu Zubietak: “Ez zuten zehaztu zein konpromiso zituzten, zein herritan zabalduko zituzten ikastetxeak, D eredua ezartzeko nahikoa eskaera egongo ez balitz ere plaza bermatuko zitzaiela ikasle horiei beste ikastetxe batzuetan… Mamuz eta ziurgabetasunez beteta ikusi ditugu gurasoak, eta horri gehitu behar zaio ikastetxeetan bertan etsaiak izan dituela neurriak, gurasoak nahasiz. Emaitza izan da eremu ez euskaldunetako ikastetxe publikoetan ikasle gutxik eman duela izena D ereduan eta hiru lerro baino ez direla irekiko aurten: Tafallan, Lodosan eta Caparroson. Tuteran eskaera bakarra izatea ez da normala, Faltzesen beti aldarrikatu dute D eredua eta bi ikasle baino ez matrikulatzea ere esanguratsua da…".

UPNren Gobernuak ezarritako IIP Ingelesez Ikasteko Programa polemikoari iaz moratoria ezarri zion Uxue Barkosen Gobernuak, dagoeneko martxan dagoen ikastetxeetan mantenduz, baina IIPren ebaluazioa abiatu du. Oraingoz, ebaluazio soziologikoa eta ikasleena egina dago eta emaitzak iraila bukaeran jakinaraztea da asmoa. Arlo honetan ere, beldurrez antzematen du Nafarroako Gobernua Zubietak: “Presioa handia da, mediatikoa, oposizioarena, gurasoena (ziurrenik manipulatuak)… Ingelesa vs. euskara dinamikara mugatu dute eztabaida eta luzerako dugu IIP, ea zein modutan gauzatzen den datozen urteetan…”.

0-3 urtekoentzat haurreskolak –“eliteko zerbitzu pribatu bihurtuak”– publifikatzeko eta doakotasun progresiboa ezartzeko eskaerak ere ez du aurrera egingo ikasturte honetan: “Planteatutako urrats guztiak atzera bota dira, dirurik ez dagoela argudiatuta”. Diru kontuetan, hain juxtu, estu jarraituko dutela aurreikusi du Zubietak, aurretik dauden murrizketa guztiei aurre egiteko nahikoa ez. EAEn ez bezala, Madrilek aginduta irakasleei gehitu zitzaizkien ikastorduak ez dituzte jaitsiko, ordezkapenetako murrizketak ere mantenduko dira eta bi arlo nabarmendu ditu Steilasko kideak: premia bereziko ikasleei erantzuteko baldintzak bereziki kaskarrak direla, eta 2010ean irakasleen formazioan egindako murrizketa basatiaz geroztik ez dela formaziorako diru kopurua handitu.

Ratioetan eta karguetan aldaketak

Ratioetan aldiz, aldaketak izango dira aurten: lehengora txikituko dira Haur Hezkuntzan eta Lehen Hezkuntzan, ez ordea Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan. Neurri horrekin, 40-50 bat lanpostu berreskuratuko dira. Bestalde, UPNren garaitik mantentzen zituzten hainbat kargutan mugimenduak gauzatzen ari dira aurten –Hezkuntza kontseilariaren alboko bi zuzendariak kendu dituzte, eta mugimendu gehiago espero dira– eta horrek aurrerapausoak ematea erraztuko du, Zubietaren esanetan.

LOMCE eta albo-kalteen ondorioz, aldrebesak eta beroak izaten ari dira azken ikasturteak Hego Euskal Herrian, eta antzeko itxura du datorrenak ere. Madrili begira jarraitzen dute gure Hezkuntza buruek, Espainian gobernu berria noiz osatuko, ea horrela lege atzerakoia –edo gutxienez kanpo-probak eta punturik gordinenak– bertan behera geratuko ote den.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Hezkuntza
Palestinaren aldeko unibertsitate-sarea

EHUk Tel Aviv-eko unibertsitatearekin etorkizuneko lankidetzarako bideak ahalbidetzen dituen zibersegurtasuneko katedra bat sortu izanaren harira, bertako langileok interpelatuak izan gara hainbat lekutatik, eta esan beharra dut neurri handi batean lotsatuta sentitu naizela,... [+]


2024-04-18 | Euskal Irratiak
Tulalaika besta, Xiberoako ikastolei bultzada emateko

Hirugarren urtez Xiberoako ikastolei bultzada emanen die Tulalaika bestak.


Errendimendu akademikoaren arabera banatuko dituzte ikasleak Ipar Euskal Herrian

Ongi doazen ikasleak talde batean, zailtasunak dituztenak, bestean; maila akademikoaren arabera banatuko dituzte ikasleak datozen ikasturtean, Frantziako Estatuan. Ikasleak sozialki eta akademikoki sailkatu eta bereiztea, desoreka areagotzea eta egoera okerragoan daudenak... [+]


"Eskolan ortu xume bat lantzeak testuingurua ematen digu planetan ditugun arazoez aritzeko"

Gasteizko Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeetako baratzeak ikertu ditu Iratz Pou EHUko ikasleak. Zenbat eskolek dute ortua? Nolako erabilera ematen diote, zein helburu eta asmorekin? Probetxu pedagogiko eta didaktikoa ateratzen al diote baratzeari? Pourekin eta Igone Palacios... [+]


Eguneraketa berriak daude