Ez hitz egin klima aldaketaz, justizia klimatikoaz baizik

  • Klima aldaketaren desafioa irabazteko beharrezkoa eta premiazkoa den paradigma aldaketaz aritu ziren Munduko Foro Sozialean antolatu Sistema aldatu, ez klima! hitzaldi arrakastatsuan. Borroka hori irabazteko segurtasuna inork adierazi ez bazuen ere, irabaztekotan herri mobilizazioari esker irabaziko dela adierazi zuten hizlari guztiek.

Merkataritza askeko akordioak (TTIP, CETA...) klima aldaketaren aurkako borrokarako oztopo handia izan daitezkeela nabarmendu zuten, besteak beste, Montrealeko hitzaldiaren emaileek. Ezkerretik eskuinera: Anne-Céline Guyon, Maite Llanos, Roger Rashi (aurk
Merkataritza askeko akordioak (TTIP, CETA...) klima aldaketaren aurkako borrokarako oztopo handia izan daitezkeela nabarmendu zuten, besteak beste, Montrealeko hitzaldiaren emaileek. Ezkerretik eskuinera: Anne-Céline Guyon, Maite Llanos, Roger Rashi (aurkezlea), Naomi Klein, Clayton Thomas-Muller eta Tadzio Müller.

Demokrazia energetikoa izango da klima aldaketaren desafioa irabazteko baldintza. Paradigma aldaketa hori gabe ez da lortuko. Premiazkoa den aldaketa hori agenda politikoan ez izanki, haren gauzapenaz gogoetatzen aritu ziren hainbat militante ekologista ezagun, Munduko Foro Sozialaren barruan antolatu Sistema aldatu, ez klima! hitzaldian, ehunka entzuleren aitzinean.

Demokrazia energetikoa xeheki azaldu zuen Maite Llanos demokrazia energetikoaren alde dabilen Trade Unions for Energy Democracy sindikatuko kide argentinarrak. Hasteko, krisi klimatikoa krisi sistemiko bat dela ohartarazirik, argi utzi zuen eredua iraultzen ez deino, ez dela benetako aterabiderik marraztuko. “Klima aldaketaz hitz egitea peto bat da, bide orri ‘onargarri’ bat garatuko dutelako enpresa kapitalistek. Krisi sistemikoaz hitz egin behar dugu, sistema aldatzeko eta trantsizio justua herritarrentzat eta herritarrek bideraturik izateko”.

Energia politika marrazteko, erabakitzeko eta kudeatzeko eskumena herriek eta herritarrek ukanen dutenean hitz egingo da benetako demokrazia energetikoaz, Llanosen ustez. Hain zuzen, enpresa handiek klima aldaketaren aurka ekin nahi badute ere, ekoizpen eredua aldatzeko nahikeriarik ez dutelako. Iaz Parisen eginiko klima aldaketari buruzko COP21 gailurrean adosturiko testua kritikatu zuen: “Azkenean kutsatzeko eskubidea ematen duen AEB eta Txinaren arteko akordio bat besterik ez da”.

Aldaketa itxaroteko denborarik ez dela errepikatu zuten behin baino gehiagotan. Bihar berantegi izanen delako. “Urrunegi joan gara, aitzina urrats bakar batzuk eginez gero leize-zulora eroriko gara. Amildegiaren gainetik jausi egiteko garaia da”, abisua luzatu zuen Naomi Klein kazetari eta militante altermundialistak.

Merkataritza askea jomugan

Giltzetariko bat izan zen merkataritza askeko akordioen (CETA, TTIP, TPP...) aurkako borroka. Hain zuzen, testuingurua ikusirik, ez delako sinple Kleinek aipatu jauzia egitea: klima aldaketaren aurkako mobilizazioa jendetsua izanik ere, parean eskutada bat multinazional boteredun direlako. Multinazionalek geroz eta botere gehiago ukaiteak aldaketa lortzea zailtzen duela deitoratu zuten. Besteak beste, justizia klimatikoaren aldeko militante Tadzio Müller alemaniarrak: “Boteredunak gara, gure boterea kalean dugu, bai. Baina multinazionalek botere guztiak jasoz gero, gurea desagertuko da. Akordio horiek debekatu behar ditugu”. Hitzarmen horiek oztopatzeko behar gorria azpimarratu zuen, boterea finantzara bideratuz gero herri mobilizazioek ezingo dutelako gehiago fruiturik jaso.

