argia.eus
INPRIMATU
Kontzertua
Brahms krematsua
Montserrat Auzmendi del Solar 2016ko irailaren 08a

Aurtengo Musika Hamabostaldiak momentu onak eman dizkigu, dudarik gabe. English Baroque Soloists taldea, Genevako Antzoki Handiko Balleta, Don Giovanni opera… benetako saio interesgarriak izan ditugu. Orkestra handien bisitak ere izan ditugu. Budapest Festival Orchestrarekin disfrutatu genuen emandako hiru saioetan, eta Frankfurteko Irratiko Orkestra Sinfonikoak erakutsi zuen bere maila altua. Talde hau, 1929. urtean sortua da, Alemaniako hirugarren irrati-orkestra zaharrena da eta estilo guztietan dago trebatuta, nahiz eta erromantizismoan espezializatua egon. Aldi honetan, klasizismoa izan zen bi egitarauen protagonista. Emaitza, ona.

Lehenengo kontzertuan Beethoven entzun genuen. Coriolano obertura behar den zirrararekin iritsi zitzaigun, adoretsua, aiurriduna. Jarraian, 9. Sinfonia re minorrekoa, op. 125. Coral izan zen arratsaldeko plater fuertea. Philippe Herreweghe zuzendariak proposamen zertxobait “nerbiosoa” egin zuen. Agian entzuten ditugun bertsioak askoz erromantikoagoak dira, lasaiagoak, eta horrexegatik harritu gintuen Herrewegheren planteamenduak. Halere, freskoa eta diferentea iruditu zitzaidan. Andra Mari Abesbatzak taxuz egin zuen bere interpretazioa. Taldearen 50. urteurrena da, eta publikoak bereziki txalotu zuen haien lana. Bakarlariek ondo baina distirarik gabe bete zituzten beren paperak.

Hurrengo egunean, berriz izan genuen Beethoven hasiera bezala. Etxearen sagarapena obertura oso luzitua egin zuten. Haydnen Biolontxelorako kontzertua, do maiorrekoa, hob. VII B1 lana, berriz, nahiko triste eta higatua iritsi zitzaigun. Steven Isserlis biolontxelo jolea sona handiko musikaria da, eta teknika fina erakutsi zuen uneoro. Baina oso proiekzio gutxi izan zuen haren soinuak, alde batetik, eta bestetik, interpretazio laua eskaini zuen. Propina jotzerakoan ere ez gintuen konbentzitu. El cant dels ocells jo zuen, hain mantso, hain amaneratua, ia ezagutezina. Halere, segituan ahaztu genuen hori guztia, Brahmsen 1. Sinfonia, do minorrekoa, op. 68 lanaren txanda iritsi zenean. Zoragarria. Tempi perfektuak, fraseaketa malgua, adierazkortasuna, den-dena puntuan obra eder honen bertsio disfrutagarria emateko. Oso deigarria izan zen egurren kalitatea (ze flauta ederra!), eta sokaren leuntasuna. Herreweghek erabat asmatu zuen lan honen ikuspegiarekin. Gozoa.

Frankfurteko Irratiko Orkestra Sinfonikoa Andra Mari Abesbatza

Orkestra zuzendaria: Philippe Herreweghe.

Andra Mari Abesbatzaren zuzendaria: Andoni Sierra.

Bakarlariak: Ilse Eerens (sopranoa), Marie-Claude Chappuis (mezzoa), Robin Tritschler (tenorea), Thomas E. Bauer (baritonoa), Steven Isserlis (biolontxeloa).

Egitaraua: Beethoven, Haydn, eta Brahmsen obrak.

Lekua: Kursaal Auditorioa.

Egunak: abuztuaren 27a eta 28a.