“Baratzearen bueltan dabilen familia izan da gurea betidanik”, azaldu digu Arrate Imazek, Zubietako (Gipuzkoa) Amere Goikoa baserriko alabak. Loratu izenarekin sortu berri duten webgunearen arduradun nagusia da. Argi du, ordea, familiako lantaldearen parte direla bera eta sareko gune jaioberria. Nortzuk diren lantaldeko beste kideak? Aita eta anaia. “Webgunea izan baino lehenago, anaiak baratzea lantzen zuen eta gurasoek Donostiako merkatuetan saltzen zituzten produktuak”. Salmenta bide horrek izan zitzakeen mugez jakitun, bestelako aukerarik ere bazela ohartu zen Imaz. Eta hari horri tiraka iritsi da Loratu.
Merkatuko ordutegietan, goizez soilik, jende askok ezin izaten du erostera joan. Donostiako merkatuan ibiltzen ziren kanpoko turista askok ere beren produktuak eskuratzeko beste moduren bat eskatzen zieten. “Hortik atera zen webgunea irekitzeko proposamena”, kontatu digu Imazek. Euskal Herrian nahiz mugaz gaindi dute beren produktuak banatzeko asmoa. Webguneak martxan egun bakarra daraman honetan, Madril aldetik eskaera jaso dute jadanik...
Familiako kide bakoitza bere esparruan buru-belarri aritzen bada ere, elkarri laguntzea nahi gabe ematen da: “Anaiak porruak aldatu behar baditu, familia osoa joaten gara baratzera. Berdin aitak merkatuan laguntza behar duenean”. Familiako beste ahizpa ere, kate horretan lan zehatzik izan gabe, denean laguntzen aritzen da.
Loraturen inguruan galdetuta, “proiektu” hitza handi xamar egiten zaiola dio Imazek: “Zerbait naturala izan da prozesua, erdi nahi gabe atera da. Gutako bakoitza pausoz pauso joan da aurreraka”. Onartu du, hala ere, pixkanaka proiektu izaera hartzen doala kontua. Ez gara ohartzen maiz, gure eguneroko jardunetik atera ditzakegula ideia berriak eta loratu proiektu txikiak.