Maite LLanos:
“Parisko COP21 gailurrean adosturiko testua, azkenean, kutsatzeko eskubidea ematen duen AEB eta Txinaren arteko akordio bat besterik ez da”

Akordio horiei lotuak izan ohi diren inbertsiogile eta estatuen arteko desadostasunen konponbiderako mekanismoei esker, multinazionalek botere publikoak auziperatzen ahalko dituzte, etekinak egiteko bidean oztopo dituztela argudiatuta. Adibideak ez dira eskas, eta munduko lau xokotan dabiltza milioiak exijitzen erakunde publikoei.  Hots, herri mugimenduen bidez erabaki politikoak lortzen baldin badira ere, azkenean, hitzarmen horiei esker, multinazionalek ukango lukete azken hitza.  

Herri mobilizazioak ehundu

“Mobilizatzen jarraitu behar dugu, mugimendu sozialak direlako kausitzen aldaketa handi guztien iturrian”, zioen Müllerek. Alemaniak energia nuklearra alde batera uzteko hautuaren kasua eman zuen adibidetzat, oroitaraziz azken 35 urteetan eginiko borroka antinuklearraren emaitza zela. Desobedientzia zibilaren pausoa emateko deia luzatu zuen. Horrez gain, mugimendu eta eragile guztiak ehuntzeko deia egin zuten hizlari guztiek, argudioek baino gehiago herri masak duelako eragingo. Enpresa handiak baino eraginkorrago izateko, sare hori nazioartekoa izan behar dela gaineratu zuen Kleinek. Borrokak ikuspegi intersekzional batekin eraman behar direla ere esan zuen, immigrazioen egoera jasanezina, austeritate politikak zein arrazakeria azkartzea, azkenean arazo sozioekonomiko eta ekologiko guztiak elkarlotuak direlako. Guztia, demokrazia energetiko ezaren froga.

Kanada mendebaldetik ekialdera eta Quebecen gaindi pasako litzatekeen Énergie Est deitu 4.600 kilometroko oliobidearen aurkako protestetan dabilen Anne-Céline Guyon ekintzaileak ere masaren indarra azpimarratu zuen, bi desafio finkatuz: taldeen arteko aliantzekin jarraitzea eta borroka ezberdinak bateratzea. Gaur egun, Quebeceko biztanleriaren %60 eta 300 herriz gora dira Énergie Est proiektuaren kontra. “Arazoaz kontzientziarik ez zuten anitz ditugu gure borrokari lotu, gure mezuei esker ohartu dira geroa zalantzan jartzen duela Kanadaren politika estraktibistak”.

Petrolio erreserbak idortuz doazen bitartean, ustiatu gabeko harea bituminosoei begira dira industria zein Kanadako gobernua. Munduko petrolio erreserba handienen hirugarrena du gorderik Kanadak haien oihanen azpian. 2014an, egunero 3,7 milioi upel atera zituzten; 5,3 milioira heltzea dute helburu 2030erako. Nagusiki, petrolio guneak Alberta probintzian —hots, Kanada erdigunean— dira kokaturik, eta handik petrolio portuetara bideratzeko, oliobideak eraikitzen dabiltza. Énergie Est aitzina doan arren, oliobidearen eraikuntza geldiaraziko dutelako esperantza ez du galdurik Guyonek. Europako eragileekin ere elkarlana eraman beharra nabarmendu zuen. “Harea bituminosoetarik ateratako petrolio zikinaren bezeroak Europan dira, eragin desmasiaz kontzientzia harrarazi behar diegu”.

Klima aldaketaren aurkako mobilizazio jendetsuak arrakasta izan dezan parean diren multinazionalek  botere guztia hartzea eragotzi beharra nabarmendu zuten hizlari guztiek

Clayton Thomas-Muller cree populu autoktonoko kideak berriz, autoktonoen eta zurien arteko elkarlana garatzeko beharra azaldu zuen. Énergie Est oliobideari doakionez, 150 bat komunitate autoktono lirateke hunkiak.

