Holandan erotu egin dira: presoak gutxitu eta espetxeak ixten ari dira

  • Espainian edo Frantzian –Euskal Herria barne– presondegi berriak eraikitzen dituzten bitartean, Holandan atxilotuak %27 gutxitu dira 2011tik eta espetxe sobranteei alternatibak bilatzen dizkiete: batzuk itxi, beste batzuk etorkinentzako aterpetxe bihurtu eta beste batzuk atzerriko estatuei eskaini haien kondenatuak ostatatzeko alokairuan. Espetxe politikan ere alternatibak badiren seinale.

Pello Zubiria Kamino @pellozubiria
2016ko irailaren 04a
Muhammed Muheisenen argazkian, Fadi Tahhan errefuxiatu siriar gaztea kantari Oud izeneko tresna jotzen ari da De Kopel espetxe birmoldatuan. 1880an eraiki zuten zilindro forman presoak isolamenduan edukiz erdiko dorre batetik kontrolatzeko. 1979an OMA ark
Muhammed Muheisenen argazkian, Fadi Tahhan errefuxiatu siriar gaztea kantari Oud izeneko tresna jotzen ari da De Kopel espetxe birmoldatuan. 1880an eraiki zuten zilindro forman presoak isolamenduan edukiz erdiko dorre batetik kontrolatzeko. 1979an OMA arkitekto bulegoak diseinatu zuen eraikinaren zaharberritzea, gehituz gaur De Kopelek ezaugarri nabarmenena duen kupula panoptikoa, puntu gorenean 46 metroko altuera daukana.

Gipuzkoa Zutik mugimenduko gazteek deiturik ekainaren 18an Zubietako ospakizunean bildu zirenek zortea izan zuten entzuteko Arrats elkarteko ordezkari baten hitzaldi hunkigarria: Gipuzkoako makro-kartzela berriaren eraikuntza salatzen zuen eta nolaz eztabaida gehiago gabe uzten diren bazterrean Holandan eta bestetan arrakastaz darabiltzaten espetxe politika ezberdinak, presondegiak itxi edo atzerritarrei alokatzeraino lortu dutenak preso kopurua murriztearekin. Biharamunean Arratseko Josetxori arrazoi emango zion Holandako Justizia ministroak, nahiz eta Euskal Herrian inor enteratu ez.

Herbeheretako Justizia ministroak jakinarazi du azken bost urteetan hango espetxetako presoak gutxitu direla 15.170tik 11.005 arte, %27ko murrizketa. Itsasoaren beste aldetik New York Timesek titulatu zuen: “Holandak arazo bitxi bat dauka: presondegi hutsak”.

Adam Taylorren kronikak aurreratzen zituen gertaera bitxiaren arrazoiak.  Lege urraketak ez dira ugaritzen ari Holandan, gauza nabarmena inguruko herrialde gehienetan paranoia sekuritarioa hedatu ahala iritzi publikoak salatzen duelako segurtasunik eza handitu dela eta delituak ugaritu.

Holandan epaileek zigorrak bideratu dituzte hein handi batean isun ekonomikoetara edo kondenatuak gizartearen zerbitzurako lanak egitera edo zaintza elektronikoa jasatera, eskumuturreko edo orkatilako kontrol tresna bidez.

Honek ekarri du Holanda izatea presondegiak itxi dituzten herrialde bakarretakoa. 2013rako 19 itxirik, iragarri berria dute bost gehiago zerratzeko asmoa. Honek kontraste egiten du Europako herrialde askorekin, tartean espetxeak jendez gainezka dauzkan Frantziarekin edo makro-kartzela sare berria osatzen ari den Espainiarekin.

Herbehereek ere nozitu zuten beren espetxe booma 1980ko hamarkadan, eraikin berriak ugarituta 3.500 preso hartzeko ahalmenetik ia 17.000kora handituz. Urteak pasa ahala, eta espetxe politika berriaren eraginagatik, Hagako gobernua aurkitu da ohe gehiegi eta apopilo gutxiegirekin. Alabaina, mundu globalizatuak beste bi bezero mota eskaini dizkio hustutako presondegietarako.

Dozena bat espetxetan asilo eske iritsitako errefuxiatuak sartu dituzte holandarrek. National Geographic aldizkariak argazkitan ezagutarazi du handi eta famatuena, Haarlem hiriko De Koepel presondegia, Siria, Afganistan eta beste leku askotatik iritsitako 300 gizon eta emakumez goiti biltzen dituena. Giza eskubideen aldeko ekintzaileek salatu dute kartzela bat ez dela iheslariak edukitzeko leku egokia; aldiz, gobernutik harrotasunez aldarrikatu da Holandako espetxeetako bizi kalitatea.

