Polizia indarkeriaren legea, argiak eta itzalak

Posibilismoa politikaren eta bizitzaren oinarrietakoa da. Beste kontu bat da posiblearen mugak non jartzen diren eta zeren arabera. Espainiako Estatuko funtzionarioek eragindako biktimen legea onartuko du datorren uztailaren 28an Eusko Legebiltzarrak, aurreikuspenen arabera EAJren eta PSE-EEren sostenguarekin. “Posibleen artean legerik onena” dela aitortu dute bi alderdiek. Zer ote da, beraz, posible ez dena, eta zergatik?

Legea aurrerapauso bat gehiago da Estatuaren biktimen onarpenean eta 300-400 pertsonari eragingo lieke. Hauen eskubide zanpaketa aitortu eta erreparatuko da neurri batean. Hutsuneak, alabaina, handiak dira, bai bizi izan dugun gatazka orokorrari begira baita Madrilgo aitortzaren ikuspegitik ere. Bere arazorik larriena da ez dela bake prozesu baten testuinguruan egiten. Euskal gizarteak ez du izan indarrik –edo nahirik?– bake prozesu integral bat abiarazteko eta orain, prozesu horretan bideratu beharko litzatekeen egia, justizia eta erreparazioaren eskema adabakiz egiten ari da hainbat alorretan, “posible” den heinean.

EH Bilduk ezik, gainerako euskal alderdi nagusiek ez dute nahi izan bake prozesurik egituratzea; eta, urteetako atzerapena eta asmatze ezaren ondorioz, ezker abertzaleak ezin izan du. Hari sendoz jositako amarauna ehundu zuen hamarkadetako gatazka politikoak, eta hari sendoz jositako bake prozesuak bidera zezakeen ahalik eta eraginkortasun handienaz bizikidetza berri bat. Ez da halakorik, beraz, etorkizuna ondo jostea korapilatsuagoa izango da. Tartean, oraindik zein ondorio ekar dezakeen asmatzeko gai ez garen frustrazio putzu bat ere sor liteke euskal gizartearen esparru batean, batez ere ezker abertzale zabal horren baitan.

Egia, aitortza eta erreparazio ekonomikoan dago oinarrituta lege hau. Eta justizia?

Lege honen gabeziarik handienetakoa da Estatuaren zati batek bakarrik onartzen dituela gehiegikeria horiek, Eusko Legebiltzarrak. Espainiako Gobernua ez da iritzi berekoa, nahiz eta bere menpe diren polizia indarrek egin dituzten eskubide zanpaketa gehien; areago, helegitea jarri zion lege honen aurrekari den polizia indarkeria arautzen duen 2012ko Jaurlaritzaren dekretu bati, eta EAEko Auzitegi Nagusiak dekretuaren hainbat alor indargabetu zituen. Ekainaren amaieran Barne Ministerioak iragarri zuen oraingo legearen hainbat alor Konstituzioaren aurkakoak izan zitezkeela eta bere horretan onartuz gero helegitea jarriko zuela. PPren borondatea, beraz, argia da: garaile eta garaituen eskemarekin amaieraraino, euskal bizikidetza Madrilgo arauen menpe uzteraino. Noiz arte onartuko dio euskal gizarteak etxekalte den eskema hori? Non ote dira “posiblearen” mugak mendeku eta kontrol eskema hori gainditzeko?

Egia, aitortza eta erreparazio ekonomikoan dago oinarrituta lege hau. Eta justizia? Ez dago lege honen esku. Giza eskubideetan eta etikan baino, arrazoi politikoetan oinarritutako irizpideen ondorioz, legeak ez ditu ETAren biktimak eta estatuarenak parekatu nahi, eta bere oinarritik lortzen du hori: etakide batek 40 urte pasa ditzake espetxean herritar bat hiltzeagatik; herritar bat hil zuen guardia zibila epaitua ere ez da izango. Lege honek 1976 eta 1999ra arteko eskubide urraketak biltzen ditu, baina 1999koak baino lehenagoko gehienak preskribatuta daude; 1981eko atentatuengatik auziperatzen ari dira oraindik etakide ohiak. Nola sinetsi legea berdina dela guztientzat? Ezin da.

Horrez gain, 1999az geroztik egindako eskubide urraketak ez ditu kontuan hartuko lege honek, Espainiako justiziaren balizko ikerketekin topo egin dezakeelako. Estatuko botere nagusien borondatea kontuan hartuta, dena esanda dago. Hurrengo baterako utzi beharko da. Eusko Jaurlaritzak enkargatutako ikerketak ezagutarazitako Estatuaren 4.000 torturatu horiek bezala, hurrengorako. Eta hala ere, lege honek Estatuaren biktima ugariren samina baretuko du.

Azken lerro hauek baliatuko ditut Gazteluko Plazatik izeneko sail honen amaiera iragartzeko. Oporretara goaz eta irailetik aurrera ez da aldizkari honetan izango. ARGIA.eus-eko izen bereko blogean jarraituko dut hemengo analisi eta hausnarketekin. Edo beste era batera aldizkarian bertan. Batzuetan asmatuz eta beste askotan guztiz okertuz, orri honek izugarri erakutsi dit kazetariaren jardunean zein garrantzitsua den norberaren independentziatik idaztea, eta idaztea irakurlearentzat. Independentzia ez da mito bat. Mila esker lerrook jarraitu dituzuen guztioi eta datorren zutabe, erreportaje edo elkarrizketara arte.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Polizia
Mbolo Moye Doole plafatormak elkarretaratzea deitu du, manteroen aurkako arrazakeria eta indarkeria poliziala salatzeko

Plataformak salatu du indarra neurriz kanpo erabiltzen dela migratzaileen eta arrazializatuen aurka, eta saltzaile ibiltarien aurkako jazarpena etengabe egiten dela, batez ere turismo handiko garaietan, oporraldietan.

Manifestazioa egingo dute ostegun arratsaldean, 19:30ean,... [+]


2024-04-15 | Aiaraldea
Ertzaintzak bi lagun atxilotu eta 22 identifikatu ditu Urduñan

Agintaritzaren aurkako atentatua egitea leporatu diete bi atxilotuei. Ertzaintzak adierazi duenez, bi polizia agente zauritu zituzten igandeko operazioan. 


Beasaingo bi udaltzain zauritu dira komisarian suzko arma batekin tiro eginda

Tiroa “ustekabekoa” izan zela adierazi du Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak. Batek belaunean zuen zauria eta besteak eskuan.


Eguneraketa berriak daude