Autoktonoen filosofiaz elikatu

Klima aldaketa eta kolonizazioa eskuz esku dabiltzala ohartarazi zuen Thomas-Mullerek: “Lehen apaizak etorri zitzaizkigun gisara, gaur egun multinazionalen ordezkariak zaizkigu heldu, ekonomiaz dugun ikuspegia aldatu behar dugula erranez”. Autoktonoek azkar pairatu behar izaten dituzte politika estraktibista horren ondorioak, hots, lur desjabetze, ur eta aire kutsatze edota immigrazio behartuak.

Presio horien parean, desobedientzia zibila aurkeztu zuen aterabidetzat. Autoktonoa izateagatik jasan diskriminazioa, arrazakeria eta bazterketa deskribatuz hasi zuen hitzaldia. “Autoktonoen bazterketan oinarritua da ekonomia, gure lurretarik kenarazi nahi gaituzte, konpainia handien interesetan”. Indigenen filosofiari interesatzeko aholkua luzatu zien entzuleei, klima aldaketak ondorioztatu minez sendatzeko erantzun anitz dituztelako. Hala, Kanada mendebaldeko Manitoba probintzian areagotuz dabiltzan tornadoez babesteko bertako autoktono zaharrak hainbat abilezia azaltzen hasiak direla zehaztu zuen.

Etorkizuneko borroka: ura

Ondoko borroka zein izanen den abisatuz bukatu zuen hitzaldia Thomas-Mullerrek: “Petrolio konpainiak kanpo ezartzea lortuko dugunean, uraren salerosketari lotuko dira beste batzuk. Ura sakratua da eta urarena izango da ondoko belaunaldien desafio potoloa”.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Larrialdi klimatikoa
2024-04-21 | Nicolas Goñi
Oihanen kolapsoa saihestu dezakeen bioaniztasun globala nola zaindu?

Ekosistema askok itzulera gabeko puntuak dituzte, hau da, estresa maila berezi bat pairatuz gero –izan klima aldaketa, kutsadura edo kalte fisiko zuzenarengatik– desagertzen ahal dira, eta ekosistemak haien artean konektatuak izanez gero hurrenez hurren elkar... [+]


2024-04-12 | Hiruka .eus
Itsasoaren gainazalaren tenperatura-igoerak makroalgetan izan duen eragina aztertu dute

Azken lau hamarkadetan itsasoaren gainazalaren tenperatura-igoerak makroalgen komunitateetan izan duen eragina aztertu du EHUko ikerketa-talde batek. Bizkaiko kostaldeko eremu batean sakonera-puntu desberdinak ikertu dituzte eta ikusi dute egituratzaileak diren afinitate hotzeko... [+]


2024-04-12 | ARGIA
Espainiako Estatuan karbono dioxido gehien isurtzen duten hamar enpresen artean: Repsol, Iberdrola eta ArcelorMittal

2023an, karbono dioxido isuriek %5,3 egin dute behera Espainiako Estatuan. Gehien isurtzen duten hamar enpresen artean, bakarrak egin du gora, Iberia hegazkin konpainiak, %10,7ko igoerarekin. Kutsatzaileen zerrendan aurrena Repsol dago.


Lehen aldia da klima larrialdiaren harira estatu bat zigortzen duela Europako Giza Eskubideen Auzitegiak

Suitza zigortu du Estrasburgok, estatu horrek bideraturiko klima politikak adindunen eta oro har herritarren osasun eskubidea zangopilatzen duelakoan. Ebazpena txalotu dute talde eta norbanako ekologistek eta diotenaz, ondorioak izanen ditu gainontzeko estatuengan ere, besteak... [+]


2024-03-31 | Ula Iruretagoiena
Lurraldea eta arkitektura
Bestaldera begira

Eta arkitektoen burbuilean, krisi klimatikoaren gaineko kezka igartzen al da? Galdetu dit agroekologoak.

Eraikuntzaren sektorea CO2 emisioen portzentaje altuaren eragilea izanik, galderak zentzua badu. Naomi Klein-ek Honek dena aldatzen du liburuan kontatzen du nola hegazkin... [+]


Eguneraketa berriak daude