Baina etekin handiagoko apopiloak ere aurkitu dizkiete hustutako ziegei: Belgika eta Norvegiatik eramandako zigortuak. Preso gehiegirentzako espetxe gutxiegi dauzkatela eta, Osloko agintariek hiru urterako tratua egin dute Hagakoekin, aldaketa onartzen duten preso norvegiarrak edukitzeko Norgerhavengo espetxean.

Dutch News agentziaren arabera, atzerriko presoak ekartzea pozik hartu dute presondegietako langileek. 700 funtzionario lanpostu daude arriskuan ondoko hilabeteetako itxiera planak egia bihurtzekotan eta horien sindikatuek ere presio egiten dute.

Zigorra eta aukera-leihoa

Europa baitan Suedia da urteotan presondegietako biztanle kopurua jaisten ikusi duen beste herrialde nabarmena, azken hamar urteotan 5.722tik 4.500era murriztuz. Marka txarra ez da 9,5 milioi biztanle dauzkan herrialde batentzako. Espetxeen laurdena itxi omen dute azken urtetan.

2014an The Guardian egunkariari esan zion Suediako presondegietako zuzendari nagusi Nils Öbergek: “Gure lana ez da zigortzea. Espetxerako kondena bera da zigorra: beren askatasuna kendu diete. Beren zigorra da gurekin egotea”.

Aurrerago, kazetariak galdeturik ea iritzi publikoak nola zeramatzan kontua, zigor arinegiak jartzen direla eta denetan ari direla gogortzen kondenak eta presondegietako arauak, dio Öbergek: “Jendeak une bakoitzean iritzi bat eduki arren, zuk justiziaren alorrean epe luzeko estrategia burutu behar duzu. Ezin duzu gaur gauza bat egin eta biharamunean hura baztertu. (...) Pertsona bati askatasuna kentzen diozunean sortutako aukera-leiho txiki horretan zenbat eta lan gehiago egin, orduan eta hobeto joango dira gauzak epe luzean”.

Ez dirudi, hala ere, Herbehereek edo Suediak ezarritako estrategiek jarraitzaile gehiegi dutenik munduan. Hala adierazten du World Prison Brief buletinaren –ICPR Presondegien Ikerketarako Nazioarteko Institutuak plazaratzen duenak– azken informeak. 2000.eko zifrekin alderatuz, 15 urteotan munduko presoen kopurua %20 hazi da. Ikerlanaren arduradun Rom Wamsleyk idatzi du: “Oso kezkagarria da gaur egun munduan 10,35 milioi jende egotea espetxeetan zerraturik. Larriena da presoen kopuruak hazten segitzea eta izugarri gainera zenbait herrialdetan. Honek eraman beharko lituzke politikariak aztertzera ea zer egin dezaketen atxilotu kopuruak gutxitzeko, kontutan harturik zein garestia den espetxeratzea eta zein eztabaidatua dagoen espetxeratzearen eraginkortasuna, ahaztu gabe eraikin horiek jendez gainezka daudela. Gainera, preso hartutako emakumeen ugaritze proportziorik gabea ere oso deigarria da”. Gatibu dauden emakumeak %50 ugaritu dira 15 urteotan, andrazkoak direlarik presoen %6,8.

Eskualdeka begiratuz gero, Afrika eta Asia dira proportzioan preso gutxien dauzkaten kontinenteak, 100.000 biztanleko 100 baino gutxiago. Ozeania ez dabilkie urrun, nahiz eta urteotan %60 ugaritu dituen atxilotuak. Aldiz, Amerika da gehien dauzkana, 387. Gezurra dirudien arren, AEBak dira –Seychelle uharteen ondoren– munduko txapeldun tristeak, 698 preso ehun mila biztanleko, eta gainera Erdi eta Hego Amerika dira kondenatuak gehien ugaritu diren lekuak, %118.

Osorik hartuta, Europak ehun mila biztanletik 192 dauzka espetxean. Hamabost urteotan asko urritu dira presoak Ekialdean, Errusian %40 eta ekialdeko beste herrialdeetan %42 gutxiago. Ordainetan, gainerako gure Europan ugaritu egin dira: %12 Ipar Europan, %6 Mendebaldekoan –Frantzia barne– eta %27 Hegoaldekoan, Espainia barne.

Gurean, Frantziako estatuak 100.000 herritarretik 95 dauzka kaiolan gatibu,  Espainiak 136. Portzentaietatik kanpo geratzen dira batean eta bestean zigortuei ematen zaien tratua: espetxeratuen eguneroko bizi baldintzak, bisitetako minutuak eta baldintzak, ikasi edo aisialdirako baliabideak...

