argia.eus
INPRIMATU
Greba baten irakaspenak
Juan Mari Arregi 2016ko irailaren 01

Bilboko Arte Ederretako museoan Manpower enpresarentzat –Eusko Jaurlaritzak, Bizkaiko Aldundiak eta Bilboko Udalak zuzenduriko patronatuak azpikontratatua– lanean ari diren 34 langileek 41 eguneko greba egin dute uda hasieran. Langileriak eta administrazio publikoek irakaspen ugari atera ditzakete borroka horretatik, eta ez soilik lerro hauek idazterakoan greban ari diren Guggenheim Museoko hezitzaileek, baita gainerako langileek ere.

Lehen irakaspena. Borroka egin daiteke lan prekarietatearen eta baldintza miserableen kontra eta lor daiteke soldata duin eta justua, kolektiboa txikia izanik ere. Arte Ederretakoek hilean 882 euroko soldata zuten gehienez ere, urtean hamabi paga. Greban irauteak, batasunak, imajinazioz egindako eguneroko mobilizazioek eta asanbladek lortu dute urtean 10.400 eurotik 20.500 euro kobratzera igarotzea, ultra-aktibitate mugagabea, subrogazio eskubidea, hitzarmenak ezartzen ez direnean egoera horri aurre egiteko blindatzeko aukera, antzinatasuna onartzea…

Bigarren irakaspena. Baldintza prekarioak administrazioek bultzaturik ezarri zituen azpikontratak. Ez daitezela orain etorri kalitatezko enpleguarengatik arduratzen direla esanez. Administrazioek (Jaurlaritza, Aldundia, Udala…) hasiera batean negoziatzeari uko egin diote eta grebaren eragina saihesten saiatu dira gutxieneko zerbitzuak erabiliz. Euren diziplina inposatu nahi izan dute grebalarien eredua zabal ez zedin. Baina ahalegin horretan porrot egin dute.

Hirugarren irakaspena. Greba bat ez da sekula galtzen. Baliteke helburu guztiak ez lortzea, baina beti balio izango du erakusteko langileen duintasuna.