argia.eus
INPRIMATU
Errugabeak
Rosa Maria Martin Sabaris 2016ko irailaren 08a

Kezkatuta omen dabiltza kazetariak errugabetasun-presuntzioarekin. Garai batean atxiloketak eta sarekadak eguneroko ogia zirenean, kazetariok ez genuen kezka handirik izan irudiak muntatzeko orduan. Aitzitik, epaitegietako informaziorik apenas ez zegoen garaian, telebistak erakusten zituen mila atxiloketa bakoitzeko, hamar epairen berri ematen zuen eta kaleratze bakoitzean beste hamaika atxilotzen zituzten. Atxilotuen aurpegiak argi eta garbi ikusten genituen; izen-abizenak oso-osorik idatzita. Betiko giltzapean, betiko errudun bailiran.

Orduan, zigorra epaiketarik gabe jasotzeak epaiketa justuaren eskubidea aldarrikatzera eraman gintuen, halabeharrez. Gaur,  justizia instituzionalak eremu guztiak irentsi ditu. Dena bihurtu da epaigarri, epaiketarako lehengai errentagarria. Eta pendulu guztietan bezala, lanbide askotan lan-jardueraren arautzea eskatu da, segituan gehiegizko arautzea eta askatasun falta salatzeko. Salatua edo epaitua izateko ikarak kikilduta, sendagileek sendatzeari hartu diote beldurra; maistrek eta maisuek haurrak hezteari. Kazetariek kazetaritza egiteari.

Erantzukizun moralaren gainetik erantzukizun penala gailendu da. Hortik dator, segur aski, egun kazetariek errugabetasun-presuntzioarekin duten kezka ia obsesiboa. Hedabide bateko bekadunei hala esan zien eskarmentu handiko erredaktore batek: “Zuek ez esan inoiz hau edo hori gertatu denik. Ipini dena beste baten ahoan, esan honek edo hark hau edo bestea gertatu dela esan dutela”. Informazioan iturriak aitortu beharra txarto ulertzen zuen kazetari hark. Kazetaritzak lekukotza eta norbere garaiarekiko konpromisoa eskatzen duela ahaztu zitzaion kazetariari. Berbakeriaren kazetaritza: Urliak esan du, Sandiak gaineratu du, Berendiak erantzun dio...

Egin... inork ez du ezer egin. “Ni ez naiz izan”, “nik ez dut egin”, “nik ez dakit ”, “nik ez dut ezer ikusi”. Kontua ez da sorgin-ehizan ibiltzea, baina bakoitzak bere bastoia eraman behar du.
Eskubide ezberdinek elkarrekin talka egiten dutenean (intimitatea, pribatizazio, izen ona, errugabetasun-presuntzioa, informazio gardena ...), betebeharrei so egiteko unea heldu da. Ala betebeharrek ez dute talka egiten? Jakina da hedabideek epaiketa paraleloak egin izan dituztena, kondena mediatikoak errazak direna.

Hauteskundeek erakarri berri duten ziurgabetasun agertokiaren errua norena da? Hautesleena, hautagaiena, sistemarena? Norena Italiako lurrikararen errua? Sismologoena, politikoena, eraikitzaileena? Eraso bat ustezkoa bada, ustezkoa da lurrikara? Balizkoak hauteskundeak? Kazetaritzan errugabetasun-presuntzioak dena “ustezko” eta “balizko” bihurtzen badu, usteak erdi ustel direla gogoratzeko momentua iritsi da. Eta kazetaritzari kazetari sena, konpromisoa eta zintzotasuna.