Kanal honetan artxibatua: Espetxe baldintzak

Espetxe baldintzak kanaletik interesatuko zaizu...
2017-10-06 | Andoni Mikelarena
Europako Parlamentuak presoen urruntzea gaitzetsi du

Europako Parlamentuak “zenbait estatu kidek aplikatzen duten urruntze politika salatzen du, presoaren familiarentzat zigor gehigarria baita”. Atzo Europako Parlamentuak onartutako “Bergeron” txostenaren 29. puntua da aurrekoa, EH Bilduk aurkeztutako zuzenketa bat.


2017-07-14 | Xalba Ramirez
Enpresen negozioa kartzelan: 100 milioiko irabaziak presoen lan prekarioari esker

Espainiako Espetxe Lanak erakundearen eta patronalaren hitzarmenaren arabera 133 enpresek presoen lan indarra erabiltzen dute beraien ekoizpenerako. 156 milioi euroko fakturazioa izan duten arren, soldatetako gastua 54,5 milioi eurokoa izan da soilik.


Agurtzane Delgado eta Ainhoa Mujika presoen diskriminazio matxistaren aurka

Granadako Alboloteko espetxean diren Agurtzane Delgado eta Ainhoa Mujika preso politikoen egoera salatu du Ermuko Emakumeen Asanbladak gutun baten bitartez.


2017-06-20 | Xalba Ramirez
Hamahiru kilo galdu ditu Iņaki Bilbao presoak gose greban

Maiatzaren 28an hasi zuen gose greba Iñaki Bilbao presoak eta ekainaren 17an hamahiru kilo galduak zituela jakinarazi zuen bisitan joan zen lagun batek.


2017-04-02 | Markel Ormazabal
Zubietako tatuaiak

Kartzelarik onena kartzela ez dena da, kantatu zuen bertsolariak, eta kartzelarik gabeko mundu bat eskatu zuen zorionekoa kartzela zigorrera kondenatu zuten. Ez dugu maite, edo hori diogu ahopeka, baina behar dugula uste dugu. Hauxe da egun kartzelari buruz sozietateak, oro har, egiten duen gogoeta. Alternatibarik ikusten ez dugula onartuta, auziari garrantzia kentzen diogu eta kartzela mendekua dela ahazten zaigu. Ondorioz, hura gutxiesteko joera handia dago.


2017-03-31 | Lander Arbelaitz
Espetxeen aurkako Tattoo Circus topaketak egingo dituzte Aņorgan

Hitzaldi eta ikuskizunez gain, tatuaiak eta piercingak egiteko aukera izango da gaurtik hasita igandera arte, Donostiako Añorgako Firestone Lantegi Berreskuratuan. Askotariko jarduerak antolatu dituzte errepresioari eta kartzelei aurre egiteko asmoz: hitzaldiak, ikuskizunak, antzerkia, musika, kabareta, piercingak, tatuajeak eta masajeak.


2017-02-22 | Axier Lopez
Espetxea aztertuko dute Iruņean emakume, 'bollera' eta transexualen ikuspegitik

"Emakumeak, bollerak, trans-ak eta espetxea" jardunaldiak antolatu ditu Iruñeko Bullerak talde feministak. Ostegunean hasi eta larunbatera arte, zenbait preso ohi eta herri mugimendutako kideren testigantzen bitartez aztertuko dute kartzelaren egoera.


Emakume presoak: zigor penalaz gain, zigor morala

Zigortzea da kartzelaren funtsa. Zigorra ordea, ez da denentzat bera izaten, bestelakotzen delako generoa, arraza, klase soziala edota beste ezaugarri sozialen arabera. Euskal preso emakumezkoen kasuan argi geratzen da zigor-sistema. Espetxea gizonak gizonarentzat pentsaturiko gunea eta unea izanik, patriarkatuari eta heterosexismoari aurre egin behar die emakumeak. Egiaztapen hori egunerokoan zer nola gauzatzen den azaltzeko denbora hartu dute emakume preso politiko ohi eta eragile feminista... [+]


Emakumeen espetxe martxa feminista larunbatean Valladolidera

Hego Euskal Herriko lau hiriburuetatik aterako diren bost autobus bete ditu Bilgune Feministak, Villanublako kartzelara joan eta espetxearen "izaera patriarkala" salatzeko.


2017-01-24 | Jon Torner Zabala
Galiziar preso independentisten dispertsioa salatzeko martxa egingo dute espetxeetara

Galiziar preso independentisten senide eta lagunak biltzen dituen Que voltem para a casa! elkarteak deituta, dispertsioa salatzeko Marcha às cadeias izeneko martxa egingo dute Espainiako Estatuko hainbat espetxetara, otsailaren 3an eta 4an.


ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude