argia.eus
INPRIMATU
Txakurrak maite zituen gizonaren usnan
Mikel Asurmendi @masurmendi 2016ko uztailaren 29a

BIZITZA HISTORIA BAINO ZABALAGOA DA.  Hasierako aipu hori ez da nirea, ezta eleberri puska honen egilearena ere. Puska, ez 760 orrialde luze dituelako, egileak taxututako hitz elemeniak “gogor” kolpatuko zaituelako baizik. Historia nobela da,  “gure” historiaren istorioa, XX. mendeko historiaren –aldi baten– fikzio zirraragarria. Bi dira pertsonaia nagusiak: Léon Trotsky eta Ramón Mercader. Iraganeko iraultzen ildoetan ibilitakoa bazara, ezagutzen dituzu bi pertsona horien nondik norakoak. Edonola ere, Sobietar Batasun ohikoa eta Kubako historia garaikidea ezagutzeko parada bikaina duzu, ederki islatzen du giza historiaren espiritua.     

Oporraldiko irakurketa jarraikorra eskatzen eta eskertzen du Leonardo Paduraren lanak. Txakurrak maite zituen gizonaren inguruan ibiliko zara, baita haren atzetik dabilen gizonaren alboan ibili ere. Paraxodikoa bada ere, bigarrena ez da CIAko agentea. Ez horixe! Areago, Trotskyren atzean ez dabil pertsona bakarra, Iosif Stalin ere badabil eta. Alegia, deus ez! Uf! Historiako bi pertsona erraldoi, eta gizagaixo bat: Ramón Mercader. Giza miseria doilorrenak usnatuko dituzu.  

Historiaren narratzailea idazle frustratua da; berealdiko protagonista hau ere. Hamaika dira zapuztuta bizitzeko dituen arrazoiak, pertsonalak nola kolektiboak, batzuk zein besteak erdeinagarriak, denak oso aintzat hartzekoak. Historiaren norakoa “aldatu edo zuzendu” nahi dutenen kontakizun erresumingarria da. Badago haatik, nola leundu korromioa: hildakoek, “gure” eskubideen eta justiziaren izenean hildakoek, beren hilobitik barre egiten digutela pentsatuz, behingoagatik beren atsedena kausitu baitute, heriotza bizitza baino zabalagoa delakoan.